4 EGUN ERROMAN

3 EGUN KAPADOZIAN

                        Hiriak oinekin irakurtzen diren liburuak dira.

                                                        Quintín Cabrera

Hasteko... badakizu zer esan nahi duen Kapadoziak? "Zaldi ederren lurraldea" 🐴🐴.
Kapadoziak mirari natural paregabeak eta edertasun estetikoak eskaintzen ditu, irudimenetik haratago doazenak. Izan ere, duela milioika urte, orain desagertuta dauden sumendiek laba kopuru handiak bota zituzten eremu osoa estaliz. Gainera, euri-uraren xukatzeak eta haizearen efektuek formazio berezi batzuk sortu dituzte, eta "maitagarrien tximinia" deitu izan zaie, itxuraz magikoak direlako. 
Hemendik merkataritza ibilbide garrantzitsuak gurutzatu ziren, Zetaren Ibilbidea barne, eta, beraz, zonaldea kultura ezberdinen eraginpean egon zen. Erasoetatik babesteko, Kapadoziako biztanle berriek induskatutako mendigune harritsuetan eraiki zituzten beren etxebizitzak. Bizirauteko lur azpiko despentsak, ur biltegiak, upeltegiak eta otoitz gelak sortu zituzten.
21 egun Turkian sarreran esan bezala, ilunabarrean, autobuserako hornidurak erosi ondoren, Kapadoziarako bus bat hartu genuen. Kapadoziara iristeko modurik onena autobusez joatea da. Antalyatik abiatu ginen "Yeni Aksaray" konpainiako autobusean 9 ordu inguruko gaueko bidaia eginez. Guk 110TL ordaindu genituen.


ZER IKUSI? EGUNEZ EGUN.

1. EGUNA 
Autobusak Nevsehireko geltokian utzi gintuen eta handik dolmusa hartu behar izan genuen Göremeraino (7TL). Goizean goiz iritsi ginen Göremera, dena itxita zegoen, hotz handia egiten zuen eta oso goiz zen gure hotelera joateko. Zazpietan kafetegi ireki bat aurkitu genuen eta gosaltzeko eta komunera joateko aprobetxatu genuen. Denbora egon ginen han (ia lokartu ginen mahaian). Espabilatu beharra geneukan, eta, beraz, eguna planifikatzeko eta azken egunean egin behar genuen txangoa kontratatzeko (tour berdea, geroxeago azalduko dudana) aprobetxatu genuen.
Pixkanaka-pixkanaka hotelerantz joatea erabaki genuen, zorte pixka batekin agian gure gela prest zegoen... A zer nolako hotela! 
Ostatua: Rox Goreme Hotel
Zorionez, logela libre zegoen eta check-in ordua baino lehen pasatzen utzi ziguten. Eguerdira arte lo egin genuen, eta indarrak hartuta prest geunden Kapadozia ezagutzen hasteko.
Bazkal ostean, Göreme Milli Parkitik hasi ginen. Aire zabaleko museo hau erdigunetik 1.5km-ra dago, errepide bazterretik oinez joan daitekeelarik. Ibilbideak 
merezi du, bide oso bitxia baita.
UNESCOk 1985etik babesten du, hemen baitago Kapadoziako elizen kontzentraziorik handiena. Guztira, mila eliza baino gehiago daude Kapadozia osoan.
Ordutegia: 8etatik 18etara
Prezioa: 54 lira turkiar/8.73 €

