4 EGUN ERROMAN

21 EGUN TURKIAN

           Ikusi mundua. Edozein amets baino fantastikoagoa da. 
(Ray Bradbury)

2019ko udan 21 eguneko bidaia antolatu genuen Turkiatik. Nire ahizpak beti joan nahi izan zuen, beraz bere ametsa behingoz betetzera gindoazen.
Turkia, bi kontinentek, Europa eta Asiak, bat egiten duten herrialdea eta aldi berean, Bosforoko itsasartearen bidez banatzen dena. Bere historiagatik, geografia aberats eta askotarikoagatik eta bere jendeagatik nabarmentzen da, beti keinu atsegin bat dutenak. 
Bidaiaz gozatzen hasi aurretik, zuk begiak itxita deskubritzea nahi dut. Horretarako, 
zehatz-mehatz antolatutako bidaiaren emaitza aurkezten dizut. Sarrera honetan egunez eguneko ibilbidea irakurriko duzu:
 Uztailak 26                       IZMIR
 Uztailak 27                       ALACATI +  IZMIR
 Uztailak 28                       KUSADASI
 Uztailak 29                       SELÇUK (EFESO)
 Uztailak 30                       SELÇUK + PAMUKKALE
 Uztailak 31                        FETHIYE+ KAYAKÖY 
 Abuztuak 1                       OLÜDENIZ + FETHIYE
 Abuztuak 2                      KAS + KALKAN
 Abuztuak 3                      ÜCAGIZ + KEKOVA + KALEKÖY
 Abuztuak 4-5                  ANTALYA
 Abuztuak 6-9                  ANTALYA+  KAPADOZIA
 Abuztuak 10                     HEGAZKINA ISTANBULERA  
Abuztuak 11-14                  ISTANBUL
Abuztuak 15                      HEGAZKINA ETXERA
Pozik irten ginen Bilboko aireportutik Istanbulera (Madrilen eskala eginda) eta 16:25erako bertan geuden. Diru pixka bat aldatzeko aprobetxatu genuen, horrela zerbait izateko. Gure bidaia ez zen Istanbulen hasten, beraz, Izmir edo Esmirnarako hegaldi bat hartu genuen eta 20:30ak aldera iritsi ginen. 
Adnan Menderes aireportutik hirigunera joateko, metroz joatea aukera ona da. Dena oso ondo seinalizatuta dago, gutxi gorabehera 16TL prezioarekin.
Garraiatzeko "3-5 Bilet"a behar duzu. Salgai dago 2, 3 edo 5 ibilbiderako erakusmahaietan. Txartela errekargatzeko makinek ez dute dirua itzultzen. Sartzen duzun billetea makina geratzen da. Beraz kontuz!



ZER IKUSI? EGUNEZ EGUN.

1. EGUNA (GAUA IZMIRREN)
Izmirreko hotelera joateko, bi metro-linea hartu genituen: urdina eta gorria, eta Basmaneko geltokian jaitsi ginen.
Imajinatu gauez, gure motxila astunekin eta norantza joan jakin gabe. Eta hori, dena idatzita eta ondo begiratuta eraman genuela! Turkiar lurra zapaltzean sentitu nuen lehen inpresioa kaosa izan zen. Beste kultura bat, beste hizkuntza bat, beste begirada batzuk...
Metro inguruko kaleetatik ibiltzen hasi ginen. Bagenekien hotela metroaren ahotik oso gertu geratzen zela, baina oso desorientatuta geunden (iritsi berriak ginen eta gaua zen, logikoa).
Gizon on batek gure aurpegiak ikusita, nora gindoazen galdetu zigun. Hoteleko helbidea esan genion eta haren atzetik abiatu ginen 
kalexketan barrena, terrazetan zerbait hartzen ari ziren gizonen begiradapean, kalean emakume gutxi baitzeuden.
Polizia zela esan zigun (horrek lasaitu gintuen) eta... voilà! Gure hotelaren aurrean agertu ginen.
Ez dakit zenbat aldiz eman genizkion eskerrak gizon zintzoari. Hotelean geunden!
Ostatua: Susuzlu Seckin Hotel
Check-in-a egin ondoren eta askoz lasaiago, hoteleko kalera jaitsi ginen jateko toki baten bila. Lokal batean jan genuen kebab zoragarri bat. Ni ez naiz kebab-zalea eta oso gutxitan jan dut, baina hau izugarri gustatu zitzaidan.
Ohera joan eta atseden hartu behar nuen.

2. EGUNA (ALACATI- IZMIR)
Gosaltzera jaitsi aurretik, esnatu eta jantzi egin ginen. Atzo gauean egiten zuen beroa ikusita, soineko beltz motz baten alde egin nuen, baina gosaltzera joan eta kalera begiratzean, jendea nola jantzita zihoan ikusita, gelara igo nintzen arropaz aldatzera. Bart gauean, inguru honetan ez zegoela turista askorik sentitu nuen. Beraz, hobe oharkabean pasatzea.
Aldatu eta motxilak hartu ondoren, metrorantz abiatu ginen. Gaur Alacatira joateko asmoa genuen.
Linea gorriarekin Fahrettin altay geltokiraino joan ginen, autobus geltokia oso hurbil geratzen delarik. Gasolindegirako norabidean egin beharko duzu eta bigarrena eskumara egin.
Autobusa 20LT izan zen.
Bus terminalean jaitsi ginen Ilica hondartzara joateko. Paseotxo bat eman ostean, erdigunera joatea erabaki genuen. Nahiko urrun dago oinez joateko, beraz aukerarik egokiena dolmusa, minibus lokala, hartzea da (D batekin seinalizatuta daude). Prezioa: 4LT.
Alacati Çesmeko auzo bat da eta Turkia osoan ezaguna da erdiguneagatik; izan ere, bere arkitekturak Greziako hirien antza handia du, zuri eta urdin koloreko harrizko etxeekin eta gainera dendez, kafe dotorez eta Egeoko sukaldean espezializatutako jatetxeez goza dezakezu. Oso itxura ona zuen jatetxe batera joan ginen bazkaltzera. Pasta plater bana jan genuen eta ez zen hain merkea izan...

Izmirrera autobusa hartzeko geltokia erdigunetik oso gertu geratzen zitzaigun eta garaiz joan ginen ondo informatzeko. Geltokiko langile jator batek informatu gintuen, autobusera igo arte guri begira izan genuena. Elkarri agur esan eta leihotik agurtu gintuen autobusa martxan jarri zenean.
Izmir erdian gelditu ginen zentrotik ibiltzeko eta hiria pixka bat ezagutzeko.
Turkiako hirugarren hiririk garrantzitsuena da. Bisitatzeko nahikoa da egun erdiarekin, ez dauka askorik ikusteko.
Konak Meydani hiriko plaza eta erdigunea da. Plazan, 1901ean morisko estiloan eraikitako Erlojuaren Dorrea nabarmentzen da. Udaletxea eta Konak Camii meskita ere badaude, azuleju esmaltatuez estalita.
Gero, bazarretan barrena ibili ginen, imitazio dendak ziren gehiengoak. Azkar atera ginen handik eta portura joan ginen paseatzera metroa hartu eta gure hoteleko kalera joan baino lehen. Hemen egon nahi genuen ilundu baino lehen, lasai afaltzeko. Kebab bat erosi eta ayran delakoa probatu genuen, jogurtarekin, urarekin eta gatzarekin egindako Turkiako edari tradizionala. Hau izan zen bidaiako lehen ayrana... Ezingo nuke esan egunean zenbat hartzen nituen, pena momentuan ez apuntatu izana bidaia osoan zenbat edan nituen jakiteko.
Gabon!💤💤

3. EGUNA (KUSADASI)
Gustura egin genuen lo eta gustura gosaldu ere. Ordua zen Izmirri agur esan eta hurrengo helmugara joateko: Kusadasira. 
Izmirretik Kusadasira joateko, trena (Izban lineakoa) hartu dezakezu Selçukeraino eta gero minibus bat (dolmusa) Kusadasiraino. Dolmusa Selçukeko informazio bulegotik hurbil hartzen da, zehazki Selçukeko plaza gurutzatu eta ezkerrera eginda. 
Prezioa: 8LT 
Eguerdirako iritsi ginen Kusadasira, txorien uhartera eta taxi bat hartu genuen hotelera joateko.
Ostatua: Baris Suite Hotel
Check- ina azkar egin genuen eta kalera atera ginen jatetxe baten bila. Erdi hutsik zegoen bat aukeratu genuen, erdi hutsik ez, hutsik. Mahai luze bat baino ez zegoen beteta, baina jatetxeko jabeek eta familiak okupatuta zuten. Denbora asko behar izan zuten zerbitzatzeko, haietaz arduratu ginen eta hori, jateko inolako konplikaziorik gabeko platerak eskatu genituela.
Azkenean bazkaldu eta martxan jarri ginen zentroa bisitatzeko. 
Lehendabizi, Pigeon Islandera joan ginen. Txorien uhartea esan nahi du, bertan bizi diren hegazti ugariengatik. Otomandar garaian helburu militarretarako erabili zen eta oraindik gaztelu bat ikus daiteke. Sarrera doakoa da eta museo batekin eta lorategi polit batekin topo egingo duzu.
Oso herri polita iruditu zitzaigun, gauez animatua gainera. Paseatu eta alde zaharra bisitatu genuen, bere bazarrekin eta Kaleiçi meskitarekin.
Egiten zuen beroarekin hondartzara joatea erabaki genuen, 
baina lehenik izozki gozo bat jan genuen "Ozsut Kusadasin". Arropa aldatu eta 5. dolmusa hartu genuen Ladies beach-era joateko (erdigunetik 15 minutura oinez).
Ez ginen denbora luzez egon, jende asko eta hondartza zikin bat iruditu zitzaigulako. Ez dizuet gomendatzen honetara joatea.
Oinez itzuli ginen hotelera arte dutxatzeko eta hondartzako arropa guztia lehortzen jartzeko. Ilunabarrean, giroaz disfrutatu bitartean, zerbait afaldu genuen portuan.
Vietnamgo bidaian bezala 
(haur bat eta amona igerilekuan itotzetik), oraingo honetan ere bizitzak salbatu nituen, nire funtzioarekin jarraituz. Oraingoan nire ahizpari, aparkatzeko hesi automatiko batek jo eta bitan zatitzea saihestu nuen. Denetara egon behar da...
Terrazita batean afaldu genuen biharko eguna prestatu bitartean. 
Jakin portuan jatetxe ugari daudela arraina jateko, giro ederrarekin.
Ez ginen berandu joan atseden hartzera.

4. EGUNA (SELÇUK)
Goiz gosaldu genuen hotelean. Gaztetxo talde batekin gosaldu genuen, bazirudien ez zutela egunetan jan. Uste dugu ikasketa bidaia batekoak zirela. 
Prest geunden. Hurrengo helmugak ilusio handia egiten zidan, Efeso bisitatzera gindoazelako.
Kusadasitik Selçukera joateko, hainbat aukera dituzu: taxia edo dolmusa. Guk dolmusa aukeratu genuen, 30 minutu inguruko ibilbidea eginez.
Iritsi bezain laster hotelera joan ginen oinez, ez baitzegoen bus-geltokitik urrun. Kalexka artean ibili ginen gure hotela aurkitu arte. A ze hotela! Gure egonaldiaz asko gozatu genuen 🏩. Guztiz gomendagarria, kokapen bikainarekin.
Ostatua: Ena Serenity Boutique Hotel
Goiz heldu ginenez, logela ez zegoen prest, baina ekipaje guztia han utzi eta Efesorantz abiatu ginen.
Efeso, Mediterraneoko erromatar gunerik aberatsenetako eta hobekien kontserbatutakoetako bat da. Erromatarren garaian, Efesoko biztanleria 225.000 biztanlera iritsi zela esaten da. Hiriaren ondoz ondoko gainbeheraren arrazoietako bat itsasoaren atzerakadak markatu zuen eta beste arrazoi bat malaria bezalako gaixotasuna izan zen.
Efeso bisitatzeko, posible da Selçuketik oinez joatea. Baina gu dolmusean hurbildu ginen bertara 3.5 liren truke.
Hona hemen gomendio batzuk:
Bisita osoa egiteko egun oso bat behar da.
Ordutegia: 8:30etik 19:00etara
Prezioa: 72 lira. Ez zen jende askorik egon sarrerak erosteko.
Ura eraman eta arropa egokia eguzkitik babesteko. Barruan edariak saltzen dituen postu bat dago,  baina nahiko garestia iruditu zitzaigun.
Bisita Arcadia bidetik hasi genuen. Portutik antzokira zeraman kalerik ospetsuenetako bat izan zen.
Bero jasanezina egiten zuen, benetan erre egiten zuen. Baina Antzoki Handirako bideari jarraitu genion. Hiriko eraikin honek 25.000 ikuslerentzako edukiera zuen. Harmailen bukaeraraino igotzea gomendatzen da, Arkadia bidearen eta hiriaren ikuspegiek gogotik konpentsatzen baitute ahalegina.

Marmolezko bidetik jarraituko duzu bisita. Erditik lurpeko isurbide bat igarotzen da, irekigune batetik ikus daitekeena eta laster batean, agora komertzialean egongo zara, Efesoko merkataritza-gunean.

Puntu honetan, zuhaitzen itzalpean zerbait jateko paradatxo bat egin genuen. Aurreko egunetan supermerkatu batean erositako fruta eta beste gauzatxo batzuk jan genituen. Ondo etorri zitzaigun eguzkitik pixka bat babestea, ondo jotzen baitzuen, ondo ondo.
Eta hemen dator hiriko perlarik handiena... Celsoko liburutegia. Fatxadan Jakinduria, Bertutea, Adimena eta Zientzia irudikatzen zituzten estatuen kopiak daude. Barrualdean, liburutegiko gela zegoen. Haren mendebaldean Zelsoren hilobia zegoen, pribilegio handi bat, normalean ez baitzen inor lurperatzen hiri barruan, baizik eta nekropolietan kanpoan.
Freskagarri bat edan ostean, Kureteen bidetik gora egin genuen. Kureteen bidetik igotzen zaren bitartean, Adrianoren tenplua (fatxada bakarrik), joniarra, ikus dezakezu. Arku handi bat dauka, Medusaren buruarekin apaindua, garai hartan izpiritu gaiztoak uxatzeko erabilia edo Trajanoren iturria ere ikus dezakezu.
Dena ikusita, dolmusean itzuli ginen herrira. Hotelera joan ginen atseden pixka bat hartzera eta hotelerako bidean zegoen supermerkatu batean erositakoa jatera. Gose ginen, nabari zen eta nekea ere bai, beraz siestatxo bat egin genuen.
Arratsaldeko 18:00ak aldera Artemisako Tenplura joan ginen oinez. Antzinako munduko zazpi mirarietako bat da. Sarrera doan.
Hemendik gure azken bisitara joan ginen: Isa Bey Camii. Estalaktitaz apaindutako ate bikain batetik sartzen da. Emakumeok estaltzeko arropa bertan eskuragarri dugula jakin. Gainera, koranaren ale bat har dezakezu doan.
Atseden hartzeko eta herriaz gozatzeko ordua zen. Plazaraino joan ginen eta terrazatxo batean eseri ginen zerbait hartzera eta gure inguruaz gozatzera. Zer sentsazio atsegina! Bakean sentitzen nintzen, lasai, neure buruarekin konektatzen ari nintzen berriro. 
Maite dut jendea erreparatzea, bertokoak, bere egunerokotasunean, orduak egon nintekeen. Gainera plazatxo honek badu beste xarma bat, antzinako erromatar akueduktuaren hondakinak, tokiari oso ukitu berezia ematen diona. Tarte ederra egon ginen han, berriketan, begira, behatzen, ametsetan... goseak hilik egon arte eta Tripadvisorren aurkitu genuen jatetxe batera joan ginen arte (nire ahizpa oso arakatzaile ona da).
Jatetxea: Old House restaurant
Leku atsegina eta lasaia aukeratu genuena. Hummusa, kebab berezi bat eta manti (jogurtarekin zerbitzatutako ravioliak, espezia sorta batekin) probatu genituen.
Afalostean, hotelera joan ginen. Bihar goizean, Selçuketik bisitazea falta zitzaiguna ikustera gindoazen.

5. EGUNA ( SELÇUK + PAMUKKALE)
Esnatu, dutxatu eta bi erregina bezala gosaldu genuen hotelean. Denetik ekarri ziguten gosarian, ez zen ezer falta. Beteta nengoenez eta gazta pixka bat soberan nuenez, katu bati zatitxo bat ematea erabaki nuen. Ematera joan nintzenean, jauzi egin eta katuak eraso egin zidan 🤣🤣. Pixka bat esajeratu dut... baina bai, urratu bat jaso nuen.
Goizeko 9.30etarako Ayasuluc gazteluaren aurrean geunden. Bizantziarrek eraiki zuten V. mendean. Goiztiarrenak izan ginen, antza, ez zegoelako inor. Lasai asko bisitatu genuen gaztelua, edo, hobeto esanda, gazteluaren hondakinak. Alboan San Joan basilikaren hondakinak ere ikus daitezke. 
Prezioa: gaztelua + basilika (18 lira)

Agur, Selçuk, asko gustatu zaigu! Autobus-geltokira joan ginen hiriz eta hotelez aldatzeko. Zain geneukan "kotoizko gaztelua" bezalako leku bat, kaltzitazko ur-jauzietan kristalizatutako kare- formazio ikusgarrietatik datorrena, herria aparteko edertasuneko toki natural bihurtzen duena. Pamukkaletaz ari gara, gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok 1988an.
Selçuketik Pamukkalera joateko "Pamukkale" enpresako busean joan daiteke (3 ordu ingurukoa) eta 42 lira balio du.  Oso erosoa iruditu zitzaigun autobusa, gainera ura eta gailetak banatzen dituzte. Autobusa Denizliko geltokira doa eta bertan dolmusa hartu behar da Pamukkaleraino (4.5 lira).
Eguerdirako heldu ginen eta autobusak hoteletik nahiko gertu utzi zigun.
Ostatua: Koray Hotel
Igerileku bat erdiko patioan eta inguruan gelak. Egia esateko, gelak zaharkitu samarrak zeuden, baina gau bat igarotzeko ondo zegoen. Besterik gabe.
Dena gure gelan utzi eta igerileku naturaletarantz abiatu ginen. Denbora asko galdu nahi ez genuenez, kebab bat erosi eta esparrura sartu aurretik irentsi genuen.
Ordutegia: 9:00etatik 21:00etara
Prezioa: 60lira
Eguneko txangoa izan daiteke, egun erdian hiri zaharra eta igerileku naturalak bisitatu daitezkeelarik.

DATU GARRANTZITSUAK

-Ez ahaztu eguzkitako betaurrekoak, krema eta txanoren bat eraman burua estaltzeko.

-Oinetako erosoak eraman, jantzi eta kendu ibiliko zarelako, putzuetatik ibiltzeko.

-Eraman bere janaria hor barruan erosi nahi ez bada.


Sarrera zeharkatu ondoren eta gorantz jarraituz, harri zurizko terrazak eta ur termalak topatuko dituzu. Ur termaletan bildutako kaltzioa urteetan zehar prezipitatu denez, formazio natural oso bitxiak sortu dira, terrazaz eta ur termaletako igerileku naturalez betea. Haietara sar zaitezke eta busti.
Goraino igotzen zarenean, zoaz eskuinerantz. Igerileku naturalen begiratoki handi bat ikusiko duzu han. Hemen daude nire ustez bistarik onenak. Guk ilunabarra bertatik ikusi genuen eta askoz jende gutxiago zegoen.
Kontuz! Zoruak, oro har, ez du laban egiten, baina min egin dezake bere gogortasunagatik. Aurreko argazkia ateratzeko igerilekuetara jaitsi behar izan nuen, eta hor irrist egiten zuen, nik zapaldu nuen lekuan behintzat. Bai eta ipurdiz behera erori nintzen. Hau izan zen nire aurpegia jaikitzean... 
Ni bustita eta nire ahizpa argazkiak ateratzen...
Ni freska-freska eta nire ahizpa barrerari ezin eutsi, Hierapoliserantz abiatu ginen. Pamukkale mendiaren tontorrean zehar zabaltzen den hondakin multzoa da. Erromatarrek leku zoragarri hau ikusi zuten eta hainbat erabilerarako baliatu zuten. Lehendabizi, Kleopatraren igerilekura hurbildu ginen. 37ºC-ko ura biltzen du eta urpean zutabe zati batzuk daude. Guk kanpotik bakarrik ikusi genuen eta ez ginen sartu (ordaindu egin behar da). Lekua, egia esan, oso polita da, baina oso ondo zaindutako igerilekua besterik ez da. 
Aurrerantz egin genuen eta Apoloren tenplura hurbildu ginen. Hierapolisko santutegirik garrantzitsuena da, hiriko zaindariari eskainia.
Maldan gora eginda, antzokira iritsi ginen. 50 harmaila-ilara dituen antzoki ondo kontserbatua da. Bikain apainduta dago zutabe, dekorazio eta estatuekin.
Hierapolisen ikusitako azken gauza, hiriko hiru ateak izan ziren bakoitza garai historiko batekoa: iparraldekoa, bizantziarra; hegoaldekoa, erromatarra eta ospetsuena, Domizianoko atea. Ez genituen hirurak ikusi, ez baikinen ibili banan- banan bilatzen, baina jakin hortik daudela 😉.
Orain Nekropoliko zatia bisitatzeke genuen. Forma eta tamaina desberdineko 1200 hilobi baino gehiago daude, K.a. II. mendekoak. Garai bateko Hierapoliseko sendaleku ospearen ondorio da, bertara erromatar inperio osoko gaixo aberatsak etortzen zirelarik.
Arazoa da ezinezkoa dela dena oinez ikustea, aldapa asko daudelako eta bidea luzea delako. Nekropolitik eramaten zaituzten minibusak daudela jakin (ez dakit prezioa). Gu aspertu arte ibili ginen eta buelta erdia eman genuen ilunabarra ikustera ikusteko sasoia heldu zenean.
Herriak berak ez du ezer ikusteko. Hala ere, esparrutik irtetean, buelta bat ematea erabaki genuen. Nabari zen jendea igerilekuetara bakarrik joaten zela eguneko txango gisa eta gero autobusez itzultzen zirela, herrian zehar oso turista gutxi gurutzatu baikenituen, igerilekuetan gurutzatu genuen jende guztiarekin alderatuta. Hotelera joan eta gauez egin aurretik, pizzeria batean afaldu genuen.

6. EGUNA (FETHIYE+KAYAKÖY)
Maletak eta dutxak gauez egin genituenez, gosaltzea besterik ez zitzaigun geratzen. Denetik pixka bat gosaldu genuen, erleak, hori bai, eztiaren bila zebiltzaten bitartean.
Nora goaz?? Fethiyera.
Denizlitik (Pamukkale) Fethiyera joateko aukerarik onena autobusez joatea da, guk "Göltur konpainia" aukeratu genuelarik (3h eta erdiko iraupena/ 40 lira). 
Denizliko autobusera igo aurretik, banketxe batera joan ginen dirua aldatzera, oso gutxi geratzen baitzitzaigun.
Fethiyen autobusek erdigunetik nahiko urrun uzten zaituzte; beraz, dolmusa hartu genuen gure hotela zegoen zonalderaino. 
Autobusak utzi zigun tokitik hoteleraino oinez joan ginen eguzki betean. 
Ostatua: Ideal Pansiyon
Egia da. Hotelak duen gauza on bakarra bere kokapena da, portuan dago eta edozein lekutara oinez joan zaitezke.
Lehen begiratuan Fethiye asko gustatu zitzaigun, bibrazio onak eman zizkigun. Ekipaje guztia utzi eta hoteleko jabearen gomendioak entzun ondoren, zerbait jan genuen bazarrak dauden ingurutik eta eguzkiak gehien estutzen zuenean, Amintasen hilobietara abiatu ginen. Oinez joan ginen haraino, poliki-poliki joan ginen, presarik gabe. Gutxi gora behera zentrotik 10 minutura dago.
Uauu!😲😲 Asko hunkitu ninduten k.a. IV. mendeko labar-hilobiek.
Fatxadak greziar tenplu forma du, bere zutabe joniarrekin eta apainduriko frontoiarekin.
Sartzeko ordutegia: 8:00etatik 19:00etara.

Prezioa: 5 lira. Aurreztu nahi baduzu, geratu kalean, bertatik ikusten direlako.
Bisitaren ondoren, arratsaldea Kayaköy herri fantasma bisitatzeko aprobetxatzea erabaki genuen. Herrira eramaten zaituen autobusa Öludeniz hondartzara doan bera da eta bertan geldialdi bat egiten du (Gaffar Okan eta 95 Fethiye kaleen bidegurutzeetan irteten dira autobusak).
Lurrikara batek suntsitu zuen herria eta 1923an abandonatua izan zen 
bere hiru eliza, gaztelu eta 500 etxe abandonatuekin. Kayaköy hiri hutsaren atzean beti izan dira mamu eta madarikazioen zurrumurruak. 
Herri kurioso honetan, ibili eta ibili zaitezke.
Prezioa: 7 lira. Ez zaitez sartu sarrera nagusitik. Gu bertatik sartu ginen eta ordaindu beharra izan genuen, baina bakarrak izan ginen. Sarrera ugari daude ordaindu gabe sartzeko.
Itzuleran Fethiyeren erdigunetik ibili ginen, dendaz, bazarrez eta jatetxez beteta dagoelarik. Erosketa txiki batzuk egin genituen eta terraza batean eseri ginen zerbait hartzera eta opiltxo bat jatera, itsas pasealekuari begira.
Horrela amaitu genuen eguna.

7. EGUNA (Olüdeniz)
Egunon! Ez generaman egun asko bidaian, egun dexente geratzen zitzaizkigun oraindik, baina ordura arteko bidaia nahiko gogorra izan zen. Mugitzen eta lekuz aldatzen ibiltzeak nekatzen du. Baina oraindik energia geneukan. Zazpigarren eguna hondartza batean deskonektatzeko eta eguraldi onaz gozatzeko aprobetxatu genuen.
Horretarako, autobusa hartu genuen Öludenizera joateko. Hondartza ordainpekoa da (7TL) eta 18:00ak aldera itxi ohi dute. "Itxaso hila" esaten zaio itsasotik harezko duna batek bereizten duen urmaelagatik. Guretzat itsasoaren aldea askozaz ere hobekiago dago lakuaren aldea baino.
Etzaulkiak, dutxak, komunak eta txiringitoak ere baditu.
Ur ertzean etzan ginen, harri txikiko hare horretan, ur gardena aurrean genuela eta zerua parapentistaz beteta. Parapentea egiteko lekurik onena dela diote. Nahiko motibatuta eta bero egon ginen, baina etzanda hobeto geunden, eta ni, horrelako zerbait egiteko, mentalki prestatu behar naiz. Egun batean probatuko dut, baina oraingoan ez... 
Arratsaldera arte ez ginen handik mugitu, argazkirik atera gabe, telefono mugikorretatik tiratu gabe. Gure motxiletatik eguerdian atera genuen gauza bakarra, gure janaria izan zen, goiz horretan erosi genuena.
Saklikenteko parke nazionalera joateko asmoa ere bagenuen, ur-kanoi batera. Baina bidaia hauetan askotan ez du astirik ematen dena ikusteko eta hobe da gutxiago ikustea, baina benetan gozatzen. Beraz, beste baterako utziko dugu.
Erdigunera joan baino lehen, hotelera joan ginen dutxatzera eta arropa lehortzera. Bihar alde egin beharra geneukan hotel honetatik eta komeni zitzaigun arropa lehor uztea, arropa buztiak ez du ondo usaintzen eta.
Arrain azokara joan ginen ilunabarrean. Entzuna genuen badaudela jatetxe batzuk postuetan erosten duzun arraina prestatzen dizutela. 
Baina guk ez dugu inoiz kasurik egiten eta barazkien merkatura joan ginen. Eta zein aukeraketa ona egin genuena! Merkatu barruraino joan ginen eta oso jende gutxiko jatetxe txiki batekin egin genuen topo.
Jatetxea: Öztoklu restaurant
Arraina arrain merkatuan erosi eta momentuan egiten dizute. Kalitatezko janaria, prezio onean. Gainera, jabea oso emakume atsegina da. Berak esan zigun zer hartu eta eskatutakoaz gain, entsalada bat atera zigun. Bukatu genuenean, gurekin eseri eta gure bidaiaz hitz egiten aritu ginen eta hainbat gauzatxo gomendatu zizkigun. Euskal Herriaz eta familiaz ere hitz egin genuen. Solasaldi lasaigarria izan zen, haren eta jatetxearen oroitzapen politak ditut.
Azken buelta herritik zehar eta agur esatea tokatzen zen.

8. EGUNA (KAS+ KALKAN)
Gosaldu, bizkarrera motxilak kargatu eta berriz autobusera Kalkanera joateko. "Bati Antalya" konpainiako autobus bat hartu genuen eta 20 lira kostatu zitzaigun. Txoferrak Kalkaneko autobus geltokian utzi gintuen. Kostata aurkitu genuen hotela, geltokitik nahiko gertu, baina nahiko ezkutuan.
Ostatua: Kelebek hotela
Oso gomendagarria alderdi guztietan. Hamarreko logela, kostaldera eta igerilekura begira, gosari oso anitza eta ugaria, dena garbi...
Autobusa hartu eta Kasera joan ginen. Herrien artean mugitzeko dolmusak daude, oso errazak hartzeko.
Bisitarekin hasi aurretik, oso jende gutxi zegoen jatetxe batean bazkaldu genuen, baina janaria oso ondo zegoen. Ondoren, informazio bulegora joan ginen, herritik bisita genezakeena jakiteko, ez baikenuen informazio larregirik.
Kale nagusitik gora egin genuen hilobi monumentuarekin topo egiteko.
Baina, gainera, alde zaharretik gertu dagoen muinotxo batean ezkutatutako hilobiak ikustera joan ginen. Jakin-mina genuen, eta mendian gora joan ginen hilobietaraino. Egia esan, ingurua nahiko zikin zegoen, botiloi aldea zirudien. 
Kasetik paseatzen jarraitu genuen bere merkatutik pasatuz eta antzerki helenistikora helduz. 26 harmaila-ilarak osatzen dute eta atzean hilobi ugari daude, gauez argiztatzen omen direnak.
Portura iritsi eta zerbait hartzera joatea erabaki genuen. Terrazatxo batean eseri ginen zuku freskoa hartzeko eta nik komunera joateko aprobetxatu nuen. Itzuleran, nire ahizpa 
erromes-adaxkaren antzeko zerbait saltzen ari zen andre batekin aurkitu nuen. Ulertuko duzunez, antzarak ferratzera bidali genuen eta une horretan uste dut begizkoa egin gintuela, zerbait xuxurlatu baitzuen. Une horretan hasi zen bidaia hankaz gora jartzen eta zorigaiztoko gauzak gertatzen... Pixkanaka dena kontatuko dizuet.
Eulia belarri atzean genuela, Kalkanera joan ginen. Arratsaldea aprobetxatu genuen herritik paseatzeko eta biharko txangoa hartzeko.
Kalkan Kas baino askoz politagoa iruditu zitzaigun. Arrantzaleen herria da, muinoaren hegalean dagoena. 
Interneten ikusi genuen jatetxe batera joan nahi izan genuen afaltzera. Baina beteta zegoen... Egia esan, turista asko eta giro ona zegoen kaleetatik.
Gure hotelaren ondoko jatetxe batean afaltzen amaitu genuen, jatetxe honek atentzioa deitu baitzigun. Egurrezko etxetxo bat bezalakoa zen eta sartzean sorpresa atsegina hartu genuen, afaltzeko mahaiak zituen lorategi txiki bat ikusterakoan. Bero handia egiten zuen, baina gustura eta lasai afaldu genuen.

9. EGUNA (ÜCAGIZ, KEKOVA ETA KALEKÖY)
Gosaldu ondoren, "Mediterranean travel" agentziakoak gu jasotzera etorri zitzaizkigun goizaldeko 9:00tan, aurreko egunean kontratatu genuen itsasontziko txangoa egiteko.
Prezioa: 140 lira.
Autobusez eraman gintuzten Ücagizko porturaino eta turista gehiago zituen itsasontzi handi batera igo ginen (inork ez zuen gaztelaniaz hitz egiten). Itsasontziak bi solairu zituen: beheko aldea jangela eta taberna zen eta goiko aldea koltxonetaz beteta zegoen, eguzkia hartzeko. Eseri, bainujantzian jarri eta pixka batean etzan ginen eguzkiaz gozatzeko. 
Itsasontzitik ur kristalinoei bakarrik begiratzen genien, denbora gelditu izan balitz bezala.
Kekovatik pasatu ginen. 1990etik eremu babestua da eta debekatuta dago uhartea zeharkatzea edo uretan igeri egitea. Izan ere, urpetan hilobiak daude. Itsasontzitik jaitsi ezin bada ere, bertako ura hain da argia, non hondakin asko gainazaletik ikus baitaitezke.
Aurrerago, itsasontziak geldialdi bat egin zuen (ez dakit itsasoko zein puntutan) igeri egin eta esnorkela egin ahal izateko. Bi aldiz pentsatu gabe joan ginen uretara. Igeri egiten ibili ondoren, atseden hartu eta oina jotzen genuen zonalde bat topatu nahi genuen. Harkaitz batzutara hurbildu ginen eta hemen hasi zen gure abentura. 
Harkaitzean eseri nintzen eta ahizpa esertzera animatu nuen, atseden har zezan. Harri horretatik jaiki nintzenean, ipurmasailetan erremin bat nabaritzen hasi nintzen, baina ez nion garrantzirik eman. Mina nuen, baina igerian jarraitu genuen ontzira igo arte.
Bustita, besteekin jaten hasi ginen. Hor ere enbarazuak jarraitzen zuen, baina ez nengoen kezkatuta. Benetan kezkatu nintzen ahizpa ere kexaka hasi zenean, nik nirea berari kontatu gabe. Biok ixilik, gure koltxonetetaraino joan ginen etzateko.
Niri eskuineko hanka lokartzen hasi zitzaidan, ia ezin nintzen mugitu eta nire izterraren zainetako bat sumatzen nuen sutan. Nire ahizparen sintomak berdinak izan ziren, baina beste hankan. Hemen, ahizpa hain gaizki ikustean, urduri jartzen hasi nintzen eta gure bizitzako azken orduak zirela pentsatzen hasia nintzen. Etxera deitzea ere pentsatu nuen... Egia esan, bizitza konpainia onean eta leku zoragarrian amaituko zen. Ezin nintzen kexatu, ezta? Ala bai?
Txangoko gidariei komentatzea erabaki genuen, eta funtsean, ez zioten garrantzirik eman. Une horretan nire ahizpa zorabiatu egin zen...
Estualdian gaudenean, bera da lasai egoten dena eta lasaitzen nauena, baina orain niri zegokidan bare egotea. Lasaitu egin nintzen, ezkutuan negar egin nuen, arnasa hartu eta ahizpari lagundu nion gure koltxonetetaraino. Datuak konektatu nituen Google jaunari galdetzeko zer izan zitekeen, ez dakit zertarako begiratu nuen... 
Ahizpari gauzak kontatzen hasi nintzaion eta handik pixka batera enbarazu handirik ez nuela eta mina lasaitzen ari zela (gezur zikina) komentatu nion. Berari enbarazu egiten zion, eta niri ere bai. Pixka batean distraitu ginen, hanka pixka bat ahaztu eta inguruan genuenaz gozatzera behartu ginen. Gure aurpegiek pena ematen duten selfie batzuk atera genituen...
Berriro itsasoan sartzeko aukera eman ziguten eta erdi errenka joan ginen, baina oraingoan inongo harkaitzetara hurbildu gabe.
Jarraian, jantzi egin ginen Kaleköy historikoan geldialdia egiteko. Hemen oinez igo zaitezke gazteluraino (10TL) eta erromatarren eta bizantziarren garaiko gotorlekua esploratu, baina guk diru hori izozki batean gastatzea erabaki genuen. Ahuntz-esnearekin egindako izozki bat probatu genuen. Zein ongi, zein ongi!
Itsasontzira igo aurretik, eskumuturreko bat erosi genuen oinerako, ea begizkoa gainetik kentzen bazitzaigun (baina ez, zorte txarra arrastaka eramaten jarraitu genuen). Portuan eseri ginen oinak uretan genituela... hori bai bizitza! Orain, irribarrea geneukan ahoan.
Ontzira igo ginen eta ni brankan jarri nintzen, gizon batekin batera, itsasoari begira. Eta bat-batean dortoka 🐢🐢bat atera zen ur azpitik! Gu agurtzera etorri zen... Segundu gutxi batzuk izan ziren, baina ilusio handia egin zidan. Gizona eta biok elkarri begiratu genion eta irribarre egin genuen. Bidaia, dena den, aho-zapore onarekin amaituko zen.
Behin lehorrean, farmazia batera joan ginen eta gertatutakoa azaldu genion. Krema kortikoide bat eman zigun guk emateko (ipurmasail osoa gorri zegoen, granitoz beteta). Hotelera joan ginen dutxatzera eta etxekoekin hitz egiteko aprobetxatu genuen, datuak konektatzean nire zirtzilkeria ikusi baino lehen. Beldurtu eta lasaitu egin genituen. Oso gurea. Baina nik uste dut norbaiti kontatzeko beharra genuela, hustu...
Jantzi eta afaltzera eta tragoxka bat hartzera atera ginen. Oso ondo zegoen kalean, tenperatura ona eta giro onarekin.

10. EGUNA (KAPUTAS +  ANTALYA)
Lasai gosaldu, gela batu eta maletak harreran utzi genituen hondartzara gindoazelako. Kaputas hondartza aukeratu genuen, kala txiki eder bat, olatu askokoa, eskaileretan behera eginda iristen dena.
Laster joan beharra dago lekua hartzeko.
Dutxaz, bainugelaz, txiringitoz eta hamakaz hornituta dago.
Bero handia egiten zuen, ez zebilen airerik eta ni ez nintzen olatuengatik uretara sartzera ausartu, nahikoa izan nuen itsasertzean esertzearekin.

Kalkanera itzuli ginen zerbait jatera eta hoteleko igerilekuan denbora egin genuen Antalyarako dolmusa hartu aurretik. Guk minibus batean egin genuen, baina ez dizut gomendatzen, bidaia oso luzea delako (4 ordu inguru) eta ez delako oso erosoa.
Prezioa: 41 lira.
Antalyak gune historiko ederrenetako bat du, baina egun horretan ez genuen bisitatzeko denborarik, gainera gaua zen eta gure hotelera joateko gogoak besterik ez genituen. Taxi bat hartu genuen gure ostatura joateko.
Ostatua: Gold Coast Hostel
Harreragilearen txantxa (falta zitzaiguna)... Hotelean lekurik ez zutela komentatu zigun... imajinatu gure "poker" aurpegiak. Gure euskal zaina atera eta arazoa berehala konpontzeko esan genion. Aurrez aurreko gela batzuetara eraman gintuzten (bere lagun baten ostatu batera). Labezomorro bat ikusi nuen korrika... Baina ez geunden eztabaida gehiagotarako eta ez genuen kalean lo egiteko gogorik. Atea danbateko batez itxi genuen.
Ahal bezala dutxatu ginen eta hotelaren ondoan zegoen taberna batera joan ginen mokadutxo bat jatera.

11. EGUNA (ANTALYA)
Gure hotelean gosaldu genuen eta harreragileak esan zigun egun horretan gela bat libratuko zela guretzat. Hobe zuen...
Lara beach hondartzara joateko autobusa hartu genuen, TC93 edo KL08 hartu ahal da, biak hondartzara doaz.
Hondartza hau ez dizuet gomendatzen, pixka batean egon ginen.
Gure gelan kokatu ondoren, Kalei auzoa ezagutzera irten ginen, kale nahasiak eta hiriko etxerik zaharrenak dituen auzo zaharra. Kalez kale ibili ginen, dendatxoz eta jatetxez betetako kaleetan zehar, Kesik Minare topatu genuen arte. 1896an sute batek zurezko goialdea erre zuen. Yivli minaretetik eta erlojuaren dorretik ere pasatu ginen. Azken hau 1244an Antalyako defentsa- sistemaren zatia izan zen, egun hiriaren bihotz.
Alde zaharra asko gustatu zitzaigun eta hementxe ostatua  izateaz poztu egin ginen. Horrela luzatu ahal izan ginen pixka bat gehiago eta lasai afaldu genuen terraza batean.

12. EGUNA (ANTALYA)
Ondo deskantsatuta jaiki ginen eta azken pisura joan ginen gosaltzera. Nire ahizpa nahiko gaizki jaiki zen, tripako minez eta gogo txarrez (birus gastroenteritisa hurbiltzen ari zen). Lasa-lasai, goiza aprobetxatu genuen Antalya ezagutzeko oinez
Adrianoren atetik hasi ginen. Alboetan bi dorre karratu dituzten hiru arku ditu. Ezkerreko dorrean, 14 metroko altuera duena, erromatar jatorria baieztatzen duen inskripzio bat ikus daiteke.
Asko gosaldu ez nuenez, zuku bat hartu nuen Hidirlik Kulesira bidean ikusi nuen postu batean. Garai batean itsasargi gisa erabiltzen zen erromatar garaiko dorre polita hau. Bertatik dauden ikuspegiak bikainak dira.

Bazarretatik buelta bat eman genuen Antalyako porturaino joan aurretik. Hemendik Mermeli hondartzara joan zaitezke ordainpeko harmailadi batetik. 
Nire ahizpa hain zegoen leher eginda eta hain gogo txarrez, non taberna batean eseri ginen erlaxatzera eta atseden pixka bat hartzera.
Errepublikako Plaza eta begiratokiak baino ez genituen ikusteko. Errepublikaren plazatik, Cumhuriyet Meydan parkea dagoen lekutik, abiatzen da hiriko jarduera gehien duen merkataritza kalea. Hemendik oso gertu, begiratoki pare bat daude portuaren, antzinako hiriaren eta harresiaren gainean. Guztiz gomendagarriak!
Merkataritza-gunea izanik, buelta pare bat eman genituen norabide finkorik gabe eta gauzatxo batzuk erosi genituen, hala nola, selfie makila edo sandaliak.
Zerbait jan genuen inguruan, Antalyako egunei buruz hausnartzen ari ginela. Asko gustatu zitzaigun Antalya, oso handia denez ez zigun denborarik eman txangoren bat egiteko (Aspendos, Perge edo Termeso). Guk uste dugu hobe dela gauza bat ondo ikusi, bost eta gaizki ikustea baino.
Ilunabarrean, autobuserako hornidurak erosi ondoren, Kapadoziarako bus bat hartu genuen. Gau osoko ibilbide luzea genuen zain, bihar goizean iristekoak baikinen. 
Baina hau guztia aurrerago kontatuko dizut, Capadocciak eta Istanbulek beren sarrera propioa izango dute, merezi dutena.
Bisitatu Kapadozia eta Istanbul sarrerak informazio gehiago nahi baldin baduzu.
Honek jarraitu egiten du...