- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan

Mamu eta elezaharren hiria.
ZER IKUSI? EGUNEZ EGUN.
2017an Eskoziatik egindako bidaiaren bukaera, Edinburgoko hirian izan zen. Bi egun izan ginen bertan, gainera jai- giroan (aurrerago azalduko dut zergaitik 😉).
Arratsalde partean heldu ginen hirira. Ostatura joan (apartamentu bat hartu genuen), maletak utzi, erosketa batzuk egin eta inguruko jatetxe batera afaltzera joan ginen. Ez ginen askorik urrundu eta laster bueltatu ginen apartamentura nekeak jota.
1. EGUNA.
Apartamentuan gosaldu eta martxan jarri ginen eguna ahalik eta gehien aprobetxatzeko.
⏩ Princes street. Hiri Berriko kalerik garrantzitsuena da, bertan biltzen baitira saltoki eta moda kate handienak.
⏩Scott-en monumentua. Gotiko estiloko eraikin bat da, 61 metroko altuera duena eta idazle baten omenez sortutakoa izan dena. Bere kolore belztuak harritu egiten du.
Hiri Berriko zonaldetik, hiriaren alde zaharrera pasatu ginen. Apur bat ezagutzen gara jada eta dakizuen bezala, hiri berri batera heltzean, tour bat egiteko joera dut. Oraingoan ere Sandemans New Europeko doako tour bat egin genuen. Ez pentsa publizitatea egiten diedanik, baina enpresa hau asko gustatzen zait eta aukera badut beraiekin egiten dut. 3 orduko bira egin genuen eta honek jarraian aipatuko ditudan toki asko hartu zituen barne.
⏩Royal Mile. Edinburgoko kalerik ospetsuena da. Mendebaldean, Edinburgoko gaztelua eta ekialdean, Holyrood jauregia lotzen ditu. Kalezuloz eta patioz inguratuta dago, merezi du horietako batzuetara sartzea Erdi Arora bidaiatzeko.
Abuztuan bidaiatu genuenez, Edinburgoko jaialdi famatuarekin egin genuen topo, non mundu osoko bisitariak biltzen baitiren kale honetan zehar.
Hiru astez, Eskoziako hiriburua eraldatu egiten da musika, antzerki eta dantza ikuskizunekin. Izugarrizko giroa sortzen da!
Asko gozatu genuen Fringe jaialdiarekin, edonork parte har dezake eta era guztietako milaka kale ikuskizun biltzen dira Royal Mileko kale bazterretan.
Kale honetan St. Giles katedrala dago. Edinburgoko katedral moduan ezagutzen den arren, egia esan, elizak ez du horrelako titulurik, ez baitu gotzainik. Ez ginen barrura sartu, baina sabaiaren egitura eta kolorea bitxia omen da.
Ordutegia: 9.00etatik 17.00tara.
Prezioa: doakoa.
Katedralaren alboan Midlothianen bihotza dago; garai batean puntu honetan Old Toolbooth espetxea egon zen.
⏩Greyfriars Kirk. 1602 eta 1620. urteen artean eraiki zen eliza hau. Historia nahasi bat du atzean, zeren eta 1679. urtean hainbat "covenanter" (mugimendu erlijioso presbiteriar baten kideak) elizan espetxeratuak izan baitziren epaiketa baten zain. Gaur egun, bere zerbitzuak ingelesez eta gaelikoz egiten jarraitzen duen eliza bakarrenetakoa da.
Eliza hilerri batez inguratuta dago, non pertsona ospetsu askoren atsedenlekua den. Bertan Bobby txakurra lurperatuta dago. George Mackenzie abokatuaren espiritua ere bertatik omen dago, "Odolzalea" bezala ezagutzen dena.Azaldu zigutenagatik, hilerri honetan gauza paranormalak gertatu izan dira urteetan zehar: emakume bat konorterik gabe agertu zen mausoleoko sarreran, lepoa ubelduraz estalita, norbaitek ito nahi izan balu bezala; tipo batek salatu egin zuen indar batek mausoleo barrura bultzatu ziola...
Hilerritik George Heriots eskola ikusten da, Harry Potterreko Hogwarts sortzeko inspirazioa izan omen zen.
Lehen aipatutako Bobby txakurra, John Gray poliziaren lagunik onena izan zen, 1858an tuberkulosiak hil zuen arte. Bere jabea Greyfriars hilerrian lurperatua izan ondoren, Bobby ez zen bere hilobitik mugitu 14 urtetan. Hiriko biztanleek elikagaiak eramaten zizkioten 1872. urtera arte, hil egin zela.
⏩The Elephant House. Hiriko kafetegirik ospetsuenetako bat da, J.K. Rowling idazleak bere "Harry Potter" liburuari forma ematen ordu asko eman zituen tokia izan omen baitzen. Ez ginen sartu, gure interesetatik kanpo geratzen zen eta. Nork jakin non idatzi zuen!
⏩Grassmarket. Orain den parke honetan ospatzen ziren exekuzio publikoak. Plazaren alboan Victoria kalea dago, arreta deitzen du bere fatxada koloretsuengatik. Edinburgoko kalerik politena dela diote! Antza J.K. Rowling kale honetan inspiratu zen Diagon kalea sortzeko ...