Esparru horren barruan honako hauek ikus ditzakezu:
San Basilio kapera. Oinplano angeluzuzena du eta garai ikonoklastako apaingarri gorrien hondarrak gordetzen ditu, baita herensugea hiltzen duen San Jorgeren freskoak ere.
Elmali Kilise. Sagarrondoaren eliza izateagatik ezaguna. Kristoren bizitzaren eszenak ikus daitezke. Asko gustatu zitzaidan hau.
Horietaz gain, Azize Barbara Kilise (kolore gorriko dekorazio geometrikoekin), Yilanli Kilise (sugearen eliza) eta 
Karanlik Kilise ikus daitezke. Azken hau, eliza ilun xamar bat da, leiho bakar batez argiztatua. Eraikina haitzean zulatutako monasterio handiago baten zati zen. Hau ere nire gogokoenetako bat izan zen.
Aparte ordaindu behar da (18 lira turkiar), baina merezi du. Politenetarikoa iruditu zitzaidan.
Carikli Kilise (sandalia eliza). Sarrerako lurrean ikusgai dauden aztarnetatik datorkio izena. 
Errepidearen beste aldean, aire zabaleko museotik irtenda, Tokali Kilise dago. Hori Itzuleran ikusiko duzu, museoko sarrera-txartela aurkeztu behar delako bertan sartzeko. Handiena eta politenetakoa iruditu zitzaidan.
Museotik irtetzerakoan, eskuineko aldean geratzen zitzaigun haranetatik gora egin genuen Kiliçlar Valley-ra edo ezpata-haranera helduz. Toki zoragarria iruditu zitzaidan. Haran gorriaren eta arrosaren bista ederrak daude. Bidean eliza batzuekin topo egingo duzu eta aldapa baten ondoren, banku urdin batekin topo egingo duzu, panoramika eder batekin.
Ez galdu leku hau!
Göremen, herrian zehar buelta bat eman genuen; hurrengo eguneko txangoa (globoa) kontratatu, dendatxoak bisitatu eta oroigarri batzuk erosi genituen, txinatar batera afaltzera joan aurretik. Oso ondo eta goiz afaldu genuen.

2. EGUNA 
Oso goiz esnatu ginen, oso oso oso goiz. Imajinatu 05:30etan gure globoa izango zenaren aurrean geunden, nola prestatzen zuten ikusten. Beraz, imajinatu zein ordutan etorri ziren gure hotelera bila... goizaldeko 4.50h-tan...
Gure globoa azkenetakoa ateratzen izan zen, jendea nahiko inpuntuala izan baitzen hoteleko batzean. Egunsentirako justu-justu iritsi ginen, baina heldu ginen.
Azalpen labur bat eta... gorantz joan ginen!
Beldurra sentitu nuen uneren batean? Ba ez. Egia da momentu batean oso gertutik ikusi nituela harkaitzak, aurrez aurre, edozein unetan emango ginela pentsatuz, baina ez, ondo saihestu genituen.
Baina merezi izan zuen ordu eta erdiko bidaiak, dudarik gabe! Esperientzia paregabea da, behin bakarrik bizitzen dena. Zalantzarik gabe, Kapadoziako edertasunen ikuspegi orokorra lortzeko modurik onena da. Guk "2K Travel" konpainiarekin egin genuen. 
Esperientzia ahaztezin horren ondoren, minibusean sartu eta gure hotelera eraman gintuzten. Goizeko 8.30ak zirenez, zuzenean gosaltzera joan ginen. A zer gosaria!
Hura oturuntza bat zen, gosaria baino gehiago. Nire bizitzako gosaririk onena, opor-gosariak alderatzen.
Ostatuan atseden hartu ondoren, martxan jarri ginen.
Garraio publikoan joan ginen Üchisarrera. Eskualdeko punturik altuena da, Kapadoziako bazter guztietatik ikus daitekeena. Üchisar herria bereziki erakargarria iruditu zitzaidan. Gotorlekua altxatzen den harkaitza, 60 metroko altuera duena, bizantziar garaian erabili zen arabiar erasoaldien aurkako defentsa gisa. 
 
Gailurrera iristeko, igoera osatzen duten 120 maila igo beharko dituzu. Baina merezi du.
Ordutegia: 7:00etatik 18:00etara
Prezioa: 6.5 lira/1.02 €
Hortik herrira joan ginen buelta bat ematera Vasil Dere edo Usoen haranean sartu aurretik. Izen hori hartzen du harkaitzetan usategi ugari zizelkatuta daudelako.
Kapadozian balio handia ematen zaie beren gorotzei, ongarri bikainak baitira, eta usategiak edukitzea aberastasunaren adierazgarri da; izan ere, bada esaera bat... usorik gabeko gizon batek ez du emazterik aurkituko.
Esan nizun bezala "21 egun Turkian" sarreran, Kas herrian, emakume batek begizkoa egin zigun, eta hortik aurrera gauza arraroak gertatu zitzaizkigun. Lehena itsasontziko txangoan, bigarrena hementxe gertatu zitzaidan.
Lasai- lasai nindoan Vasil Dereko bidezidor batetik paseatzen eta bat- batean irristatzen nenbilela sumatzen hasi nintzen. Maldan behera zegoen 
hartxintxarrezko gune batean eserita geratu nintzen. Zapatilek gehiago irristarazten nindutela konturatu nintzen eta, beraz, zapatilak kendu eta ahizpari jaurti nizkion, haietako bat zoritxarrez, maldan behera joan zen. Ni izututa eta neure azazkalak lurrari tinko helduta (eskerrak azazkal luzeak nituela), ahizpa zer egin ez zekiela, herrira laguntza eskatzera joan zen. Ez dakit zer esango zuen, baina gizon bat agertu zen makila handi batekin ni erreskatatzeko asmotan. Handik jaikitzen lagundu zidan, eta maldan behera lasai jaitsi zen nire zapatila erreskatatzeko.
Sustoa gainean genuela, autobusa hartu genuen Cavusin herri trogloditara joateko. 
Lehenengo San Joan Bataiatzailearen eliza bisitatu genuen, VI. mendekoa eta beraz, Kapadoziako zaharrenetakoa (s
arrera doan).
Labarraren gailurrera igo ginen, gaur egun abandonatuta dauden kobazulo-etxeak ikusteko; haitz zurian zizelkatutako barrunbeak dira.
Horretaz gain, Cavusin herriak gutxi du eskaintzeko: turistentzako denda batzuk eta jatetxe gutxi. Herria oso txikia denez, hau ikusi, izozki bat jan eta autobusez itzuli ginen Göremera.
Gure hurrengo asmoa Pasabaglari edo monjeen harana bisitatzea zen. Formazio harritsu ikusgarriak dira, non Kapadoziako maitagarri ospetsuenen tximiniak dauden. 
Egia esan, ez dakit kokapena gaizki sartu bagenuen mugikorrean edo nahastu egin baginen autobusa hartzerakoan, baina ez genuen leku hau aurkitu. Pixka bat arakatu genuen ingurua, baina ezer ez. Azkenean, itzultzea erabaki genuen, eta hori asko kostatu zitzaigun, ez baitzen taxirik edota autobusik pasatzen. Gizon batzuk taxi bati deitzen lagundu ziguten.
Göremera iritsi ondoren, hotelera joan ginen zuzenean, EPEan lortutako plazen zerrenda argitaratu baitzen eta papeleoa egitea tokatzen zitzaidan. Harreragileek, gazte batzuk, dena paperean inprimatzeko mesedea egin zidaten, mugikorretik egin beharreko lana errazteko. Ordu batzuk egon ginen han, ikastetxeak aukeratzen... Eskerrak ahizpak lagundu zidala!
Afaltzeko atera ginen eta terrazako mahaitxo bat libre zuen jatetxe batean afaldu genuen.

3. EGUNA 
Aurreko gauean oso goiz itzuli ginen hotelera, gaur ere goiz esnatu behar baikinen Sunset Hillera joateko. 05:00etarako goian geunden, Göreme inguratzen duten muinoetan, gure hotelaren atzean geratzen ziren muinoetan, eta horregatik ibiltzen joan ginen. Kapadoziako egunsentirik onenetako batez gozatu genuen, globoak zeruan zehar hegan. Hori bai, ordaindu egin behar da sartzeko.
Gure hoteleko terrazara itzuli ginen paisaiaz gozatzen jarraitzeko eta pixkanaka agur esateko, gaur baitzen gure azken eguna. Baina tira... egun oso bat geratzen zitzaigun aurretik. Baina egunari egunon esan aurretik, gosariaz gozatzea tokatzen zitzaigun.
Aurrerago esan bezala, lehen egunean, txango bat kontratatu genuen egun honetarako (tour berdea). 
09:30etan jaso gintuzten hotelean. Eguneko lehen bi geldialdiak laburrak izan ziren. Pigeon Valleyra eta Göreme Panoramara hurbildu ginen, haraneko bistekin haluzinatzeko. 
Hurrengo geldialdia Derinkuyu lurpeko hiria izan zen. 10.000 pertsona har zitzakeen hiri honek eta 12 solairutan banatuta dago, eta horietatik 8 bisita daitezke. Lehen mailan, ukuiluak, jantokiak eta prentsak daude. Gainerakoetan etxeak, despentsak eta sukaldeak daude. Zazpigarren solairuan, gurutze grekoko oinplanoa duen eliza bat dago. 
Kondaira baten arabera, Kaimakly lurrazpiko hiriarekin komunikatuta dago.
Ordutegia: 8:00etatik 18:30era

