4 EGUN ERROMAN

17 EGUN MAROKON



         "Bidaia bakoitza aukera bat da mundua ez ezik, zeure burua ere ezagutzeko."

2022ko uda ahaztezina izan zen guretzat: kolore, zapore eta istorioz betetako bidaia egin genuen Marokotik. 
Sarrera honetan, bizitako une bereziak eta gure esperientziaren pasarte nabarmenenak partekatuko ditut, Marokoko paisaiak eta bazter ezkutuen xarma zureganatzeko asmoz. 
Gure bidaiaren hasierara itzuliko gara: nola iritsi ginen, lehen inpresioak, eta lehen egunetako bizipenak. Horretarako, zehatz-mehatz antolatutako bidaiaren emaitza aurkezten dizut. Sarrera honetan egunez eguneko ibilbidea irakurriko duzu:
 Uztailak 15                       TANGER
 Uztailak 16                       CHEFCHAOUEN
 Uztailak 17                       CHEFCHAOUEN
 Uztailak 18                       CHEFCHAOUEN + MEKNES
 Uztailak 19                        MEKNES + FEZ 
 Uztailak 20                       FEZ
 Uztailak 21                        FEZ + MARRAKECH

ZER IKUSI? EGUNEZ EGUN.

1. EGUNA 
Eguerdian iritsi ginen Tangerreko aireportura, hiriaren erdigunetik 11 kilometrora. Guk Civitatis bidez auto pribatu bat erreserbatu genuen (29€/ 2 pertsona). Aireportura heldu eta hoteleko atean utzi gintuzten.
Hotelean hartu gintuzten te bero-bero batekin eta pasta tipiko batzuekin, eta hoteleko terrazan dastatu genituen bista ikaragarriekin.
Hiria bi zatitan banatzen da. Zaharra, medina izenekoa, kalexkaz inguratutako egitura harresitua da. Eta eremu berria, "ville nouvelle", gerora eraiki zena, estilo kolonial frantses hutsari jarraitzen dio.
Kalera irten eta Kasbah-erako bidea hartu genuen. Kasbah Medinaren goiko aldea da. Harresiz inguratua dago eta labirinto erako kalexkek osatzen dute. Antzinako begiratoki bat bisita dezakezu, han portuaren eta Espainiako kostaldearen ikuspegi ederrak dituzu.
Erdigunetik Merkatu Nagusia ere bisita dezakezu, goizetan bakarrik zabalik dagoena, arratsaldean joan ginenean itxita baitzegoen; Zoko Txikia eta Meskita Handia.

Kaleetan bake eta lasaitasun giroa transmititzen da. Ez dago jende askorik, ezta turista askorik ere... primeran dago!

Apirilaren 9ko plazaren parean dagoen Bab el Fas atetik sartuko gara Tangerreko medinara.
Apirilaren 9ko plaza. Plaza zabala da, palmondoz inguratutako aldapan dago eta erdian iturri bat du, Bab el Fas ferra-arkuaren aurrean. Plazako lekurik esanguratsuenetako bat Cinema Rif da, gaur egun terraza duen taberna atsegin bat bihurtua. Apirilaren 9ko plazan Sidi Bouabid meskita ere aurkituko duzu, eta ezin izango zara bertan sartu musulmana ez bazara, baina kanpotik ikus dezakezu bere minarete ikusgarria.
Google maps-en laguntzarekin feniziar hilobietaraino paseatu genuen. Lekua gaizki zainduta dago, baina bista zoragarriak daude. Egia esateko, ez da must baina gertu dago galdu ezin duzun leku bat...
Hafa kafea. Bankaletan egindako terraza da, plastikozko mahai eta aulkiekin. Bertan, te berdea baino ez dute zerbitzatzen (10 MAD). Erdigunetik 1 km ibili behar da gutxi gorabehera, baina ikuspegiak eta giroak merezi dute.


Arratsaldea nahiko ondo aprobetxatu genuen eta gosea sabel joka zegoen.

Jatetxea: Macondo
Aukera ezin hobea da Marokoko janariaz gainezka egonez gero. Pasta oso ona egiten dute. Terraza zoragarria da. Ez da merkea. Rue Ben Abbou 13 rue Ben Abbou.


Ostatua: Dar El Hayet
Dirua aldatzeko lekurik onena Rue Siaghine kalea da.


2. EGUNA 
Egunon! Nola gozatzen diren gosariak Marokon!
Eginda maletak, medinatik Tanger autobus geltokiraino joatea tokatzen zen (20 MAD).
Tangerretik Chefchaouenera (2 ordu) CTM autobus-enpresarekin joan ginen. Egunean 5 autobus inguru daude. Aurreko egunean erreserbatu genuen bere orrialdetik eta 7€ pertsonako kostatu zitzaigun. 12:15ean hartu eta Chefchaouenera iritsi ginen 14:50erako, Tetuanen geldialdia egin ondoren.
Chefchauengo autobus- geltokia (Gare de Routiers) herritik urrun samar dago,  taxi bat hartu beharko duzu bertara iristeko (20 MAD). Taxi batean igo aurretik, ez ahaztu prezioa negoziatzea edo taximetroa eskatzea.
Chefchaouen izenak «adarrei begiratu» esan nahi du. Adar forma duten bi mendi handien aurrean dago hiria. Badakizu bi teoria daudela hiria urdin dagoelako:
1.Judu errefuxiatuak euren etxeak urdinez margotzen hasi ziren kolore honek zerua irudikatzen duelako, aldi berean Jainkoaren presentzia gogorarazten duena.
2.Bestea eltxoak uxatzeko da.
Ostatua: Chefchaouen Dar Dadicilef
15.00etarako hotelean geunden hiria esploratzeko prest.

Medinatik paseoan hasi ginen, kalexka bihurri nahikoak ditu entretenitzeko. Paseatzen Uta el-Hammam plazarekin topo egin genuen. Medinaren bihotza Uta el-Hammam plaza adokinatua da, funtsean gauza bera zerbitzatzen duten kafez eta jatetxez inguratua. 
Meskita Handia. Meskita honen bitxikerietako bat da minarete oktogonala duela, Marokon oso ohikoa ez dena. Beraz, zoazenean, begira iezaiozu.
Kalez kale ibili aurretik, terraza batean eseri ginen freskagarri bat hartzera. Han freskagarriari izotza botatzea ez da asko eramaten, eta nik koka-kola bero bat hartzea ezta. Beraz, bai, izotza eskatzen ausartu nintzen.
Norabide finkorik gabe paseatzen jarraitu genuen.
Harritu ninduen beste gauza bat kaletik dauden katu kopurua da, eta argi dago bakoitzak argazkitxo bat merezi zuela.

Zein fotogenikoa den hiria! Eta argazkiak ateratzea gustatzen zaigunoi imajinatu nolako erokeria.
Ordu ona iruditu zitzaigun erretiratzeko eta afaltzera joateko.
Jatetxea: Clock kafea.
Janari ona zuzeneko musikarekin. Lokalak hainbat solairu ditu polito apainduta eta goikaldean terraza eder bat. 3 Derb Tijani Hay Souk.
Oso ondo pasatu genuen, ondoan gazte kuadrila bat baikenuen musikariekin kantuan.
Bihar jarraituko dugu esploratzen...

3. EGUNA
Goizeko 10etan bero jasanezina egiten zuen. Hotelaren kanpoko terrazatxoan gosaldu eta martxan jarri ginen.
Beste katutxo bat ...
Espainiako meskitara joateko onena, Bab al Ansar, medinaren ekialdeko atetik irtetea da eta 30 bat minutuz gorantz ibiltzea. Muinoaren goialdean meskita espainiarra dago. Espainiarrek eraiki zuten 1920ko hamarkadan, baina ez zen inoiz erabili eta abandonuan erori zen. Oso leku bisitatua da. Gu goizean joan ginen beroagatik, baina ilunabarrean ere oso polita izan behar da.

Berriro Uta el-Hammam plazatik igaro ginen eta El Haouta plazara iritsi ginen. Tamaina handiko plaza da, tonu urdin ugarikoa, eta terraza asko ditu inguruan. Hala ere, bere ezaugarri bereizgarria erdiko iturria da, eta bertara etengabe iristen dira pertsonak etxerako ur-garrafak betetzera. Bertakoek sarri erabiltzen duten plaza da, oso polita.
Bazkaldu, siesta egin, eta berriro irten ginen medinan barrena ibiltzera eta argazkitxo batzuk ateratzera. El Asri kalezuloa oso fotogenikoa da. Baina xarma duten milaka txoko daude, ziur egon bazter bakoitzari argazkiak atera nahi izango dizkiozula. Oroigarri pare bat erosi genituen ere dendatxoetan: xaboiak, katiluak, etab.
Afaldu aurretik terraza batean eseri ginen bizitza pasatzen ikusi eta denbora egiteko. Herriari buruz hausnartzeko aprobetxatu genuen: Chefchaouen herrian egun bat/egun eta erdi izanda, herria ezagutzeko eta bertako giroaz gozatzeko nahikoa dela uste dugu.
Jatetxea: Hamsa.
Otordu ederra terraza zoragarri batean, mendiari eta plazari begira. Guk limoizko eta falafelezko oilasko-ziria probatu genuen, limoi-zuku oso gozoekin. Eskudirutan baino ezin da ordaindu. 32 Place Outa El Hamam, Chefchauen.
Gaurkoz eguna eginda.

4. EGUNA 
Gure azken gosaria Chefchaouenen. Goizean azken paseoa eman eta argazkitxo batzuk ateratzeko aprobetxatu genuen, zin dagizuet azkenak izan zirela.
Ras el-Maa iturrira hurbildu ginen. Edateko urez hornitzen duen iturburua da. Hementxe bertakoek fruta-postuak jartzen dituzte. Eserita egon ginen pixka batean, jendeaz gozatzen: haurrak uretan, familiak itzalpean etzanda...
Hoteletik pasatu ginen gure bazkaria izan zen fruta jatera eta maletak prestatzera.
                                         


Taxia hartu genuen Chefchaouen medinatik autobus geltokira eta 15MAD kostatu zitzaigun. Meknesera eraman gintuen CTM autobusa hartu genuen. Autobus-ibilbideak 6 ordu inguru irauten du (13.00-19.00), eta buruko 190 MAD balio izan zigun. Gero taxi bat hartu genuen Mekneseko medina aldera joateko (11 MAD).
Eguerdian jan genuen fruitaz bidaia osoan gogoratu ginen! Geltokian ahizpa botaka hasi zen, eta 6 orduz eduki ninduen alertan botaka egiteko poltsatxoa pasatzeko. Eskerrak txakur-kakak batzeko poltsatxoak eraman nituela. 
Nik oraingoz ez neukan sintomarik...
Meknes Marokoko lau hiri inperialetako bat da. Estrategikoki herrialdearen erdialde-iparraldean dago, eta horrek oinarri ezin hobea bihurtzen du Marokoko zati hori bisitatzeko.
Riadak oso sartuta daude medinan, dendarik eta merkataririk ez dagoen lekuetan. Segurtasun eza sentitu nuen, odisea bihurtu baitzen gure riada aurkitzea. Hobe riadeko ugazabei laguntza eskatzea, baina guk ez genuen eskatu, eta horrela izan zen bidea. Hotelera iritsi eta logelan sartu ginen. Ez genuen gauez medinan ibiltzeko gogorik, eta are gutxiago gu bakarrik ibiltzeko. Beraz, ogia eta pakete batzuk erosi genituen riadera iritsi aurretik pasatutako postutxo batean. Ogi oso gozoa, egin berria... Turista bakarrak ginen, bai, giroak yuyu pixka bat ere ematen zuen... beraz, logelara joan ginen sistu bizian. Eguzkia atera arte ez ginen irten.
Ostatua: Riad Inspira


5. EGUNA
Nik oso ondo gosaldu nuen, nire ahizpak ordea ez zuen mokadurik probatu eta riadeko emakumeak janaria eta janaria ateratzen zigun etengabe. Ni kemen handiarekin eta ahizpak zuen energia apurrarekin hiria bisitatzen hasi ginen.
Monumentu historiko gehienak XVII. mendean eraiki ziren Ismail sultanaren gobernupean, Meknes Marokoko hiriburu bihurtu zuen.
Dena topatu genuen obretan, 2019tik 2023ra zaharberritzen ari zirelako. Ez genekien datu hori, jakin izan bagenu bidaia aurreztuko genuke.
Medina Gizateriaren Ondaretzat du UNESCOk, eta ezin diozu bisita egiteari utzi. Medinaren bihotza el-Hedim plaza da. El-Hedim plaza, alde batetik Medinarekin eta bestetik Hiri Inperialarekin muga egiten duena, bertako biztanleen bilgune da. Arratsaldean saltzaile ibiltariz, musika-ikuskizunez eta giro ederrez beteta dago, eta benetako Maroko egoera puruan ikus dezakezu. 
Plaza handiaren parean Bab el Mansour atea dago. Ate horrek inskripzio bat du goiko aldean, honela dioena:
"Marokoko aterik politena naiz. Ilargia zeruan bezala naiz. Oparotasuna eta aberastasuna nire bekokian idatzita daude ".
Bab El-Mansour ate ikusgarria, 16 metroko altuera duena, hiriaren ikonoa da eta El-Hedim plazaren muturretako batean dago. 1732an amaitu zuten, 60 urtez eraiki ondoren. Sultanak arkitektoari galdetu zionean ea hobeto egin zezakeen, berak baietz erantzun zion. Orduan sultanak hil egin zuen. 
Mulay Ismailen mausoleoa. Mulay Ismail "Errege Gerlaria" bezala ezagutzen da, bera izan zen bere armada handiarekin turkiarrak atzerarazteko gai izan zen bakarra. Baina Mulay Ismailek 888 seme-alaba izan zituen 550 emazteekin eta milaka ohaideekin. Haur bat jaiotzean emakumea zela ikusten bazuen, berehala itotzeko agintzen zuen. Beste zaletasun bat esklaboak hiltzea zen, 36.000 esklabo baino gehiago hil omen zituen. Ez dugu komentarik egingo ...
Sarrera doan.
Madraza Bou Inania ere bisitatzea merezi duela diote, baina hau ere zaharberritzen ari ziren.
Maletak egin genituen, taxi bat hartu genuen geltokira joateko ONCF trena hartzera. Bidaiak 40 minutu inguru iraun zuen (16.40h-17.20h). Lehen klaseko tiketak 36 dirham bakarrik balio du (3.6 €).
Fezeko geltokira iritsi ginen. Medinatik urrun samar dago, baina taxi bat har dezakezu 30 dirhamen truke. Negoziatu prezioa igo aurretik, gehiegi ez ordaintzeko. Asko kostatu zitzaigun, eta handik igarotzen ari zen gaztetxo batek lagundu behar izan zigun, 30 MAD/pertsona eskatzen baitziguten. Kostatu zitzaigula esaten dudanean, zera da, luzaro egon ginela etsita.
Irakurria genuen gauez ez zela oso hiri segurua, niri ez zitzaidan batere gustatu Bou Jeloud atetik gure riadera egiteko bidea, eta hori eguna zela. Segurtasun falta handia sentitu nuen, medinako dendetatik urrundu heinean. Egia esan behar dut. Izututa iritsi nintzen, agobiatuta, bidea nahiko itogarria izan zen, mutil gazteen kuadrilla jarraika, buruko arazoren bat zuen gizon bat oihuka (hurrengo egunean giltzapetuta zeukaten), eta noraezean gu, riadaren bila. Negarrez iritsi nintzen ostatura, eta ugazaba txundituta geratu zen. Ni lasaitzen saiatu zen, baina ni ez nengoen sozializatzeko gogoekin une hartan, logelara joan eta seguru sentitu besterik ez nuen nahi.
Gizonak beste riad batera eraman gintuen, non logela gutxi batzuk eta terrazatxo bat baino ez zeuden. Han adineko agure bat bizi zen bere familiarekin (uste dugu) eta primeran zaindu gintuen lehenengo segundotik. Ezinezkoa zitzaigun komunikatzea, baina irribarrearekin eta keinuekin komunikatu ginen, eta oso seguru eta lasai sentitu nintzen berarekin.
Arratsalde hartan ez ginen gelatik atera, ni gauez kale horietan ibiltzeko gogorik ez nuelako eta ahizpak kili-kolo jarraitzen zuelako. Agureak tea eta pastak ekarri zizkigun. Ze jatorra... Betiko eramaten duzun oroitzapen eta pertsona horietakoa izango da.





6. EGUNA 
Atseden hartu eta gosaldu ondoren, energiaz beterik abiatu ginen. Hiri bat ezagutzeko modurik onena kalez kale ibiltzea da! Milaka txoko daude xehetasun ederrekin, merkatuekin, kalezuloekin, jatetxe txikiekin, kafetegiekin... Medina ondo ezagutzeko, free tour bat kontratatu genuen Civitatisekin. 4 ordu baino gehiago egon ginen berarekin ia bakarrik. Tourra baino lehen, bisita egin genuen:
Bou Jeloud atea. Fezeko antzinako medinarako sarrerarik onena Boujloud atea da. 1913an zaharberritu zuten. Nahiz eta bi horma altuz inguratuta egon, ez zuen inoiz defentsarako funtziorik izan, apaintzeko baizik. Hiru arku ditu eta, alde batetik, hiriaren kolorea irudikatzen duten azuleju urdinekin apainduta dago. Beste aldetik berdeak dira, Islamaren kolorea.
Tourra hasi genuen atea bisitatzen eta medinatik barrena mugitzen.
Madraza Bou Inania. Fezen eskola teologiko ikusgarriena da. Madraza hau XIV. mendean eraiki zen eta ostiralero Koranaren eskola eta meskita bezala erabili zen. Patioaren atzealdean otoitz-gela bat dago, eta musulmanak ez direnei irekitako eraikin erlijioso bakanetakoa da. Gure gida sartu zen eta argazkiak eta bideoak atera zizkigun.
Gidariak Chouwarako Zurrutegietara eraman gintuen. Chouwararen zurraketek hiriko irudirik adierazgarrienetako bat eskaintzen dute. Ekialdera edo ipar-ekialdera jo behar da Seffarine plazatik, eta 50 bat metroren ondoren, bidegurutzea ezkerretara hartu behar da; laster, larruaren usain ahaztezina nabarituko duzu, eta larru-zurraketen auzoaren bihotzera eramango zaitu. Denda bakoitzak terraza bat du, kanpotarrari ekintza ikusteko aukera ematen diona.
Goizean iristea gomendatzen da, putzuak koloretako tindez beteta daudenean. Saltzaileak pozik emango dute prozesuaren azalpen bat eta eskupeko txiki bat edo, hobeto, salmenta baten zain egongo dira.
Larruak behi-gernuaren, uso-gorotzen, gatzaren eta uraren nahasketa batetik pasatzen dira, leun uzteko. Sartzean, menta adaxka bat eskainiko dizute, eta ondo etorriko zaizu eskuetan zerbait edukitzea. Larruazala zenbait egunetan bertan utzi ondoren, substantzia naturalekin tindatzen dute, hala nola hennarekin edo azafraiarekin.
Ondoren, zapiak, mahai-zapiak... egiten zituzten lokal batera eraman gintuzten. Nola egiten ziren ikusi ahal izan genuen.
Madraza el Attarine. Bu Inania madraza baino txikixeagoa da. XIV. mendean eraiki zen 60 ikasle hartzeko, eta, beraz, ez da oso handia. Zur landuarekin eta esaldi koranikoekin egindako mosaikoekin apainduta dago. Gainera, oso ondo kontserbatuta dago, eta, beraz, Fezen egin beharreko ezinbesteko bisita da. Eguerdian edo goizean goiz joatea gomendatzen dugu, jendetzarik ez izateko.
Ordutegia: 9.00-18.00 
Prezioa: 20 MAD (2.01 €).
Bero itogarria egiten zuenez, bazkaltzera joatea erabaki genuen.
Jatetxea: Clock Kafea.
Marokoko janaria, baina baita pizzak eta hanburgesak ere. 6 Rue Mernissi Boujloud Right Behind the Blue Gate, Fez.
Denbora eman genuen tabernan, aire girotuarekin bikain.
Medinan barrena ibili ginen, kalexka, kalezulo eta zoko ezkutuen labirintoan barrena. Fezko medina bi eremu handitan banatuta dago: Fez-el Bali eta Fez-Jdid. Lehenengoa jatorrizko medina da, zokoz betea. Bigarren eremua XIII. mendean sortu zen, zabalkuntza gisa. Fezko medina gotortua, VIII. mendekoa, milioi erdi biztanle baino gehiago, 300 auzo baino gehiago eta 9.000 kalezulo dituena, munduko medinarik handienetzat jotzen da.
Fezeko zokorik garrantzitsuenak zerrendatuko ditut:
Attarine: Antzina produktu farmazeutikoetan espezializatua, gaur egun ezagunenetako bat da espezie-barietateagatik.
Henna: Produktu farmazeutiko eta kosmetiko naturalen merkatu nagusia, non henna nabarmentzen den produktu nagusi gisa. 
Nejjarine: arotzak. 
Gutxien espero den txokoan iturri eder bat aurkituko duzue, baina interesgarria da hiriko zaharrena ikustea: Nejjarineko iturria.
Chemainne: Antzina kandelen ekoizpenean zentratuta zegoen, baina gaur egun fruta lehorrak saltzeko erabiltzen da.
Sekkatine: Zaldi eta mandoentzako produktuen salmentan eta ekipamenduan espezializatua.
Labirinto honetan Al Karaouine meskita eta unibertsitatea aurkituko dituzu. Munduko unibertsitaterik zaharrena hartzen duen konplexu hori gune espirituala da. Fatima el Fihriak, tunisiar errefuxiatuak, sortu zuen 859an, eta XII. mendeko almorabideek handitu zuten. Otoitzean 20.000 pertsona har ditzake. Musulmanak ez direnek patioa ate nagusitik ikustearekin konformatu beharko dute. Hobe da medinaren gaineko edozein begiratokitik ikustea.
Errege Jauregia. Hiriko ikonoetako bat Errege Jauregiko sarrera zoragarria da. Eraikina ezin da bisitatu erregearen jabetzakoa delako, baina bere ateek bakarrik merezi dute. Tamaina askotako brontzezko zazpi ate daude, asteko zazpi egunak eta monarkiaren mailak irudikatzen dituztenak.
Bidean aurkitu genuen auzoetako bat auzo judua edo Mellah izan zen.
Seffarine plazan amaitu genuen eguna. Plaza hau Fezen egin beharreko beste geltoki bat da. Metalezko artisauek katiluei, teontziei edo erretiluei forma ematen diete, dendetako ateetan aulkitxoetan eserita. Plazaren doinu bereizgarria mailuak metalaren gainean jotzea da.
Zerbait hartu genuen terraza batean hirira begira, lasai afaldu genuen, erosketa batzuk egin genituen eta ez oso berandu erretiratu ginen, bihar goizean Marrakexerako bidea hartu behar baikenuen. Hori bai, ezin ginen hoteleko lagunari agur esan gabe joan.
Esan behar dizuet gauza pare bat geratu zitzaizkigula ikusi gabe: hilerri judua eta Habari sinagoga eta Borj Nor begiratokia.

Hurrengo geltokia Marrakex, baina hau guztia aurrerago kontatuko dizut sarrera berri batean.
Bisitatu Marrakexen sarrera, abentura honen inguruan irakurtzen jarraitzeko.