4 EGUN ERROMAN

7 EGUN GALIZIAN

                  

Galizia da ikusten duguna: lurra, itsasoa, haizea ...

Baina bada beste Galizia bat sentimenduetan sartzen dena

Manuel María 

7 egunetan zehar Galiziatik egindako bidaia da, autoz eta plangintza gutxirekin, baina gogo handiz. Prest?
1. EGUNA. Iparraldeko kostaldea
2. EGUNA. Iparraldeko kostaldea
3. EGUNA. Iparraldeko kostaldea eta Morte kosta
4. EGUNA. Morte kosta
5. EGUNA. Santiagoko lurrak
6. EGUNA. Rias Baixas
7. EGUNA. Ons uharteak

EGUNEZ EGUN.

1. EGUNA. IPARRALDEKO KOSTALDEA
Zuzenean GPSa jarri eta lehen helmugara abiatu ginen. Edozein bidetik joanda ere, N-634 zaharretik edo A-8tik, Ribadeo baino 10 kilometro lehenago dago, eta bi kasuetan seinaleztatuta dago desbideratzea. Kotxea aparkalekuan utzi eta hondartzara sartzeko ilara egitera joan ginen.
⏩Katedralen hondartza. Merezi du hondartza izugarri honetara iristea, non higadurak arkuak zizelkatu dituen labarretan, 30 metroko altuerarainoko kontrahormak sortuz. Gu joan ginenean, itsasbehera zegoen (saiatu momentu horretan joaten) eta arkuak, haitzuloak nahiz korridoreak agerian zeuden.
Oraintxe aipatu bezala, itsasbehera dagoenean bakarrik ikus daiteke agertoki bitxi hau, horregatik, itsasaldien ordutegiaren berri izan behar da, bidaia alferrik ez egiteko.
Leku honi ospeak gainezka egin dio: udan bisitariz gainezka egoten da eta udan eta Aste Santuan aparkalekuak gorarte daude. Dena den, ez dago aparkaleku arazorik, 4 aparkaleku desberdin daude eta.
EZ AHAZTU! Internet bidez egin behar da erreserba hondartzara sartzeko.
Kostaldetik urrundu eta Galiziako erresumako zazpi hiriburu historikoetako batera joan ginen: Mondoñedora. 
Mondoñedoko eraikinik garrantzitsuena Santa Maria katedrala da. Hainbat estilo biltzen ditu (oinplano erromanikoa, elementu gotikoak eta dorre barrokoa). Ez ginen sartu, baina sarrerak 5,5 € balio du.

Jakin bertako tabernetan, edanaldi bakoitzeko tapa bat ematen dizutela. Horrelako birekin bazkaldutzat eman genuen.
Ostaturako bidean jarri ginen (ez dut izena aipatuko, bide batezko hotela zelako eta ez dudalako gomendatzen) gure maletak eta traste guztiak uzteko. Hotela Viveiron geneukanez, kotxea albo batera utzi eta arratsalde- iluntzea herria bisitatzera dedikatu genuen, inolako presarik gabe.
Miserikordiako zubi luzea herri historiko honen sarbidea da. Alde zaharra oso polita da, harrizko kalez, arkupez eta jauregiz beteta dagoelarik. Garai batean harresiz inguratua egon zen, baina horren aztarna gutxi geratzen dira.
Berandutu baino lehen afaltzera joan ginen, jatetxeak arin betetzen dira eta.
JATETXEA O´ Recuncho
Oso janari ona eta zerbitzu ona izan genuen. Hegaluze entsalada, txipiak eta kabratxoa jan genituen. De Pastor Díaz kalea, 55, 27850, Viveiro.
2. EGUNA. IPARRALDEKO KOSTALDEA
Eguna gosari gozo batekin hasi genuen. Supermerkatuan bazkarirako beharrezko guztia erosi eta errepidean jarri ginen. Lehendabizi, Souto da Retortara joan ginen, Chavineko eukaliptala bezala ere ezaguna. Egia esan, ez du merezi bertara joatea, zuhaitz bakarra bisitatzen baita. Suposatzen da, baso honetan, kontinente osoko luzerarik handieneko eukalipto ale batzuk hazten direla. Guk "Avó", basoko aitona, deituriko zuhaitza soilik topatu genuen, 1880. urtean landatua, 60 metro inguruko altuera eta 7 metroko perimetroa duena.
Fragas do Eume Parke Naturalerako bidean jarri ginen. Eguraldi ona zegoenez, gure moduan, beste hainbestek egin zuten plan berdina eta horregatik kotxea aparkatzea ez zen erraza izan, baina azkenean lortu genuen.
Bertako piknik- gune batean bazkaldu eta martxan jarri ginen.
Jakin sarrerarik ohikoena Pontedeume herritik egiten dela, DP-6902 errepidea hartuta, Eume ibaiarekiko paralelo, interpretazio zentrora iritsi arte.
Parkea ezagutzeko 8 ibilbide ezberdin daude, baina guk Os Encomendeiros ibilbidea egin genuen, Cal Grande eta Fornelos zubiak ezagutzeko aukera ematen duelarik, baita Caaveiro monastegia eta Santa Kristina Erdi Aroko zubia bisitatzeko ere.
Bidea ez da zaila. Kalkulatu 11 km joan- etorria gutxi gora behera. Derrigorrezkoa ura eta oinetako egoki batzuk eramatea.
Izerdi pixka bat bota ostean, hotelera joateko ordua iritsi zitzaigun dutxa hartzeko eta berriro kalera irtetzeko. 
Portodeumetik hainbeste buelta eta buelta eman ostean, afaltzeko ordua egin zitzaigun. 
JATETXEA A batea
Herriko taberna, kalitatezko janariarekin (kroketak, txipiak eta olagarroa). Praza da Angustia 13 Bajo, 15600 Pontedeume.
OSTATUA: Hotel Monte Breamo
Guztiz gomendagarria. Portodeume herritik kanpo dago, beraz autoa behar da bertara iristeko. Logela eta gosari bikaina!😃

  3. EGUNA. IPARRALDEKO KOSTALDEA ETA MORTE KOSTA
Gosaldu, gasolina bete eta Betanzosen geunden, Galiziako hiriburu historikoetako bat. Familia burgesen etxe, jauregi eta elizekin topo egiten duzu bere kaleetan, baina egia esan ez ginen larregi luzatu eta alde zaharra begiztatuta, bideari jarraipena eman genion.
Kostaldez aldatu eta gaztelaniazko "la costa de la muerte"ra pasatu ginen. Bere izena, mendeetan zehar bere uretan gertatutako zoritxarrekin bat dator, hondoratze ugariren eszenatoki izan delarik.
⏩LaxeItsas herri polit bat da, kristalen hondartza nabarmentzen delarik. Ezaguna izango da, baina kristal gutxi geratzen dira... Ez du merezi bertara joatea hori ikusteko. Nik beste gauza bat espero nuen.😡
Camariñas herritik pasatu ginen Vilan itsasargira zuzenean joateko. Vilano lurmuturreko itsasargia, zoragarria iruditu zaitzaidan bere 125 metroko altuerarekin.
Merezi du bertara joan eta bisitatzea. Aparkaleku handia dago itsasargirantz igotzen hasi baino lehen.
Hurrengo herritxoa Muxia izan zen, Prestigen hondoratzeagatik ezaguna. Egia esan ez genuen ikusi bisitatu beharrekoa, beraz hurrengo baterako pendiente geratzen zaigu. Zer ezin daiteke galdu? Muxiako itsasargia eta Nosa Señora da Barcaren santutegia.
Gure ibilbidea bere amaierara iritsi zen toki zoragarri batean...
Finisterre. Duela urte asko, lurra laua zela uste zenean, mundua puntu honetan amaitzen zela uste zuten eta hortik dator bere izena: finis terrae.
Jakin, Finisterreko itsasargia Done Jakue bide ospetsuaren amaiera dela.
Gu ilunabarra ikustera joan ginen. Denborarekin joan, aparkatzeko eta toki ona hartzeko (gu itsasargiaren atsekaldean kokatu ginen) eta eraman zerbait berotzeko.
OSTATUA Hostal Mariquito
JATETXEA Mesón Arco da Vella
Janari galiziar aberatsa. Porturako bista onak (giozak, olagarroa eta zamburiñak). Ribeira pasealekua 21, 15155 Fisterra.


4. EGUNA. MORTE KOSTA
Laugarren egunean, zuzenean, Ezaroko ur- jauzietara joan ginen. 40 metroko ur-jauzi ikaragarria da, Pindo mendiaren magaletik itsasora isurtzen dena.
Aparkalekutik gora eginez gero, behatoki batera heltzen zara. Gu ez ginen joan eguna nahiko triste zegoelako.
Hurrengo geralekuak Noia eta Muros herriak izan ziren, bueltatxo labur bat eman, supermerkatuan erosketa batzuk egin eta arratsaldea Area Mayor hondartzan igarotzera joan ginen.
Berandutu baino lehen ostaturako bidea hartu genuen, lasaitasunez afaltzeko eta hurrengo egunerako indarrak hartzeko.
OSTATUA: Asador de Roxos Casa Albardonedo

5. EGUNA. SANTIAGOKO LURRAK
Santiagon geunden azkenean. Kotxea aparkaleku batean sartu eta gure hotelera hurbildu ginen. Kokapen ezin hobeko ostatua aukeratu genuen, hiriaren erdi- erdian, plazaren albo batean.
OSTATUA: Hotel Oxford Suites
Santiago ezagutzeko  Free Tour bat egitea pentsatu genuen. Tourraren ibilbidea oinez izan zen eta 2 ordu inguru iraun zuen. Guk honako orri honetan kontratatu genuen.
Zer ikusi behar da Santiago de Compostelan bai ala bai?
Katedrala. 1985etik Gizateriaren Ondare da. Orain obratan dago 2013. urtetik. Katedralaren barruan garrantzi handieneko objektua bere botafumeiro erraldoia da, Santiago de Compostelan ikus daitekeen ikurrik  ezagunenetakoa eta munduan bakarra.

 Santiagoko katedrala bisitatzea doakoa da. Baina gune jakin batzuk (tribuna, estalkiak eta erakusketak) ordainpekoak dira. Ordutegia: 9.00-19.00.
Obradoiro plaza. Santiago de Compostelako plaza nagusia, Done Jakue bide guztietako 0 kilometroa. Sinbolismo ezberdineko eraikinez inguratuta dago: erlijiosoa (katedrala), zibila (jauregia, udalaren eta Galiziako Batzarraren egoitzak) eta akademikoa (ikastetxea, Santiagoko Unibertsitateko Errektoretzaren egoitza).
Plateria plaza, Bonavaleko Santo Domingo komentua edota merkatua ezinbesteko bisitak dira.
Alameda parkea. Hiritik deskonektatzeko toki aproposa. Bidean bi Marien estatua topatuko duzu. Pasealekuan dauden begiratokietara joan, katedralaren eta erdigune historikoaren ikuspegi zoragarriaz gozatzeko eta argazkitxoren bat ateratzeko.
Taberna eta jatetxe gehienak Rúa do Francon biltzen dira.
JATETXEA Taberna O Gato Negro
Enpanada probatzeko leku tipikoa. Rua Raina z/g, Santiago de Compostela.
JATETXEA A Noiesa jatetxea
Zerbitzu eta janari bikaina. Leku atsegina eta modernoa. Rúa do Franco 40, 15704, Santiago de Compostela.
                
6. EGUNA. RIAS BAIXAS
Santiagon gosaldu ondoren, agur esan genion hiriari eta Cambados bidean jarri ginen. Portuan aparkatu eta zuzenean turismo bulegora joan ginen.
Albariño ardoagatik oso ospetsua da eta puntu asko ditu bisitatzeko.
Maskorren etxea. Bere izena bere fatxadagatik da,  bieira maskorrez estalita dago eta.
San Frantzisko komentua. XVI. mendearen amaierakoa da eta egun ekitaldi eta bileretarako tokia da.
Santa Mariñaren hondakinak. Estilo ezberdinak izan dituen kapera eta geroago hilerri izan da eta 2014an Espainiako hirugarren hilobi-monumentu garrantzitsutzat jo zen.
Piknik inprobisatu bat egin ondoren, kotxea hartu eta San Sadurniño dorrera joan ginen. Gaur egun hondakinetan dago, baina dorre hau, hirira itzuli nahi zuten nabigatzaileentzako gida bezala erabiltzen zen.
Eguna Combarroko herri bitxian amaitu genuen. Itsasbehera egonik, garaien aurretik paseatu genuen; hauek garai batean despentsa edota aletegi bezala erabiltzen ziren.
Dana dala, herriaren goiko aldea ere bisitatu behar da bere etxe tipikoekin, arkupeekin eta  plazatxoekin.
Afaltzera joan baino lehen, hurrengo eguneko txangorako tiketak erosi genituen.
Egia esan gure hasierako asmoa Cies uharteetara joatea zen, ezagunenak eta politenak direla diote. Baina bertara sartzeko aldez aurretik erreserba bat egin behar da online.
Egin genuen?
Ez.
Jakin genuen?
Ez.
Gure lelo aurpegiak gaindituta, plan alternatiboak bilatzen hasi ginen eta Internet bidez Ons uharteen berri jakin genuen. Gestio batzuk eginda eta online erreserba eginda, bageneukan txangoa hurrengo egunerako




7. EGUNA. ONS UHARTEAK
Ferria hartu genuen goizean goiz Ons uharteetara (15 € joan- etorria). 
Mendi- ibilbide bat eginda Melide hondartzara heldu ginen, turkesa koloreko ur lasaiarekin. Eta horixe izan zen gure eguneko plana! Hondartzan etzanda egon, buelta eta buelta!☀🌊
                                             


Horrelako plana egiteko asmoa baduzu, eraman janaria, bertan erosteko aukera gutxi baitaude  portutik urrunduz gero.
Iluntzean bueltan geunden, hotelera joan, dutxa bat hartu eta Combarrosera joan ginen afaltzekotan.
JATETXEA O Bocoi
Galiziako janari tipikoa jateko lekua. Do Mar kalea 20, Combarro Espainia.
Ez ahaztu aldez aurretik erreserbatzeaz!


OSTATUAHotel Rural Campaniola

Egin atzera