- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan
Hiri nahasia
2018an, Camboya & Vietnam bidaia egin genuenean, 2 egunez egon ginen Hong Kongen, bertara heldu eta bertatik irten baitziren gure hegazkinak.
Hurrengo lerroetan guk bisitatu genuena soilik azalduko dut, baina ez ahaztu, Hong Kongen gauza asko daudela ikusteko eta egiteko. Egia esan, espero nuena baino gehiago gustatu zitzaidan!
ZER IKUSI? EGUNEZ EGUN.
Hong Kong oso handia da eta hotelaren kokapenaren arabera garraio publiko ezberdina hartzeko aukera dago. Hemen aukera batzuk:
Hotela alde zaharrean (Old Town Center) izanez gero, "Airport Express" metro linea hartu behar da bukaera arte (linea berdea).
Hotela Kowloon zonaldean izanez gero, bi aukera daude: lehenengoa, A21 autobusa hartu (66HKD/6.96€) edo bigarrena, "Airport Express" (linea berdea) hartu alde zaharrera arte eta metro- aldaketa ibaiaz bestaldera joateko(linea gorria).
1. EGUNA. KOWLOON
Kowloon penintsulan zegoen gure hotela, beraz ingurukoa bisitatzera irten ginen.
⏩Andreen merkatua. Tung Choi kalean kokatuta dagoen merkatua da. Zergaitik izen hori? Antza bertako produktuen gehiengoa emakumeei bideratuta daude, baina egia esan edozeinentzako produktuak aurki daitezke. Denetarik topatu dezakezu: arropa, erlojuak, oroigarriak, aparatu elektronikoak ...
Ordutegia: 12.00etatik 23.00tara.
⏩Argien sinfonia. Ibaiertzean gauero (eguraldiak lagunduz gero) egiten duten soinu eta argien ikuskizuna da. Ondo dago, gustatu zitzaidan eta gainera tokia soberan dago ikusteko eta disfrutatzeko jendea gainean izan gabe, pasealekua luzea da eta. Posible da ikuskizuna itsasontzi batetik ikustea, baina prezioak ez ditut ezagutzen.
Ordutegia: egunero 20.00etan.

⏩Erlojuaren dorrea. Granito eta adreilu gorriko 44m- ko dorrea da. 1915. urtean altxatu zuten eta Kowlooneko tren-geltokiaren parte izan zen. Gaur egun, ez dago geltokiaren arrastorik, dorrea soilik geratzen da.

Zonalde horretatik egonez gero, emon bueltatxo bat itsatsertzeko pasealekutik, giro polita dago. Bertan batzen dira kale antzezlanak, abeslariak, imitatzaileak ... Guk karaoke inprobisatu batekin egin genuen topo, nahi zuenak mikrofonoa hartu eta abesten jartzen zen. Ausarta izan behar horretarako!
⏩Izarren etorbidea. Itxita zegoen obrengatik. Bertako eskulturak aldi baterako eraman dituzte "Izarren lorategira". Hong Kongen jaiotako zinemako izarren eskulturak eta eskuen aztarnak ikus daitezke.

⏩Gaueko merkatua. Hong Kongeko merkaturik ezagunena da, Tenplu kalean egiten dena gauez. Ez dakit zelan deskribatu merkatu ireki hau... Errepide luze eta zabal bat da eta bi alboetan postutxoak daude. Zer topatu dezakezu? Denetarik eta aldi berean ezer ere ez. Txikikeriak demasa. Kalearen hasieran oroigarriak, arropa, erlojuak ... zeuden, gero jostailu sexualez osatutako postuak igaro genituen eta azkenik tarotisten postuak. Jende dexente zegoen ilara egiten azken postu hauen aurrean. Gu badaezpada ez ginen ausartu!
Ordutegia: 16.00tatik 00.00etara.
2. EGUNA. ANTZINAKO HERRIKO ERDIGUNEA
Metroa hartu (linea gorria) eta alde zaharrera joan ginen. Ez geneukan egun osoa, hegazkina arratsaldean irtetzen zelako. Beraz, hiruzpalau gauzatxo ikusi eta azkenengo erosketak egin genituen etxera itzuli aurretik.
⏩Pottinger kalea. Gorantza egiten duen harrizko galtzada da. Bi alboetan kaleko postutxoak daude, kalea igotzea zailtzen dutenak.
⏩Man Mo tenplua. Hong Kongeko tenplurik zaharrena omen da. Bertan bi idolo daude: Literaturaren jainkoa eta Gudaren jainkoa. Tenplua etxe orratzez inguratuta dago, bitxia benetan! Tenplura sartu ginenean ke geruza erraldoi bat zegoen airean, ez genuen aurrekoa ikusten, fededunak intsentsu asko erretzen ari ziren eta.
Ordutegia: 8.00tatik 18.00etara.
⏩PMQ. Gerraren ostean, polizia gazte ezkonduentzako (Police Married Quarters) ostatu gisa erabili zen. Dendatxoak ikustea gustuko baduzue hau da zuen tokia... Gaur egun 80 sortzaileren etxea da eta bertan saltzen dituzte beraien sorkuntza berriak.
Auzo historiko honetan gauza asko dago egiteko eta ikusteko: monumentuak, arte-galeriak, dendak... Bisitatzeko modurik onena kaleetan galdu eta eramaten uztea da, horrela topatzen dira txoko bitxi ugari.
NON EGIN LO?
KINGS HOTEL. Tenplu kalean kokatutako hotela. Berria zirudien, logelak ondo apainduta eta prezio bikaina bere kokapena kontutan hartuta. Hori bai, logelara sartu orduko, arautegi batekin topatzen zara mahai gainean. Ez dut inoiz hain araudi luzerik ikusi. Bisitatu hotelaren web orria hemen.
(50 Temple Street, Yau Ma Tei, Hong Kong, Hong Kong).
- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan
