- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan
Zamoratik Leon aldera salto egin genuen, eta bidean harribitxi bat topatu genuen: Astorga. Ez genuen denbora askorik, goiza baino ez, baina nahikoa izan zen hiri honen xarma eta historiaz maitemintzeko.
Astorga txikia da, baina bere baitan gordetzen du erromatarren aztarna, Gaudiren artea eta txokolatearen goxotasuna.
Astorga goiz batean ezagutzeko zera eskaintzen du:
⏩Gaudíren jauregia. Antonio Gaudík XIX. mendearen amaieran diseinatutako jauregia da, eta bere estilo neogotiko eta modernistaren adibide paregabea da. Harri zuri distiratsua, dorre zorrotzak eta leiho koloretsuak... Antoni Gaudíren ukitua edonon nabaritzen da. Kanpoko lorategian argazki ederrak atera daitezke.
⏩Astorgako Katedrala. Katedral hau XV. mendetik XVIII. mende bitartean eraiki zen, eta horregatik estilo arkitektoniko ugari uztartzen ditu: gotikoa, errenazentista eta barrokoa.
Kale zaharretan zehar arte urbanoa nonahi topatuko duzu.
Ez ginen sartu baina txokolatearen museoa hantxe dago, Astorga Espainiako txokolatearen hiriburua izan baitzen XIX. eta XX. mendeetan.
⏩Plaza Nagusia eta Udaletxea. Astorgako erdigunean dagoen Plaza Nagusia da hiriaren bihotza. Eguerdian zertxobait hartzeko leku ezin hobea da. Plazaren alde batean dago Udaletxea.
Han egon ginen pixka batean eguzkitan zerbait hartzen.
Bazkalostean Leon hirira joan ginen. Hotela erdi-erdian zegoenez, check in egin eta kalera atera ginen.
Lehenik eta behin, hiriko udaletxea aurkitu genuen, Plaza Nagusian. Erdian dagoenez, jendez gainezka zegoen.
Oso gertu katedral gotikoa dago, XIII. mendean eraikia eta bere beirate koloretsu ikusgarriengatik ospetsua.
Paseatzen harresi erromatarraren zati batekin topo egin genuen. Hau hiriaren jatorrizko gotorlekuetako bat izan zen, Erromatar Inperioaren garaikoa.
Lasai- lasai beste puntu zentriko batera heldu ginen Casa Botines eraikinarekin topatu arte. Antoni Gaudik diseinatu zuen XIX. mendearen amaieran, eta gaur egun artearen eta arkitekturaren museo zoragarria da.
Hirigune historikoaren bihotzean kokatutako auzo bizi batean bukatu genuen eguna, auzo umelean. Giro beroa, pintxo usain gozoa eta tabernaz taberna dabilen jendea da nagusi.
San Martin plaza da auzo umeleko puntu ikonikoenetako bat, eta afaltzeko leku ezin hobea bihurtzen da taberna eta jatetxe ugari dituelako, denak plaza beraren inguruan pilatuta.

- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan



