- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan

Kantabria amaigabea
Zenbatetan joan gara euskaldunok Kantabriarantz? Nor ez da egon Santanderren, Santillanan, Santoñan, Castron edo Nojan?
2021ean egin genuen eskapadatxoan herritxo ezberdinak bisitatu genituen, bai. Baina gure xede nagusia oinez, ibilbide ezberdinak egitea izan zen. Behintzat eguneko ibilbide bat.
Hauxe 3 egun bizien laburpena:
1. EGUNA. Faro del Caballo ibilbidea - Santilla del Mar
2. EGUNA. Ursulako ur-jauzia - San Vicente de la Barquera
3. EGUNA. Cabezongo sekuoien basoa - Comillas
EGUNEZ EGUN.
Hasteko El Bosque de la Anjana hotela aurkeztuko dizuet, hemen pasatu baigenituen bi gau ikaragarri. XIX. mendeko lastategi zahar bat, xarma handiko landa- hotel batean bihurtu dute. Ahalegin handia egin dute ametsezko leku bat eskaintzeko, xehetasun txikienak ere mimoz eta maitasunez zainduz. Zazpi logelek estilo, kolore eta usain ezberdinez apainduta daude, bakoitza bere nortasun propioa izanik.

1. EGUNA. FARO DEL CABALLO- SANTILLANA DEL MAR
Bilbotik hamaiketakoarekin batera irten ginen Santoñarako bidea hartuta. Bertan ibilbidetxo bat egitea pentsatuta geneukan: Faro del Caballo.
Gu joan ginenean ezinezkoa zen autoa aparkalekuraino igotzea, antza, goi- denboraldian bakarrik igo daiteke. Beraz, guk San Martin gotorlekura igo aurretik dauden etxeen artean utzi genuen.
Kotxea aparkatuta eta motxilak hartuta matxan geunden, ibilbide polita geneukan aurretik.
Buciero mendia inguratuz, Fraile haitzaren begiratokira helduko zara. Bistak zoragarriak dira, itsasoa garbi- garbi ikusten da. Hortik zuzen eginda baso txiki bat igaroko duzu eta puntu konkretu batean ezkerrerantz egin beharko duzu itsasargira iristeko (ondo seinalizatuta dago). Orain bai! Prest? 700 eskailera baino gehiago jaisteko momentua iritsi da! Ez larritu! Txarrena bueltan dator, eskailera guzti horiek igo behar dituzunean!
Ez pentsa, edonolako eskailerak direnik. Batzuk oso estuak dira, beste batzuk erdi apurtuta... baina lasai, baranda bat izango duzu bidearen zati handi batean oratu ahal izateko.
Egia esan, goitik itsasargira arte dauden ikuspegiak paregabeak dira eta horregaitik bakarrik, merezi dizu eskailera guztiak jaitsi eta igotzea. Guk itsasargiarekin desilusio handia hartu genuen, beste zerbait espero genuelako. Nahiko gaizki zainduta dago, pintadaz beteta.
Toki aproposa iruditu zitzaigun hamaiketakoa egiteko eta pilak kargatzeko, itsasoa eta itsargiari begiratu bitartean. Jakin 1863an eraiki zela eta 130 urtez erabilgarri izan zela. Ba al zenekien lehorreko sarbidea Dueso espetxeko presoek eraiki zutela?
Orain igoera dator... Animo!
Ibilbide osoak gutxi gora behera 9 km ditu eta 3h inguru egon ginen, argazkiak ateratzeko geldialdiak barne.
Kotxea hartu eta hotelerantz joan ginen check-in egitera eta zerbait bazkaltzera. Arratsalderako plan lasaiago bat pentsatuta geneukan.
⏩Santillana del Mar. Ez dakit zenbatetan egon naizen Erdi Aroko herri txiki honetan, baina ez naiz inoiz nekatzen, xarma handia duen herritxoa baita. Hiru gezurren herria dela diote, ez baita santua, ez laua, ez itsasoduna.
Autoa Errege plazan dagoen doako parkinean utzi genuen. Norabide konkreturik gabe ibili ginen harrizko-galtzada eta kalezuloez gozatzen. Santa Julianako kolegiata, harrizko garbitokia eta Plaza Nagusitik ibili ginen. Santillanara noan bakoitzean, harrizko garbitokiaren eskuinetara dagoen dendatxoan geldialdi bat egiten dut, baso bat esne fresko edateko. Tradizioak, tradizioak dira!😜
Herriak dendatxo asko ditu oroigarriren bat eraman nahi izanez gero, eta baita jatetxe ugari ere, guk bezala bertan afaltzeko.
2. EGUNA. SAJA-BESAYA PARKE NATURALA- SAN VICENTE DE LA BARQUERA
Gosari aparta prestatu ziguten ostatuan, ez zen ezer falta mahai gainean: zukua, ogia, etxeko mermeladak, fruita, arrautza- nahasiak, bizkotxoa eta etxeko jogurta. Ez dago batere gaizki eguna horrela hastea.
Gosari aparta prestatu ziguten ostatuan, ez zen ezer falta mahai gainean: zukua, ogia, etxeko mermeladak, fruita, arrautza- nahasiak, bizkotxoa eta etxeko jogurta. Ez dago batere gaizki eguna horrela hastea.
Bigarren egun honetarako Lamiñako ur- jauzietara (SL-R3) joateko intentzioa geneukan, hauek Saja -Besaya parke naturalaren sarrerako atean daude.
Eguraldiak ez zeukan gu laguntzeko gogorik baina hala ere, autoa Barcenillas herrian utzi eta herriaren eskuinaldean dauden kartelei jaramon eginez, maldarik gabeko bidexka batetik egin genuen aurrera. Tipi- tapa, euritan dantzan.

