- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan

Gure bidaia-helmuga ez da inoiz leku bat, gauzak ikusteko era berri bat baizik.
Henry Miller
Aitortu beharra daukat Ciudad Rodrigo bisitatzea ez zela bidaiaren arrazoi nagusia, ez ginen bertara espreski joan, geldiune soil bat izan baitzen.
Bada, 2021eko udan Portugalera bidaia bat egin genuen autoz, Ciudad Rodrigo herritik igarota. Herri interesgarria da, muga igaro aurretik kale batzuk zeharkatu eta interesgune batzuk bisitatzeko.
Izan ere, Ciudad Rodrigo Portugaletik 25 kilometrora dago. 12000 biztanle inguruko herri polit honek hirigune historiko erabat harresitua du, bere gaztelu, paradore eta etxe xarmantekin. Horregaitik 1944an Multzo Historiko Artistiko izendatu zuten, ondare liluragarri eta historiz beteriko txokoak izateagatik.
EZINBESTEKOAK CIUDAD RODRIGON
Ciudad Rodrigo udalerri harresitua da eta barrualdeko kaleetan zehar katedrala, plazak, nobleen etxeak ... ikusi ahal izango dituzu. Egia esan, ez du galerarik, oso txikia delako.
Eta ziurrenik nik hemen idatzitakoa baino gehiago egongo da bisitatzeko herrian eta inguruetan, baina nik egun erdi batean zer bisita dezakezun komentatuko dizut.
Kondearen atetik sartu ginen herrira, baina beste 6 ate izango dituzu sartzeko, autoa non aparkatzen duzunaren arabera. Ez genuen arazorik izan aparkatzeko, merkatu eguna izanda ere.
⏩Santa Maria katedrala. Ciudad Rodrigoko katedrala Monumentu Nazional izendatu zuten 1889an. Estilo nahasketa bat du, erromanikoa eta gotikoa, urteen poderioz aldaketak jasan baitzituen. Kateen Atearen aurrealdeari erreparatuz gero, Itun Zaharreko irudiak ikusiko dituzu.
Katedralari buelta emanda, Herrasti plazarekin topo egingo duzu. Erdian Perez de Herrasti jeneralaren eta Independentziaren heroien monumentua dago.
⏩Harresitik paseatu. XII. mendean eraiki zen, Fernando II.a Leongoaren aginduz. Harresira igo zaitezke, egoera ezin hobean dagoena, gu katedralaren albotik igo ginen. Alde batetik igo eta beste aldetik jaitsi zaitezke, harresiaren zati handi bat zeharkatuz.
Zubi Nagusia harresitik ikus dezakezu, badirudi zubiak jatorri erromatarra duela.
⏩Gaztelua. Gaztelua 1372an eraiki zen, baina gerora aldaketak izan ditu. 1931. urtetik Turismo Paradore Nazionala da, Espainiako zaharrenetakoa. 17 metroko Omenaldiaren Dorrea deigarria izango zaizu.⏩Plaza Nagusia. Herriak Plaza Nagusi polita du. Gainera, terrazadun jatetxez beteta dago, jateko leku ona, guk hala egin genuen.
Baina jatetxeez gain, udaletxea ere ikusiko duzu, fatxadaren ondoan dituen kanoiekin, eta Cerralbo markesaren etxea, XVI. mendekoa.
⏩Etxe eta jauregiak. Harrizko eraikuntzak, antzeko estiloarekin. Denetan ikusiko dituzu ateetan armarri familiarrak. Politena iruditu zitzaidana Kartagoko markesaren etxea izan zen, XIX. mendearen amaieran eraiki zena estilo neogotikoan.
Baina gehiago daude, esaterako, Vazqueztarren etxea, Pasioaren Ospitalea edo Katearen Etxea, izenak berak adierazten duen bezala kate batez inguratua dagoena.


Egin atzera
- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan


