4 EGUN ERROMAN

10 EGUN ESKOZIAN

           Eskozian, ederra den arren, euria egiten zuen beti. 
                   Euria egiten ez zuenean ere, euria egiteko zorian zegoen, edo euria besterik ez zuen egiten. Oso haserre dagoen zerua da.

Colin Hay 

Jarraian, Eskozian 10 egunetan ikusi beharrekoa azalduko dizuet, herrialdean zehar ibilbide osoa eginez, Skye uhartea barne. Edinburgon hasi eta amaituko dugu, nahiz eta azken egunak hiriaz gozatzeko erreserbatu genituen.
Has gaitezen!
1. EGUNA. Doune gaztelua- Stirling
2. EGUNA. Loch Lomond- Inveraray- Glencoe
3. EGUNA. Fort William- Glenfinnan- Skye
4. EGUNA. Skye
5. EGUNA. Eilean Donan- Ness lakua- Urquhart- Inverness
6. EGUNA. Fort George- Elgin- Huntly- Aberdeen
7. EGUNA. Dunnotar gaztelua- Dundee- St. Andrews
8. EGUNA. St. Andrews- Edinburgo
9. EGUNA. Edinburgo
10. EGUNA. Edinburgo
Eskoziara bidaiatzeko asmoa baduzu, atera bai edo bai Explorer Pass txartela. Historic Environment Scotlanden txartel bat da, Eskoziako ondare historikoaren zati handi bat kudeatzeaz arduratzen den erakundea.
Eskozian gaztelu bat baino gehiago bisitatu nahi baduzu, Explorer Pass txartela aukera interesgarria da; izan ere, dirua aurrezteko aukera ematen dizu.
Bi txartel mota daude:
Explorer Pass, 3 egunekoa. 3 egun dituzu leku ezberdinak bisitatzeko (5 eguneko epean, guztira). Ez dira zertan elkarren segidako egunak izan behar. Prezioa: 31£.
Explorer Pass 7 egunekoa. 7 egun dituzu atrakzioak bisitatzeko (14 eguneko epean, guztira). Ez dute zertan elkarren segidako egunak izan behar. 42£.

EGUNEZ EGUN.

1. EGUNA. DOUNE GAZTELUA- STIRLING
Gauez heldu ginen Edinburgoko aireportura, 01:00k aldera gutxi gora behera. Gau hori pasatzeko ez genuen hotelik hartu, beraz aireportuko kafetegian kanpatu genuen gure traste guztiekin. Egia esan zorakeria galanta egin genuena! Ordu asko ziren, aireportuan botata, lorik egin gabe egoteko (nik lo-kuluxka bat egitea lortu nuen). Gainera, goizean goiz, alokatuta geneukan kotxea hartu beharra zegoen eta gidariak (ni ez nintzen 😁) lorik egin gabe hartu beharra izan zuen. Horri gehitu euri- zaparrada eta beste aldetik gidatzeko ohitze- prozesua...
Laburbilduz, ez egin horrelako lelokeriarik bidaietan!
Kotxearekin sustotxo/kolpetxo batzuk (ohitze- prozesuaren ondorioak) izan ondoren, lehenengo geldialdia egin genuen. Kotxeko ateak ireki eta atertu egin zuen! Gu bai zortedun!
⏩Doune gaztelua. Ondo kontserbaturiko gotorlekua, ipuin- inguru batean kokatuta dagoena. Gaztelu hau "Tronoen Jokoa" telesailean agertu zen.
    Ordutegia: 9.30etatik 17.30etara.
    Prezioa: 5.5£. Explorer Passen barne.
Autoa hartu eta Stirlingerako bidean jarri ginen. Hirira sartu aurretik, William Wallacen monumentura igo ginen. Aparkalekua doan da eta mendixka igo eta gero, Stirlingen ikuspegi harrigarriarekin topatu ginen.



Autoa aparkatu eta hiria ezagutzen hasi ginen.
Holy Rude. Eliza gotiko honetan koroatua izan zen Maria I.a, Eskoziako erreginaren oinordekoa. Atzekaldean hilerri polit batekin topo egiten duzu.  Ikusi dudan hilerririk ederrenetakoa dela esango nuke. Hiriaren goikaldean kokatuta dago, gaztelua altxatzen den muinoaren parez pare. Bertan Erdi Aroko hilobi bitxiak topa ditzakezu.
    Ordutegia: 16.00ak arte irekita.
    Prezioa: doakoa.
Paseotxo labur bat eman ostean,  hiriko punturik altuenera joan ginen, gaztelura. Monumentu nazional bezala kontsideratuta dago eta horregatik merezi du, kanpotik bada ere, bisitatxoa egitea. Eskoziako errege gehienak bizi izan ziren pasabideetatik barrena ibiliko zara, historiaren pisua sentitzen baita!
Gazteluko aparkalekuak 5€ balio du.



     Ordutegia: 9.30etatik 18.00etara
     Prezioa: 14£. Explorer Passen barne.
Argyll´s Lodging. Gazteluaren sarrerarekin sartzen da eta bertako noblezia, Eskoziako Maria I.aren garaian, nola bizi zen erakusten duen erakusketa da. Gazteluko eskaileretatik jaistean dago, beraz ez dago galtzeko arriskurik.
    Ordutegia: 9.30etatik 17.30etara.
    Prezioa: doakoa. Explorer Passen barne.
Lehenengo eguna gogorra izan zen eta arratsalderako neka- neka eginda geunden. Afaltzeko zerbait erosi eta ostatura joan ginen.
OSTATUAHillhead Farm Lets
Stirlingen kanpoaldean dago kokatuta. Logelak zabalak dira eta eskoziar lorategi tradizional batez inguratuta daude.

2. EGUNA. LOCH LOMOND- INVERARAY- GLENCOE
Ostatuaren ondoko hotel batean gosaldu genuen eta martxan jarri ginen, oraingo honetan atseden hartuta. Hauxe izan zen bigarren eguneko ibilbidea:
Lehenengo geldialdia Loch Lomond izan zen. Hau Trossachs Parke Nazionaleko guneetariko bat da, zeinek 22 laku handi eta 50 ibai dituen.
Gure ibilbidea Aberfoyle herrian hasi genuen eta bertako turismo bulegoan gelditu ginen parkeko mapa eta informazioa eskuratzeko. Imajinatuko duzuenez parke osoa bisitatzea ezinezkoa da, beraz punturik esanguratsuenak aukeratu genituen kotxearekin gelditzen joateko. Balloch eta bertako gaztelutik eta Luss herrietatik pasatu ginen. Herri txikiak dira baina bere xarma dute, asko gustatu zitzaizkigun.

Luss herrian zerbait beroa hartu eta piknik- gune batera joan ginen bazkaltzera. Ze ondo sartu zitzaigun ogitartekoa ... Gainera izugarrizko ikuspegia geneukan lakura!
Trossachsetik pasatu bitartean paisaia aldatuz doa; Aberfoyletik irtetean Behe Lurraldeko paisaia tipikoa dago eta momentu batean, Goi Lurraldeetako ohiko paisaia agertzen da.
Glencoerako bidean Inverarayko gazteluan egin genuen geldialdia. Argylleko dukearen etxea da. Kanpotik sekulakoa da, bere punta zorrotzeko dorreekin. Barrutik antza oso ondo kontserbatuta dago, garaiko altzariz eta dekorazioz betetako gelak ikus daitezkeelarik.
Downton Abbey telesaila ikusi baduzu, beharbada Inverarayko gaztelua ezaguna egingo zaizu. Prezioa 10£-koa da eta ez da Explorer Passen sartzen. Ordaindu gabe kanpoaldea burdin hesitik ikus daiteke.
Bigarren eguneko helmugarako bidean, Glencoeko haran ikusgarriarekin egin genuen topo. Bidean zehar geldialdi ugari egin genituen argazkiak ateratzeko eta paisaiaz gozatzeko: erreka izoztuak, okre eta tonu berdeak edonon ...
Afaltzeko ordua iritsi zitzaigun eta Lochleven Seafood Café aukeratu genuen.
JATETXEA:  Lochleven Seafood Café 
Arrain freskoa eta itsaskiak jan nahi badituzu naturaz inguraturiko leku eder batean, orduan Lochleven aukera bikaina da.
OSTATUA Blackwater Hostel
Kinlochlevenen kokatuta dagoen ostatua da. Eskaintza ezberdinak eskaintzen diren arren, guk logela pribatu bat hartu genuen komunarekin.

3. EGUNA. FORT WILLIAM- GLENFINNAN- SKYE
Fort Williamen gelditu ginen gosaltzeko gure helmugara iritsi baino lehen. Egia esan herrian ez zegoen gauza handiegirik egiteko. Hortaz, gosaldu eta martxan geunden.
Glenfinnan. Monumentua eta lurrun- trena dira ikusi beharrekoak. Bertan Jacobite lurrun-trena igarotzen den 21 arkuko zubibidea dago, Harry Potterren filmetan agertzeagatik ospetsua. 1898. urtean eraiki zen eta gaur egun, Glasgow eta Mallaig lotzen dituzten trenak ibiltzen dira bertatik.
Autoa bi lekutan utz dezakezu: bisitarien zentroko aparkalekuan, 2£ balio duena edo 100 bat metro igarota, eskuinetara topatuko duzun beste aparkalekuan, txikiagoa baina doakoa.
Ordutegia kontsultatu behar duzu webgunean, trena noiz pasatuko den jakiteko. Gure kasuan, trena 11:00ak aldera igarotzen zen. Gutxienez ordu erdi lehenago iritsi beharko duzu zubibidera.
Bidea, hasieran aipatu dugun aparkaleku doainetik ateratzen da. 10 minututan zubibidera iritsiko zara. Handik, goiko punturen bat bila dezakezu, baina jende gehienak, zubibidea azpitik gurutzatu eta ezkerretara dagoen lehenengo bidezidorra hartzen du (ate txiki bat dago). Aitortu behar dut trena pasatu zenean kriston ilusioa egin zidala!
Ferria hartzeko ordua🚢... Skye uhartera goaz! 
Horretarako Mallaigera joan ginen. Sandwich batzuk jan eta ordu erdiko ibilbideari ekin genion. Ferriaren goikaldean zerbait hartzeko taberna bat zegoen, Skye uhartea urrutitik ikusi bitartean.
Calmac ferri konpainiarekin egin genuen bidaia eta 20£ kostatu zitzaigun. Hobe etxetik erreserbatzen bada, urteko zenbait sasoitan turista gehiago baitaude.
Azkenean Armadalera heldu ginen, Skye uhartera.
Ostatuan maletak utzi eta Fairy Poolsera hurbildu ginen. Maitagarrien igerileku edo ur- jauzi hauek Cuillin mendien begiradapean daude. Toki honetara joateko ordu batzuk gorde behar dituzu; izan ere, lehenengo igerilekurainoko bidea 20 minutukoa da. Nahiko ondo seinalizatuta dago eta doako aparkaleku bat dago eskuinean. Hori bai, kontuz, eltxoz beteta baitzegen.🐝🐝
Zintzoa izateko, niri tokiak ez zidan grazia handiegirik egin, baina askoren ustez, uhartean ikusteko dagoen gauzarik onenetariko bat da.
Afaltzeko ordua izanda, uharteko gune administratibo eta handienera joan ginen, Portreera. Koloretako fatxadak dituzten etxe ederren portuagatik da ezaguna.
Zure asmoa bertan bazkaltzea edo afaltzea bada, erreserbatu aldez aurretik,  jatetxe gutxi daude eta ilara luzeak sortzen dira.
OSTATUA Shiloh Bed & Breakfast
Logela gutxiko ostatu erosoa Skye uhartean. Gosari oso gozoa eta etxekoa, momentuan egina. Jabeak oso jatorrak dira, gomendioak eman zizkiguten uhartean zer egin erabakitzeko.

4. EGUNA. SKYE
Laugarren egunerako honakoa geneukan pentsatuta Skye uhartetik egiteko:
Gosaldu ostean, txamarra jantzi eta Neist Pointera abiatu ginen, mendebaldera. Bidai- blog batean irakurri nuen Eskoziako ikuspegirik onenetarikoa duen leku bat dela eta ez zitzaion arrazoirik falta. Honainoko bidea ikaragarria da arrazoi ezberdinak direla medio, ardiak errepidea gurutzatzen, etxalde txikiak, zelaien kolore berdea ... Bidearen zati askotan kotxe bat bakarrik pasatzen da!
Mendi-hegal batean zegoen aparkaleku batean aparkatu genuen eta eskailera aldapatsuetatik kostalderaino jaitsi ginen. Han, paisaia deskribaezin bat topatu genuen, itsasargi batekin. Itsaslabarraz gozatu genuen, haizeak gogor jo bitartean. Erreserbatu ordubete puntu hau bisitatzeko.
Bidean Dunvengan gaztelua ikusi genuen. MacLeod klanaren gaztelua oso ondo kontserbatuta dago. Gazteluan sartzeko aukera dago, baina nahiko garestia da. Bidean aurrera jarraituz gero, errepidearen izkinatik ikusi ahal izango duzu.
Bazkal ostean, Fairy Glen formazio natural konikoz betetako haran ezkutura joan ginen, non, elezaharraren arabera, maitagarriak bizi diren. Behin Uig-era iritsita, Fairy Glen dioen bigarren mailako errepide txiki bat hartu behar da. Hara iristea odisea bat izan zen. Uig Hotelaren parean, A87tik irten eta Sheader eta Balnaknock aldera hartu behar duzu. Asko gustatu zitzaidan leku bat da, merezi du joatea (oso ezaguna ez den leku batez gozatzeak bere zera dauka).
Kilt Rock eta Mealt Falls, ur-jauzi ezagunaren ondoan gelditu ginen. 50 metro baino gehiagoko ur- jauziak, zure denboraren 5-10 minutu balio du. Errepide ondoan begiratoki bat dago hesituta.
Euria mara- mara zerion, baina Old Man of Storrera joan ginen. Ordubete behar izan genuen gailurrera iristeko, eta ez genuen ezer ikusi behelainoa eta euriaren ondorioz. Pendiente geratu zaigu!
JATETXEA The Lower Deck Seafood Restaurant
Portreeko portuan  dagoen jatetxea. Janari bikaina, nahiz eta lokala pixka bat txiki geratu, jende asko biltzen den egunetan.

5. EGUNA. EILEAN DONAN- NESS LAKUA-  URQUHART- INVERNESS
Berriro martxan geunden eta Skye uhartea atzean uzteko garaia zen, Kyle of Lochalshen dagoen zubibidea zeharkatuz. 
Egia esan, uharte honetan topatu nuen paisaia ez dut orain arte inon topatu. Ezin dezaket deskribatu zer sentitu nuen bertako errepide hutsetatik igarotzean. 
Uharte horretako biztanle bakarrak ginela zirudien... Lasaitasuna, bakea, eraikuntzarik gabeko paisaia garbia ... Ez izan zalantzarik, aukera baduzue joan eta disfrutatu!😏
Eta azkenean bai... gehien espero genuen lekua iristear zegoen.
Eilean Donan gaztelua. Eskozia osoko gaztelurik ospetsuena da. Bertan filme eta iragarki batzuk filmatu izan dira. Gaztelua XIII. mendearen inguruan eraiki zen Donan uharte txikiaren gainean eta McKenzie klanak kudeatzen du.
                                               




Gaztelura iristeko zubi bat gurutzatu behar da. Lakuaren ertzetik dagoen ikuspegia sinesgaitza da.
    Ordutegia: 10.00etatik 18.00etara.
    Prezioa: 7.5£. Ez da Explorer Passen sartzen.
Gu ez ginen sartu eta irakurri dudanagatik ez du merezi barrutik ikustea. 
Eilean Donan gazteluak liluratuta utzi gintuen arren, bidearekin jarraitzea erabaki genuen. Ness aintziraren muturrean dagoen herrixka eder batera hurbildu ginen, Fort Augustera. Bidean, kotxean gindoazela, Ness aintzira izugarria ikusten joan ginen. Errepidean dauden begiratokietara joan zaitezke, ikusteko eta argazkiak ateratzeko. Bisitarien gunea Drumnadrochit hirian dago, bertan Nessyren panpinak alde guztietatik ikus ditzakezu. Museo bat ere badago, historia pixka bat azaltzen duena eta Ness lakuko munstroa estatuan duena.
Piknik- gune batean bazkaldu eta gero, beste gaztelu bati bisita.
Urquhart gaztelua. XIII. mendearen hasieratik XVII. mendean bertan behera utzi zuten arte, eskoziarren eta ingelesen eta eskoziar klanen arteko gatazkengatik markatua izan da. Gaztelua, erdi suntsitua dago.
Bertara iritsi baino lehen, harri erraldoien jaurtigailu bat dago, gotorleku hauen aurka zer nolako armekin borrokatzen zen irudikatu ahal izateko. 
Gazteluko dorre batera igo zaitezke aintzira ikusteko.
    Ordutegia: 9.30etatik 18.00etara.
    Prezioa: 8.5£. Explorer Passen barne.
Eguna bukatzeko, Eskoziako Highlands eskualdeko hiriburura joan ginen, Invernessera. Agian ordubete baino ez duzu behar izango esploratzeko, baina egin ezazu. Bertan geundela, afaltzeko aprobetxatu genuen.
JATETXEA Johnny Foxes Pub & Restaurant
Askotariko janaria, eskoziar espezialitateak. Prezio eta zerbitzu ona. 
OSTATUA1 Lochness Hostel 
Aterpetxea, Drumnadrochit herrian dago, Ness lakuaren ertzean, Urquart gaztelutik minutu gutxira. Guk egurrezko etxetxo bat erreserbatu genuen, egokia gau bat pasatzeko.


6. EGUNA. FORT GEORGE- ELGIN-  HUNTLY- ABERDEEN
Bidean zerbait gosaldu ondoren, Fort Georgerako norabidean jarri ginen. Ingelesek eraiki zuten gotorleku defentsibo hau. Barrakoi gehienek oraindik erabilera militarra dute, baina bisitatzeko gune ireki nahikotxo daude. Oso ondo zainduta dagoen gotorlekua da, kanoiz betetako harresi batez inguratuta dagoena.
    Ordutegia: 9.30etatik 17.30etara.
    Prezioa: 8.5£. Explorer Passen barne.
Bertan geundela aprobetxatuz, destilategi batera hurbildu ginen.
Dhallas Dhu Historic DistilleryFabrikazio-jarduerarik gabeko destilategia, whiskya egiteko prozesua zehatz-mehatz ezagutzeko aukera emango dizuna. Oso ondo dagoen museoa da, jarduera honen inguruko lan guztia ukitu eta esploratzeko aukera ematen duena. Gaztelerazko audio-gidak daude, azalpen bikainekin. % 100 gomendatzen dut, Explorer Passen sartzen delako. Tourraren amaieran, haiek saltzen duten whiskia dastatzera ematen dizute. 
Eguerdi partean Elginerantz joan ginen. Zer ikusi daiteke bertan?
Spynie jauregia. Explorer Passen sartzen zelako joan ginen, baina egia esan, ez bazoazte, ez duzue ezer galtzen. Eskoziako Erdi Aroko gotzain etxe handienetako bat da. Hondakinetan dago, oraindik "Daviden dorrera" igotzea posible delarik.

Elgineko katedrala. XIII. mendekoa, Morayko gotzainen botere erlijiosoaren erdigunea izan zen. 

    Ordutegia: 9.00etatik 17.30etara.
    Prezioa: 7.1£. Explorer Passen barne.
Hurrengo hirira heldu baino lehen, bi gaztelu ezagutu genituen: Huntly eta Fraser gazteluak. Lehenengora ez ginen sartu, gu iritsi ginenean itxi egin baitzuten. Fraser gaztelua oso egoera onean dago, honetan ere ez ginen sartu.
Azkenean, ostatua geneukan hirira heldu ginen, Aberdeenera. Zer bisitatu dezakegu?
Union Street, dendak, jatetxeak eta aisialdirako guneak biltzen diren kalea da. Ondoren, Mercat Cross edo Merkatuaren Gurutzea dago, merkatua egiten zen tokia, eta, gaur egun, Aberdeengo gunerik komertzialenetako bat da. San Nikolas eliza, XII. mendekoa, beharrezkoa den beste geldialdi bat da. Hiriaren iparraldean, San Manchar katedrala dago eta hortik gertu Eskoziako zubirik zaharrena.
Oraingo honetan afaltzeko, mexikar jatetxe bat aukeratu genuen, aldatzearren... Andale, andale!!
JATETXEA Topolabamba
Partekatzeko tapa ezin hobeak ditu, janari eta zerbitzu ona.
OSTATUA: Hampton by Hilton Aberdeen Westhill
Aberdeeneko hirigunetik kanpo dagoen hotel bikaina eta garbia. Gosaria ere ondo dago eguna energiaz beteta hasi ahal izateko.

7. EGUNA. DUNNOTAR GAZTELUA- DUNDEE-  ST. ANDREWS
Gosaldu ostean, Dunnotar gaztelurako bidean jarri ginen. Ipar-ekialdeko kostaldeko lurmutur batean dago, amildegi harritsu baten tontorrean altxatuta. Erdi Aroko gaztelua da eta gaur egun hondakinetan dago.
                                               

Tokia ikusgarria da ... itsasoa alde bietan ikusteak, labarretako berdeak, olatuak harkaitzen kontra apurtzeak, ezinbesteko bisita egiten du. 
    Ordutegia: 9.00etatik 18.00etara.
    Prezioa: 7£. Gu joan ginenean gaztelua itxita zegoen (seguruenik haizeagatik). Hala ere, ordaindu gabe argazkiak ateratzeko aukera ematen dute.
Eguerdi partean, ordu beteko bidaiaren ostean, Dundeera iritsi ginen. Hiritik bueltaka hasi aurretik, bazkaltzera joan ginen. Honako honetan, italiar jatetxe bat aukeratu genuen.
JATETXEA Tony Macaroni
Egundoko janaria, prezio bikainean.
Tripa beteta geneukala, kaleetatik paseatzen hasi ginen, norabide konkreturik gabe. Jakin, portuan Discovery itsasontzi mitikoa dagoela, Antartikaren esploraziorako erabili zena. Izotzak harrapatuta geratu ondoren, Discovery eta bere tripulazioa 2 urte baino gehiago egon zen Hego poloa esploratzen. Zintzoak izateko, ez ginen portura hurbildu eta hiriko dendatxoak kuxkuxeatzen geratu ginen.😉
Gauean Saint Andrewsera heldu ginen. Neka- neka eginda geundenez, zerbait afaldu eta lotara joatea erabaki genuen. Hiriaren bisita hurrengo egunerako!
OSTATUAAirbnb

8. EGUNA. ST. ANDREWS- EDINBURGO
Pilak kargatuta, St. Andrews ezagutzera abiatu ginen. Bere katedral ederretik, golf zelai zoragarrietatik eta hondartzatik pasatu ginen. Inguru guzti hau oinez egin daiteke.
Katedralean zenbait pareta eta dorre ikus daitezke.
    Ordutegia: 9.30etatik 17.30etara.
    Prezioa: 4.5£. Explorer Passen barne.
Katedralaren ondoren, itsas aldera abiatu ginen eta 1200. urtean eraikitako gazteluarekin topo egin genuen. Onena bertatik dauden ikuspegiak dira.
    Ordutegia: 9.30etatik 17.30etara.
    Prezioa: 5.5£. Explorer Passen barne.
Arrastirako Edinburgon geunden eta bi egun gehiago geratzeko intentzioa geneukan.
Sarrera hau gehiago ez luzatzeko, Edinburgoko nondik norako guztiak aparteko sarrera batean idatziko ditut. 
Hona hemen lotura: Edinburgo



Egin atzera