4 EGUN ERROMAN

ANDALUZIATIK BIDAIA: 5 EGUN MALAGAN

Eguzkiak altuago distiratzen du Malagan

Ordua zan Andaluziako lurrak zapaltzeko, hain hurbil eta aldi berean urrun. Ez nuen inoiz "behera jaisteko" unea aurkitzen, baina pandemia osteko urtea primeran etorri zitzaidan bidaiatxo bat antolatzeko. Eguzkia, paisaia politak eta arrain frijitu asko bermatzen zizkigun bidaia honek.
Horrela, 2021eko abuztuan maletak egin genituen hainbeste hitz egin ziguten erkidego hori ezagutzeko. Bai, ondo irakurri duzu! Abuztuan joan ginen!😰😰 Zoroak gara, udan inori ez baitzaio bururatzen Sevillara edo Kordobara joatea, baina guri bai. Kontatuko dizkizut beroari aurre egiteko sekretuak.
Gure hegaldia 07:00etan aireratu zen Bilboko aireportutik Sevillarako noranzkoan.
08:30etarako Sevillako aireportuan geunden eta gure zirkuitua Kordobatik hastea pentsatuta geneukanez, aireportu beretik ALSA autobus bat hartu genuen.
Kordobatik egindako ibilbidea hemen eskuragarri duzu.
Orain, sarrera honetan, bidaiaren bigarren zatia kontatuko dizut, Malagan 5 egunetan zer ikusi eta egin dezakezun.
1. EGUNA. KORDOBA
2. EGUNA. KORDOBA
3. EGUNA. KORDOBA
4. EGUNA. Malagara bidaia
5. EGUNA. BENALMADENA
6. EGUNA. MALAGA
7. EGUNA. MALAGA
8. EGUNA. NERJA-FRIGILIANA
9.EGUNA. MALAGA- Sevillara bidaia
10. EGUNA. SEVILLA
11. EGUNA. SEVILLA
12.EGUNA. SEVILLA


EGUNEZ EGUN.

1. EGUNA. 
Goiz agurtu genuen Kordoba. Atzo gauean taxi bat kontratatu genuen goizean jaso eta autobus-geltokira eramateko. 10:00etan MALAGARA eramango gintuen autobusean geunden! Hiru ordu eta erdi iraun zuen ibilbideak, eta eguerdirako gure helmugan ginen. Taxi bat hartu eta hurrengo egunetarako hartu genuen apartamentuaren alboan utzi zigun. 
Erosketa batzuk egin, zerbait azkarra jan eta denborarik galdu gabe hondartzara joan ginen, Malagueta hondartza famatura. Denboraz justu genbiltzanez, autobusez joatea erabaki genuen. Birentzako tokitxo bat aurkitu genuen hondartzan, baina misio zaila izan zen, milaka pertsona baitzeuden.
Nahiko hondartza zikina iruditu zitzaigun, agian ez genuen lekua ondo aukeratu.
Hainbat egun badituzu eta hondartzaz aldatu nahi baduzu, La Caletako eta Pedregalejoko hondartzetara hurbildu zaitezke.

Apartamentura itzuli ginen oinez, ingurua pixka bat ezagutzeko asmoz. Dutxa azkar bat eta kalera.
⏩Konstituzio plaza eta Chinitaseko pasabidea, hiriko txokorik xarmagarrienetako bat. Oso ezagunak diren kalezulo batzutara iritsiko zara, terrazadun tabernekin.
⏩Larios kalea, sarritan pasatuko zaren merkataritza-kalea. XIX. mendeko burges kale zoragarria, portua eta antzinako hiria lotzen dituena. Oinezkoentzako etorbidehau katedralaren itzalpean dago.
Kalez kale ibili ondoren, afaltzera joan aurretik, Malagako portuan paseatu genuen.
Lekua aurkitu genuen taberna batean afaldu genuen. Terrazak jendez beteta zeuden: kuadrilak, ezkondu aurreko agurrak... Zerbait "pikoteatu" genuen apartamentura joan aurretik.

2. EGUNA. 
Apartamentuan gosaldu ondoren, Benalmadenarako autobusa hartu genuen, 58 minutuko ibilbidea izan zen.
Kostaldean gelditu ginen Bil-Bil hondartzara joateko. Oso goiz joan ginenez, ez zegoen jende askorik eta lehen lerroan jarri ginen goizaz eta hondartzaz gozatzeko.
Hurbil Bil- Bil gaztelua geratzen zitzaigun, fatxadaren kolore gorriagatik nabarmentzen eta arabiar estilokoa dena. Frantziako familia aberats baten etxe pribatua izan zen, 30eko hamarkadakoa, eta gaur egun Kultur Etxea da.
Hondartza goizaz gozatu ondoren, hondarretik irten bezain laster ikusi genuen McDonalds batera joan ginen bazkaltzera.
Berriro autobusera igotzea tokatzen zitzaigun Benalmadenako herriraino hurbiltzeko. Nahiko urrun dagoenez, taxi bat edo M126 eta M112 autobusak hartzeko aukera dago. Denbora luzea eman genuen autobusaren zain, aspertu eta taxi bat hartu genuen arte (10€).
Bero handia egiten zuen, larregi... herrian ez zegoen jende askorik, eta turistak, itzalpean zeuden. 
A ze ibilaldia egin genuena gaztelutxoa ikusteko...
⏩Colomares gaztelua. Kristobal Koloni eta bere Amerikako aurkikuntzari eskainitako monumentua da 1994an Esteban Martin doktoreak eta bi igeltserok erabat artisau moduan eraikitakoa. Hainbat estilo arkitektoniko (bizantziarra, gotikoa eta mudejarra) nahasten ditu eta ez du inor axolagabe uzten. Gehienbat adreiluz, hormigoiz, harri naturalez eta egurrez egina dago eta 7 urtetan eraiki zen. Gainera, kanpoaldea bakarrik ikustearekin konformatzen ez bazara, barruan edertasun handiko beirate batzuk gordetzen ditu.
Ordutegia: 10h-14h eta 17h-21h. Prezioa: 2.5 €
Ikaragarria iruditu zitzaigun, baina beroak ez zigun gaztelua lasai bisitatzen utzi, itzalean edo terraza batean egoteko gogoa besterik ez genuen.
Katuak ere nekatuta zeuden...
Herrira igo ginen berriro Benalmadenako neskatoa bisitatzera. Espainia plazan dago, neskatxa baten brontzezko eskultura bat da, iturri baten barruan dagoena, eta maskor batekin ura eskaintzen duena.
Kostaldera eramango gintuen autobusa hartu eta han Malagarako autobusa hartu genuen. Egun honetako dutxa primeran sartu zitzaigun... 
Arratsaldea Malagako alde zaharrean paseatzen eman genuen, Google Maps eta maparik gabe.
JATETXEA El Mentidero
Erdialdean tapak jateko leku bat topatu genuen, arrain ona probatu genuena. Sanchez Pastor kalea 12, Malagako erdigunea.

 3. EGUNA. 
Egunon! Hondartzaz aldatu genuen oraingoan Pedregalejoko hondartzara joateko. Gehiago gustatu zitzaigun, beharbada oso goiz joan ginelako eta itzalkin bat alokatu genuelako, deluxe geunden.
Pedregalejo arrantzaleen auzo zaharrak da; gaur egun, txiringitoz koloreztatuta dago, eta harrapatu berri duten merkantzia freskoa eskaintzen dute, espetoa adibidez. Edozein jatetxetan itsasora begira prestatzen dizute. Beraz, bazkalorduan hori egin genuen.
Apartamentura 
autobusez itzuli ginen dutxatzeko eta geratzen zitzaiguna bisitatzeko.
⏩Malagako gotorlekua. Arabiarrek XI. mendean eraiki zuten jauregi hau, aldi berean, gobernari musulmanen egoitza eta hiria katolikoengandik babesteko eta defendatzeko gotorlekua izan zen.
Ordutegia: 9.00-20.00
Prezioa: Doan igandeetan 14:00etatik aurrera bazoaz. Gainerako ordutegietarako: 2,20 €.
Alcazabatik, oinez joan zaitezke gaztelura, hiriaren ikuspegi zoragarriak eskaintzen dituen bidezidor batetik. Hala ere, aldapatsu samarra da. Gaztelua XIV. mendean eraiki zen, Alcazaba babesteko.
Hurbil erromatarren anfiteatroa dago. Alkazabari itsatsita, III. mendera arte erabilitako antzoki erromatarraren aztarnak ikus daitezke. V. mendean hilerri bihurtu zen, eta, handik aurrera, musulmanek beren harriak erabili zituzten alkazaba berregituratzeko.
Doanik ikus dezakezu.
Alde zaharretik irten eta Soho auzora jo genuen. Gainbeheran zegoen auzo hau, erabat eraldatu eta berritu dute kaleko artistek. Auzo honetan artisautza-dendak, arte-galeriak, jatetxeak eta modako taberna batzuk daudela suposatzen da. Baina egia esan, guk ez genuen horrelako ezer aurkitu, ez dendarik, ez tabernarik... 
Alde zaharrera itzultzea erabaki genuen, han baitzegoen giroa.
Zerbait edan ostean, zerbait afaltzeko tokia bilatu genuen, erretiratu aurretik.

4. EGUNA. 
Gaurko egunean bi herri bisitatu behar genituen: Nerja eta Frigiliana.
Nerja zen gure lehen geltokia. ALSA autobus bat hartu genuen, 5€ kostatu zitzaiguna eta ibilbideak ordu 1 eta 45 minutu inguru iraun zuen. Alde Zaharrera joan ginen zuzenean. Onena norabiderik gabe ibiltzea da; txikia da eta ez du galtzerik, kaleak artisautza- dendaz, taberna tipikoz eta etxe zuriz beteta daude.
Europako Balkoia aurkituko duzu, Mediterraneo itsasoaren, itsaslabarren eta Nerjako hondartzen ikuspegi pribilegiatuak dituen begiratoki ederra.
Burrianako hondartzarantz abiatu ginen. Zergatik? Paddle surf zirkuitu bat erreserbatuta geneukalako Educare enpresarekin. Zerbait hartu genuen taberna batean itsasora sartu aurretik. 
Egia esan, ez zitzaidan hain gaizki eman lehen aldia izateko. Bigarren ahaleginean, tourreko gidariaren atzean nengoen zutik, kontatzen zizkizgun bitxikeriak entzuten. Esperientzia oso polita izan zen.
Nerjak askoz gehiago du ikusteko, baina guk Frigilianari eman genion lehentasuna.
Ezin ginen Nerjatik joan 
Albi izozki-dendako izozki bat jan arte, Beraz autobusera igo aurretik horixe egin genuen. Nerjatik Frigilianara doan autobusak 1.20€ balio du, eta egia esan, autobusekin erloju kontrako ibili arren, merezi izan zuen.
Ez dakit zerk liluratu ninduen Frigilianaz. Ez dakit bere etxeetako fatxada zuriak izan ziren, edo hain kolore deigarriko ateak... Baina asko gustatu zitzaidan.
Galdu ezin dituzun kaleak hauek dira:
Errege kalea, Frigilianako alde zaharreko arteria nagusia. Kale horren inguruan banatzen dira gainerako kalezuloak eta eraikinak. Begiratu lurrean dauden harrizko mosaikoak, oso modu bitxian apaintzen baitute kale polit hori.
Hernando Darra kalea edota Haitzaren kalezuloa, arkua zeharkatuz, Frigilianako panoramika hoberenera eramango zaituena.
Garral kalea, Hiru Kulturen Iturria dagoen tokia.
Kalez kale ibili ginen aspertu arte, eta zerbait hartzea erabaki genuen Nerjara bueltan eramango gintuen lehen autobusa hartu aurretik. Malagarako beste autobus bat hartu behar genuen han. Baina aurretik Nerjako plazatxo batean zertxobait afaldu genuen. Gose samarrak ginen, eguerdian izozki bat besterik ez genuen jan eta.
Geltokian jende asko geundenez, bi autobus etorri behar izan ziren. Gauez iritsi ginen, eta apartamentura joan ginen zuzenean lo egitera.

5. EGUNA. 
Azken egunerako gauzatxo pare bat utzi genituen bisitatzeko:
Malagako katedrala. Errenazentista estiloko eraikin hau 1528koa da eta La Manquita bezala ezagutzen da (bigarren dorrerik ez dagoelako). 
Atarazanaseko Merkatua, eraikin polit batean dago, eta bere izena jatorri nazaretarreko itsas tailer bati zor dio.
Bisita ordutegia: astelehenetik larunbatera, 8: 00etatik 14: 00etara.
Sevillarako gure autobusa 14:30ean ateratzen zen. Beraz, zerbait inprobisatua jan genuen 25 degres okindegian. Kasualitatez topatu genuen. Asko gustatu zitzaigun lekua! Ogi asko izateaz gain, ogitartekoak, pizzak... eta postrea jateko aukera duzu. Camas kalea 3, 29005 Málaga.

Prest... Sevillara joateko ordua iritsi zitzaigun! Ai Sevilla, Sevilla, ea zer ematen diguzun.

NON EGIN LO?

Malaga Sweet Home. Erdiguneko apartamentua erosotasun guztiekin.

(Grama kalea, 9 , behea A, 29008 Malaga).


Egin atzera