Prezioa: 25 LT/3.92 €

Hortik Narli Gol laku bolkanikora joan ginen.
Hurrengo geldialdia Ihlara harana izan zen, haitz bolkanikoaren barruan 16 km-tan haranaren bihotzetik doan ibai ikusgarri batekin. Orain desagertuta dagoen Hasandagi sumendiaren laba- masa hoztean sortu zen. Pitzaduretatik isurtzen zen ibaiak eman zion haitzarteari bere oraingo aurpegia. Haitzarteak 100-150 metroko sakonera du zenbait lekutan. Haitzarte osoa haitzean zulatutako etxebizitza ugariz, hilobiz eta elizez zipriztinduta dago.
Aksaray probintziatik gertu dago, baina oraindik Kapadozia hegoaldeko eskualdearen zatitzat hartzen da. Ibilaldi erraz samarra egiteko leku bikaina da, natura baketsu eta hostotsuaren erdian. Gainera, labar-elizen erdigunea da, eta horietako asko aurkituko dituzu bidezidorrean zehar.
Ibilbidearen amaieran ikusi genuen han bazirela jatetxe batzuk, ibai gainean esertzeko etxetxoak zituztenak. Pixka bat eseri ginen giroaz gozatzeko, autobusera itzuli aurretik.
Gero bazkaltzera eraman gintuzten.
Tripa bete ondoren, Selimeko monastegia izeneko multzora hurbildu ginen. Ez dago haraneko hormetan zulatuta, pinakulu handi batzuetan baizik. Uste denez, 200 urte baino gehiago behar izan ziren eraikitzeko, eta 5.000 pertsona har zitzakeen aldi berean.
Eliza txiki batzuk, sukaldeak, upeltegiak eta hainbat gela ikus daitezke, baina interesgarriena katedrala da. Katedralaren barruan harrizko zutabe handiak daude, eta bertako hormak freskoz estalita egon behar zuten, baina gaur egun ia ez dago horien arrastorik.
Txangoa amaitu ostean, taxi bat hartzea erabaki genuen, arrosen haranean (güllü dere) eta haran gorrian (kizil cukur) ilunabarra ikustera joateko. Bertakoek diotenez, hemendik munduko ilunabarrik onena ikusten da. Haranak 5km-ko luzera du, eta Kapadozian gehien gomendatzen den ibilbideetako bat da. Guk ilunabarra ikustearekin nahiko!
Sarrera ordaindu behar da baina merezi du (4TL).
Aurreko egunean, balorazio ona zuen jatetxe bat erreserbatu genuen. Eta hor joan ginen...
Jatetxea: Dibek
Janari tradizionala eta gozoa probatu genuena. Lurrean eserita jaten da eta plater tipikoen artean tavuk kebab gomendatzen dizuet. Lehen esan bezala, hobe erreserbatzen baldin baduzue.
Sarrera hau amaitutzat eman aurretik, zenbait AHOLKU eman nahi dizkizut:
Jakin denbora asko galtzen dela dolmusak hartzen eta itxaroten. Denbora gutxi izanez gero, tour gorria kontratatu, tokirik garrantzitsuenak bisitatzen baitira. Norberaren kabuz denbora asko galtzen da. Nik esaten dizuet...
*Oinetako egokiak eraman BETI.