Bidea errekarekiko paralelo doa eta zuhaitzen artetik pasatuko zara. Gaztainak biltzen zegoen emakume bati galdetu genion ondo bagindoazen eta gutxi geratzen zitzaigula esan zigun. 2km aurrera egin ostean, Ursularen ur- jauziak adierazten dituen kartel batekin topo egingo duzu.
Bidea oso erraza da, baina kontuz ibaiarekin, momentu batzuetan gurutzatu egin beharko duzulako harrien gainetik. Nik bastoi edo makilaren bat eramatea gomendatzen dizuet, euskarri gisa erabiltzeko (nik hanka fresko-fresko izan nuen eta hori, bastoia eramanda).
Ibilbide zirkularrak 7 kilometro ditu guztira eta guk 3 ordutan egin genuen ur- jauzi ezberdinetatik igaroz. Uste dut 3-4 ur- jauzi ikusi genituela.
Iluntzean San Vicente de la Barquerara joan ginen. Autoa herriaren sarreran dagoen aparkalekuan utzi eta "El Manantial" tabernara joan ginen txokolatea txurroekin jatera. Euriarekin jarraitzen genuenez, buelta laburra eman genuen herritik Erdi Aroko harresira arte.
3. EGUNA. SEKUOIEN BASOA ETA COMILLAS
Berriro ere gosariak energiaz bete zigun eta eguraldiak atsedena emango zigulakoan geunden. Maletak kargatu, agur esan eta Sekuoien basorantz abiatu ginen. Autoa bide bazterrean dagoen aparkalekuan utz dezakezu. Gu bezala beste ehundaka pertsona zeuden basoa bisitatzeko gogoekin, baina zortea izan genuen eta lehenengoan aparkatu ahal izan genuen. Eta gainera... eguzkia ☼ lagun.
40 metro baino gehiagoko altuera duten ehundaka zuhaitzen artean ibiliko zara. Antza 1940. urtean frankistek zurari errentagarritasuna ateratzeko nahian, ehundaka ale landatu zituzten, gerora bere horretan utziz.
Ez zigun denbora askorik eraman eta zuhaitzak ikusteaz nekatu ginean, hurrengo helmugara (eta azkena) joan ginen.⏩Comillas. Ibilbidea Sobrellano jauregitik hasi genuen baina itxita topatu genuen, beraz, aurrera. Herriko udaletxetik eta alde zaharretik bueltatxo bat eman ostean, Mairuaren atea ikustera joan ginen. Atea berezia bada, hiru "ate" dituelako: pertsonentzako, ibilgailuentzako eta hegaztientzako.
Hortik hondartzara jaitsi ginen eta bertako jatetxe batean bazkaldu genuen. Hilerria ere Comillasen ikusi beharreko tokia da, beraz, maldan gora joan ginen hilerrira arte. Polita da bai, ikuspegi ederrak dituzte bertako bizilagunek.
Amaierarako utzi genuen Gaudiren Kapritxoa.

Antonio Gaudik Kataluniatik kanpo egin zituen obra ikusgarrietako bat da. Etxe txiki honek bi solairu ditu. Prezioa 7€-koa da eta ikasleek bi euroko deskontu txiki bat dute.
Bukatu da, bukatu da.... Autora igo eta etxera joateko momentua iritsi zitzaigun. Zubi polita, etxetik gertu.

- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan










