4 EGUN ERROMAN

5 EGUN PRAGAN

Begiratzen duzun lekutik begiratzen duzula, fotogenikoa.

Praga, Moldava ibaiaren inguruan antolatzen den eta harkaitzezko muino baten gainean gaztelu erraldoi bat duen hiri bizia da.
Has gaitezen! Prest al zaude Pragara bidaiatzeko?

1. EGUNA. Staré Město (Alde Zaharra)
2. EGUNA. Hradčany eta Malá Strana (Herri Txikia) 
3. EGUNA. Cesky Krumlov
4. EGUNA. Nove Město (Hiri Berria)
5. EGUNA. Azken erosketak

ZER IKUSI? EGUNEZ EGUN.
1. EGUNASTARÉ MESTO. 
Apartamentua ibaiaren beste aldean genuen, alde zaharrarekiko paralelo. Goizaldeko hezetasunaren freskotasuna nabari zen, baina horrek ez zigun gogorik kendu gosaltzera joateko eta eguna indarrez hasteko.
Dakizuen bezala, Sandemans New Europe Free Tourrak egitea gustuko ditut eta kasu honetan ez zen gutxiago izango. 3 orduko ibilaldia egin genuen oinez eta hiriko punturik esanguratsuenak ezagutu genituen. Hori bai! Tourra hasierako kontaktu bat bezela hartzen dut, hurrengo egunetan berriro joan ginen puntu guzti horiek sakonki ezagutzera. Nahi izanez gero, ezagutu beraien tourrak eta funtzionamendua hemen. Jakin ibilbidearen amaieran, tourra baloratu eta zure eskupekoa eman behar duzula. Eskupekoekin bakarrik egiten dute lan.
⏩Josefov (auzo judutarra). XIII. mendean harresi garai bat eraiki zen judutarrak kristauetatik bereizteko eta XIX. mendearen amaieran agintariek erabat eraberritu zuten eremua, sinagogak, hilerria eta udaletxea bakarrik mantenduz. Naziek Pragako juduak Terezingo espetxera bidali zituzten eta handik Auschwitzera.
Auzo honetako bisitarik garrantzitsuenak 6 sinagogak, antzinako hilerri judutarra eta udaletxea dira.
Guk 5 sinagoga eta hilerria barne hartzen zuen sarrera hartzea erabaki genuen. 
       Ordutegia: apiriletik urrira 9.00etatik 18.00etara. Larunbatetan itxita.
       Prezioa: 300 CZK (11€) helduak eta 200 CZK (7.40€) ikasleak.
Dena den, 3 sinagogatan bakarrik sartu ginen. Jakin, gizonezkoek burua estalita eraman behar dutela bai sinagogetan, bai hilerrian (paperezko kipak daude sarreran, doan).
    -Pinkas sinagoga. Ospetsuenetarikoa ziurrenik, hileak harrotzen zaizkizun toki horietako bat. Bere paretetan naziek hildako 77.297 judu txekoslobakiarren izenak daude idatzita. Gainera, Terezingo kontzentrazio- esparruan egon ziren haurren marrazki bilduma aurki daiteke. Bisitatutako sinagogetatik gehien hunkitu ninduena izan zen.
         -Maisel sinagoga. Objektu judutarren bilduma handi bat du.
      -Sinagoga espainiarra. Izen hori hartzen du Granadako "La Alhambraren" antz handia duelako dekorazioan.

                                 

Hilerriak asko harritu zidan. Toki hau, judutarrak Pragan lurperatzeko leku baimendu bakarra zen. Ez da oso toki handia, beraz gorpuak bata bestearen gainean lurperatuak izan behar ziren, 10 gorpuko metaketara iritsiz...😲 Uste da 100.000 pertsona inguru lurperatuta daudela bertan baina, auskalo! 
Bi gomendio: 
1) Sarrerak edozein sinagogako leihatilan eros daitezke, beraz ilara laburrena duen horretara joan. Gogoratu! Ikasle txartelen bat izanez gero, erakutzi! Nik badaezpada beti eramaten dut bidaietara, bizitzaren ikaslea naiz eta! 😉
2) Gu joan ginenean, argazkiak egiteko 2€-ko baimen berezia erosi behar zen, baina guk baimenik gabe atera genituen eta ez genuen inolako arazorik izan. 
Hiri zaharreko plaza. Eraikin interesgarriz inguratuta dago:  Týneko Ama Birjinaren eliza gotiko berantiarra, udaletxea eta Kinsky jauregia. Udaletxe ondoan dago Pragako erloju astronomiko famatua! Erdi Aroko erloju ospetsu hau 60 metroko dorre gotiko batean dago. Beheko esferak hilabeteak irudikatzen ditu. Bigarren esfera, erloju astronomikoa da eta Ilargiaren eta Eguzkiaren orbitak irudikatzen ditu. Horretan zodiako- zeinuak ere ikus daitezke. Dorrearen goikaldean, lau eskultura txiki ikus daitezke: filosofo bat, aingeru bat, astronomo bat eta hizlari bat.
 Erlojuak puntako orduetan jotzen du. Jende gehien pilatzen den unea eta zorro- lapurrak lanean ari diren momentua...
Udal etxea. Art Nouveau estiloko beste eraikin bat. Estatua ugariz eta mosaiko erraldoi batez apaindua. Aukera dago barrura sartzeko eta bertako kafetegian zerbait hartzeko. Ederra benetan!
⏩ Bolbora dorrea.  Udalaren etxetik hurbil dago dorre gotiko hau. 1475ean eraikia izan zen hiriko sarbide bat bezala eta gainera bolbora gordetzeko erabili ohi izan da.
⏩Klementinum. Bere barnean Liburutegi Nazionala dago. Gaur egun organo eta musika klasikoko kontzertuak ematen dira.
Bai, lasai! Hemen dator Pragako monumenturik ospetsuena: Karlosen zubia. Egia esan egunero pare bat aldiz pasatu ginen bertatik eta berdin da goiz, arrasti edo gau... beti jendez gainezka dago. 500 metro baino gehiagoko zubi honek Hiri Zaharra eta Hiri Txikia (Malá Strana) lotzen ditu. Edonora begiratu eta estatuak ikusiko dituzu.
 
Eguneko momenturik onena zubiaz disfrutatzeko, goizean goiz (baina goiz- goiz) edo iluntzean argiak pizten dituztenean.
2. EGUNA. HRADCANY ETA MALÁ STRANA.
Apartamentuan gosaldu eta bigarren egunari ekiteko prest! Oraingo honetan ez genuen Karlosen zubia gurutzatu beharrik. Zergaitik? Gaztelurako bidea hartu genuelako.
⏩ Gaztelua. IX. mendean eraikitako gaztelu handia da. Hauxe da ikusitakoa:
  -Antzinako errege- etxea. IX. mendeko jauregia. Hasiera batean egurrezkoa zen baina gaur egunera arte aldaketa ugari jasan ditu.
       -San Jorge basilika eta komentua. Arte erakusketak ikus daitezke bertan. 
  -San Vito katedrala. Hirurogei urte luzez lan eta lan aritu ondoren, Pragako katedralik garrantzitsuena eta ikusgarriena dela esango nuke. Bere bi dorre bikiek zerua modu harrigarrian mozten dute. Bertan Wenceslao IV.naren (Errege Ona) hilobia eta Koroako bitxiak daude.
      -Urrezko kalexka. Gaztelu barruko kale labur, estu eta koloretsua da. Bereziki ezaguna da 22. etxea, bertan Franz Kafka idazlea bizi izan zelako.
   -Lorategi erreala. Gazteluaren atzealdean ikus daiteke. Gazteluaren eta katedralaren ikuspegi ezberdina eskaintzen du. 
           -Bolboraren dorrea. XV. mendean eraikia, gotorleku gisa.
Zirkuitu konpletoenak (A) 350 CZK (12.95€) balio du helduentzat eta 175 CZK (6.48€) ikasleentzat. Nik zirkuitu hori egin nuen baina orain bira egin ondoren,  B zirkuitua erostea gomendatzen dizuet, pixka bat merkeagoa delako eta funtsezkoa eta garrantzitsuena bisitatzen delako. 
Bien arteko ezberdintasun bakarra zera da: A zirkuituan gazteluaren historiaren erakusketa (txekiarra ulertuz gero bikain, bestela jai duzu), Bolboraren dorrea (bertatik kriston bistak ikusiko genituela uste genuen, baina gazteluko zaindarien jantzien erakusketa soil bat da) eta Rosenberg jauregia (itxita zegoen) sartzen dira.
Sarrerak erosterakoan, espainoleko audiogida erosteko aukera duzu neurrigabeko prezioan egia esan. Guk etxetik prest eraman genituen mugikorrean Audioviator webgunetik deskargatuta. Orain dela gutxi, webgunea berriztu dute eta Pragakoa ez dago eskuragai. Dena den, beste hiri batzuetako gidak daude, merezi du, dena oso ondo azalduta datorrelako planoekin batera.
        Ordutegia: apiriletik urrira 5.00etatik 00.00etara. Eraikinak 9.00etatik 18.00etara. Gaztelura sartzea doan da, baina katedralean eta gazteluko beste eraikinetan sartzeko sarrera erosi behar da. 
Nire gomendioa goizean goiz bisitatzea da, ibilbide osoa egiteko 3 ordu bai behar dira. 
Eguerdiko 12.00etan, guardia- aldaketa egiten da gazteluaren sarreran.
Nerudova kalea. Kale honetako fatxadak sinboloz apainduta daude, garai batean etxebizitzak identifikatzeko balio zuten zenbakitze- sistema heldu baino lehenago. Politenen artean "hiru biolinen etxea" dago, hemen biolin fabrikatzaile bat bizi izan zen, edo "urrezko giltzaren etxea", gaztelurako lan egiten zuten urregileen etxea zen.
Herri Txikiko (Malá Strana) eliza San Nikolas da (estilo barrokoa), plazatxo txiki batean kokatuta dagoena. Hortik gertu Kampa irla dago, bere errotengatik ezaguna dena. Hori eta  John Lennonen harresiagatik. Honek erregimen komunistaren aurkako protesta baketsua adierazi nahi zuen eta bertan behin eta berriz agertzen ziren abiadura berean ezabatuak izan ziren esaldiak idatzi ziren.
Orain gafitiz betetako horma bat topatuko duzue. Honen interesa historikoa da, ez bisuala.
Proudy eskultura. Fran Kafka museoko patioan dago. Bitxia benetan... Txekiar Errepublika formako laku txiki batera bi gizon pixa egiten... Baina hor ez da amaitzen! Pixaren zorrotadak zure izena edo esaldiren bat idaztea nahi baduzu, aukera duzu aplikazio batera mezua bidaliz gero. Txundigarria!
⏩ Kale estua. Ba al dakizue non dagoen munduko kalerik estuena? Ba bai Pragan!👏👏 Hain da estua, semaforoak jarri dituztela lehentasuna nork duen zehazteko. Bi pertsona batera pasatzea ezinezkoa...
Eguna neka- neka eginda amaitzeko, zer hobeto mendira joan baino? 😁
Petrin muinoa. 138 m-ko gailur honetara iristeko bi aukera dituzu: oinez edo funikularra hartuta Ujezd kaletik. Mendian ispiluen labirintoa eta dorre bat daude, azken hau Eiffel dorrearen antzekoa baina tamaina txikiagoan.
         Funikularraren ordutegia: 9.00etatik 23.30etara, 10-15 minutu bitarteko maiztasunarekin.
     Prezioa: 32 CZK (1.18€). Kontuz! 90 minuturako balio duen txartela erosi behar da, ez txartel mugatua.
Nonbaiten irakurri genuen muinotik dauden bistak ikusgarriak direla. Nire ustez, gaztelutik daudenak hobeagoak dira.
3. EGUNA. CESKY KRUMLOV 
Autobusa hartu eta Erdi Aroko Cesky Krumlov herrira abiatu ginen. Ideia bat egiteko, Txekiar Errepublikaren hego- mendebaldean dago. Bere hirigune historikoa eta gaztelua UNESCOren gizateriaren ondarearen zerrendan dago 1992. urtetik.
Herria ez da oso handia, beraz bisitatzeko modurik onena bertako kaleetatik galtzea da. Edozein puntutan zaudela ere, ezin izango duzu bistatik kendu gazteluaren hondamendi erromantikoa. Pragako gazteluaren ondoren Europako konplexurik handiena da. XVI. eta XIX. mendeko jauregiaren barrualdeak ezagutzeaz gain, bost patio eta lorategi barroko bat bisitatu genituen.
        Prezioa: 50 CZK (1.92€)
Horretaz gain, badaude bestelako interesgune historikoak, adibidez, San Vito eliza, gotiko berantiarreko tenplua, bere dorre zuria etxeetako teilatu gorrien gainetik nabarmentzen da.
Dena den, onena lehen esan duguna, denboraz ahaztu eta norabide konkreturik gabe ibili!
Nola joan? Student Agency low cost enpresa txekiarrarekin joan ginen autobusez. Prezioz ondo dago (15.2€ joan- etorria) eta prezioan wifia doan, edateko zerbait eta entzungailuak ematen dizkizute eserlekuko tabletean erabiltzeko. 3 ordu inguruko bidaia da eta autobusak Na Knizeci geltokitik irteten dira orduro.
Erreserbatu aldez aurretik garraio- txartelak, erraz agortzen baitira. 
 4. EGUNA. NOVE MESTO. 
Hiri zaharretik urrundu ginen laugarren egunean, auzo berri batera joateko: Vysehrad. Hitz horrek "gaztelua zeru- goietan" esan nahi du. Bertan dagoen gotorlekua X. mendearen hasieran eraikia izan zela uste da, Pragaren gazteluaren ondoren. Turismoaren ikuspegitik, Pragatik gutxien ezagutzen den eremua da, gida gehienek ez baitute aipatzen bere orrialdeetan. Hauxe da ikusi beharrekoa: gotorlekua, San Pedro eta San Paulo eliza, parkea eta hilerria, pertsonaia ospetsu askoren atsedenlekua.


Etxe dantzaria. Moldava ibaiaren ertzean dagoen eraikin modernoa da.
Antzoki nazionala. Berpizte nazionalistaren eraikin ikusgarria da. Kale horretatik zuzen eginez gero, Elurretako Andre Mariaren elizara helduko zara. 
Wenceslao plaza. Plaza luze honetan Museo Nazionala eta Europa Hotela daude, 1906an eraikitako Art Nouveauko eraikina. Luzerna deituriko galeria komertzialean, plazaren alboan, Wenceslaoren zaldizko estatua dago. David Cerny eskultore txekiarrak egindako lana da. Eskultore honek zer esan asko eman du azken urteotan, antza obra eztabaidagarri asko egin baititu, desobedientzia zibiltzat jo direnak.
San Wenceslao ahuspez dagoen zaldi baten gainean irudikatzen du, hanketatik lotuta, hilda eta mingaina kanpoan duela.
Inguru horretatik gertu Opera Estatala eta Erretiroaren sinagoga daude.

5. EGUNA. 
Azken egun erdia erosketa batzuk egiteko utzi genuen. Wenceslao eta Karlova kaletik ibili ginen.

NON EGIN LO?
Betikolez lo egiteko aukera ezberdinak daude eta guk, kasu honetan, apartamentu bat hartu genuen Airbnb bidez. Beraz oraingo honetan ez dago gomendiorik ...

NOLA MUGITU GAITEZKE?
Pragako garraio publikoa oso eraginkorra da, metro-, tranbia- eta autobus- sareekin edonora joan zaitezke. Txartelak metroan, estankoan edota egunkari- dendetan soilik eros daitezke, beraz, tranbia erabiltzeko asmoa baduzue, komenigarria izango litzateke beti txartelen bat eskura izatea. Dena den, hiria oinez ezagutu daiteke inolako arazorik gabe.
Aireportura joateko autobus express bat dago tren geltokitik (Hlavni nadrazi) irtetzen dena 15 minuturo, 60 CZK-ko (2.22€) prezioan. Ibilbideak 20 minutu inguru irauten du.

NON JAN ETA EDAN?
Hiri honetako gastronomia bereziki txerri haragian oinarritzen da. Plater tipiko ugari daude: goulash (haragi erregosia barazkiekin), branborak (patata masagaz egindako tortilla frijitua), knedlky (patataz edo ogi birrinduz egindako irin- bolak) ...
Jateko toki batzuk gomendatu behar baditut, hauxekin geratzen naiz:
U parlamentu: txekiar plater tipikoak prezio ekonomiko batean probatzeko aukera ona. Plater nahiko eskuzabalak, gosearekin geratzeko aukera gutxirekin. Valentinská 52/8 110 00 Praga Txekiar Errepublika Staré Mla sto, Praha 1.
Krla v Šatlavské Ulici: txekiar janari tipikoa, zerbitzu bikaina duena. Jatetxea ere oso polita da barrutik kobazulo itxurarekin. Txerri- ukondoa gomendatzen dizuet, duda barik. Hori bai, horrelako batekin nahiko eta sobran bi pertsonentzako!! Aldez aurretik erreserba egin behar da. Horni Ez. 157 381 01, Ceský Krumlov.  
Café Savoy. Garaiko kafetegi oso polita, dekorazio bikainarekin. Guk gosaria hartu genuen ... Ez da beste munduko ezer... gosariak beteak dira, bai, baina ordaindu ere egiten da. Vitezna 124/5, Praga 150 00 República Checa.
Ezin zarete Pragatik joan "trdelník" bat jan gabe. Hau hojaldrezko kiribil bat da, kilo bat kanela eta azukrerekin. Hutsik, izozkiarekin, txokolatearekin, mermeladarekin ... jaten da.
Egin atzera