Bazkal ostean gaztelura hurbiltzea erabaki genuen.
⏩Edinburgoko gaztelua. Castle Hill muinoaren gainean altxatzen da, bertatik hiriaren bista dotoreak eskainiz.
Hona hemen galdu ezin dituzun interesguneetako batzuk: ordubateko kanoia (eguerdiko ordu batean, igandeetan izan ezik, gazteluan oso gertakari berezia gertatzen da bisitari guztiak biltzen dituena), Santa Margarita kapera, koroaren bitxiak, mons meg deituriko kanoi erraldoia eta gerrako espetxea (presoak gazteluko sotoetan pilatuta nola bizi ziren ikus daiteke).
2. EGUNA.
Apartamentuan gosaldu eta Princess Streeteko lorategietara joan ginen bueltatxo bat ematera. Garai batean, lorategiak egun dauden tokian, Edinburgoko aintzirarik garrantzitsuena zegoen, Nor Loch.
⏩Canongateko eliza. 1688an eraiki zen eta antza arreta erakartzen dute granate koloreko alfonbra handi baten gainean jarritako banku urdin argiek. Gu bertatik pasatu ginen, baina ez ginen barrura sartu.
⏩Eskoziako parlamentua. Enric Millares arkitekto espainiarraren lana da, 2004. urtean eraiki zena. Hasieratik, obra oso kritikatua izan zen hainbat arrazoirengatik: kostua, diseinu modernoa ... Hala ere, hor dago.
⏩Holyroodhouse jauregia. Ingalaterrako Erreginak Eskozian duen egoitza ofiziala da. Edinburgon bisitan ez badago, jauregia bisitatzeko aukera dago eta bertako egoitzak bisitatu. Gu denbora gabe genbiltzanez, ez ginen sartu.
Ordutegia: 9.30etatik 18.00tara.
Prezioa: 12£. Ez da Explorer Passen sartzen.
Eguerdi partean, bazkaltzera joan aurretik, Hiri Berriko ekialdean dagoen muino batera joan ginen, Calton Hillera. Hainbat monumentu daude:
Monumentu Nazionala. Napoleondar Gerretan eroritakoak omentzeko diseinatua, oraindik monumentua amaitu gabe dago. Atenaseko Partenoiaren tankera du.
Bazkaldu ostean, Eskozioako museo nazionalera hurbildu ginen. Ez zen gure planetan sartzen, baina denbora egin behar genuen ... Egia esan museoak harritu egin gintuen.
Museoa bost atal handitan banatuta dago: natura, kultura, artea eta diseinua, zientzia eta teknologia eta Eskoziako historia.
Ea asmatzen duzuen zein den museoko piezarik ezagunena, argazkia ikusita!
Dolly da bai👌👌, zelula heldu batetik klonatutako lehen ugaztuna.
Museo Nazionalak informazioa emateaz gain, bisitaria ikustera, ukitzera, jolastera eta gozatzera gonbidatzen du eta hori eskertzen da, gehienbat, bisita atseginagoa egiten delako.Iluntzean, betiko enpresarekin, Edinburgoko Alde Ilunaren eta iraganeko istorio latzen tourra egin genuen.
Hiriak badu historia ilun bat atzean, hilobien, gorpuen eta hiltzaileen lapurretak eta sorgin- erreketak barne hartzen dituena. 2 orduko ibilbidean zehar, guzti honen inguruko istorio errealak entzun genituen, leku ezberdinak aztertuz. Bi hilerri bisitatu genituen: Calton eta Canongate. Begiratu azken honetan zer topatu genuen...
NON JAN ETA EDAN?
Thing Thai Caravan. Kaleko janari bikaina, gozoa eta azkar zerbitzatua. Prezioak ez dira oso garestiak. Errepikatzeko modukoa.(8-9 Teviot Place, Edinburgo EH1 2QZ, Eskozia).
Maison Bleue. Astean zehar bi platereko menua dauka 12.5£- tan eta oso ondo dago. Kandelekin girotutako harrizko toki atsegina da.(Kinnells House 36-38 Victoria Street, Edinburgo EH1 2JW, Eskozia).
NOLA MUGITU GAITEZKE?
Aireportutik hirira joateko edoalderantziz, Airlink autobusa (100. zk.) dago. Asteko egun guztietan 24 orduz aritzen da lanean, 00:00etatik goizaldeko 4:30ak arte maiztasun txikiagoarekin. Joan-etorriak 7.50£ balio du.
Aireportutik hirira joateko edoalderantziz, Airlink autobusa (100. zk.) dago. Asteko egun guztietan 24 orduz aritzen da lanean, 00:00etatik goizaldeko 4:30ak arte maiztasun txikiagoarekin. Joan-etorriak 7.50£ balio du.
Hiritik mugitzeko ez dago garraiobideen beharrik, oinez ikus daiteke garrantzitsuena.

- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan

