- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan
Bizitza bidaia bat da eta bidaiatzen duena bi aldiz bizi da.
Omar Khayyam
Okzitania Europako nazio boteretsuenetako bat izan zen Erdi Aroan. Bere ondare artistiko eta arkItektonikoa bera bisitatzeko aitzakia ezin hobeak dira.
Ikus dezagun zertarako eman zigun abenduko zubiak:
1. EGUNA. Toulouse
2. EGUNA. Cordes Sur Ciel - Albi
3. EGUNA. Carcassonne
4. EGUNA. Carcassonne
EGUNEZ EGUN.
1. EGUNA. TOULOUSE
Goizean goiz iritsi ginen Toulousera. Gure lehenengo buruhaustea autoa aparkatuta uztea zen, baina ez genuen arazorik izan, erdiguneko lurpeko aparkaleku batean utzi baikenuen: Capitole. Aparkalekutik irten eta plazan geunden. Bertan, udaletxea eta Capitole antzokia daude. Udaletxea, beharbada, Toulouseko eraikinik bereizgarriena da. Plazako zoruan, zodiakoaren zeinuak grabatuta daude. Gu joan ginenean Gabonetako azoka txikia zegoen, janari, artisau produktu, arropa eta abarrekin.
Hiri batek bi katedral dituenean, garrasika ari da haren garrantzia adierazten. Toulousek baditu.
Saint-Sernin basilikarako bidea hartu genuen Toroko kaletik, erdigune historikoko kalerik politenetako bat izanik, bere koloretako etxetxoekin eta urrunean ikusten den kanpandorrearekin.
Saint-Sernin basilika oraindik zutik dagoen Europako basilika erromanikoetako bat da. Adreiluzko eta harrizko eraikin hau UNESCOren munduko ondarean inskribatuta dago. Mirestekoa da urrutitik ikusten den kanpandorre oktogonala!
Hurrengo geldialdia Jakobinoen komentuan izan zen. Monje domingotarrak 1215ean kokatu ziren hirian.
Bazkaltzeko leku bila hasi ginen, Frantzian oso goiz jaten baita. Saint Georges plazan jatetxe batzuk daude eta horietako bat aukeratu genuen.
Lasai bazkaldu eta zerbait beroa hartu ondoren, geratzen zitzaigun azken bisita kendu genuen: Saint Etienne katedrala. Eraiki, suntsitu eta berreraiki zuten estilo ezberdinetako eraikin hau.
Ondoren, norabiderik gabeko buelta bat eman eta Gabonetako dendatxo eta postutxo batzuk ikusi genituen. Hiriaren izaera unibertsitarioak, gainera, bizitasun kutsakorra ematen du, ikasgelarako baino festarako gogo handiagoa duten milaka ikaslerekin.
Iluntzean, hotzari aurre egiteko indar gehiago ez genuenean, hotelerantz abiatu ginen. Hiriaren kanpoaldean zegoen, 13 km-ra gutxi gora behera. Hotel hau hartu genuen, lehen orduetan hirietatik irtetzeko egoten diren auto-ilarak saihesteko.
OSTATUA: Hotel Ibis Budget Toulouse Cité de l 'Espace 2
Ur oso beroarekin dutxatu ondoren, autoa hartu eta inguruan zegoen janari lasterreko saltoki batera joan ginen afaltzera.
2. EGUNA. CORDES SUR CIEL
Oraingoan, hotelean gosaldu beharrean, bidean gosaltzea erabaki genuen, errepide sekundarioetatik joan baikinen, herrixkak zeharkatuz. Gozotegi batean gelditu ginen gosaltzera.
Orain bai, indarrak hartu ondoren, Cordes sur Ciel-era abiatu ginen. Muino baten gainean kokatuta, XII. mendeko Erdi Aroko harribitxi txiki bat da.
Jeanne Ramel-Cals plazan hasi genuen bisita. Bertan, turismo informazio gune bat aurkituko duzu, baina gu joan ginenean itxita zegoen.
L`Horloge kale nagusi eta aldapatsutik gora egin genuen, alde zaharrean barneratuz. Izen bereko atera heldu ginen, hiria babesteko zegoen harresiaren laugarren atera.
Gure ibilbideak Barbacane kale nagusitik jarraitu zuen, Barbacane dorrearen albotik pasatu arte.
Barbacane dorrearen ondoan, Vainqueur Atea edo Irabazlearen Atea aurkituko dugu. 1923tik monumentu historiko gisa katalogatuta dago.
Atetik sartuz gero eta zuzen ezkerretara eginda, denda eta tailer ugariko kale polit batekin topo egingo duzu. Plaza batera helduko zara eta alboetan etxe garrantzitsu batzuk daude, adibidez, XIV. mendeko Maison del Grand Veneur, fatxada ederragatik nabarmentzen dena. Aurrez aurre, XIII. mendeko Saint-Michel eliza topatuko dugu.
Rue Raimond VII.aren kaletik jaisten jarraituz gero, herriaren beste alde batetik irtengo gara.
Autoan igota, azken argazkiak atera genituen herritik irtetean. Egia esan xarma handiko herria iruditu zitzaigun...
Ordu erdi geratzen zitzaigun hurrengo geldialdirako: Albi. Gotzain-hiriak bere antzinako fisionomia mantentzen du. Gizateriaren ondare izendatu eban UNESCOk 2010ean eta Albi Frantziako hiri bakarra da, Paris kenduta, UNESCOren (Gizateriaren Ondarea eta Munduko Memoria) bi programa desberdinetan inskribatuta dagoena.
Ordu erdi geratzen zitzaigun hurrengo geldialdirako: Albi. Gotzain-hiriak bere antzinako fisionomia mantentzen du. Gizateriaren ondare izendatu eban UNESCOk 2010ean eta Albi Frantziako hiri bakarra da, Paris kenduta, UNESCOren (Gizateriaren Ondarea eta Munduko Memoria) bi programa desberdinetan inskribatuta dagoena.
Autoa arazorik gabe aparkatu eta ibiltzen jarri ginen.
Blog batean irakurri nuenez, alde zaharreko eraikinen hormak ez dira guztiz bertikalak, lurretik urrundu ahala kanpoalderantz okertzen omen dira. Ulertuko duzunez, zuk ere berdina egingo duzu, alde zaharrera sartu bezain pronto, eraikinak begiratzen hasi nintzen... eta bai begien bistakoa da. Imajinatzen duzu zergaitik eraiki zituzten horrela? Zergak beheko solairuko espazioaren arabera kalkulatzen ziren, normalean denda bezala erabiltzen zena, goiko solairua, bizilekua, kontutan hartu gabe. Horrexegaitik goikaldeak handiagoak dira.
Ia konturatu gabe, Saint- Salvi elizaren albotik pasatu ginen. Bi estilo arkitektonikoz eraikia dago, eragin erromanikoa duen harrizko zati batez eta estilo gotikoa duen adreilu gorriko beste zati batez. Gu pasatu ginenean itxita zegoen.
Alde zaharra nahiko hilda zegoen eta gu ginen kalean geunden turista bakarrak. Informazio bulegora joan ginen ea zer bisitatu eta non jan genezakeen galdetzera. Emakumerik zakarrena tokatu zitzaigun eta modu txarrean bazkaltzeko berandu genbiltzala esan zigun, Frantzian lehenago jaten zela eta beraien ohituretara ohitu behar ginela (jakin bagenekien, baina berandu egin zitzaigun). Buelta eman eta alde egin genuen. Egia esan, jatetxe gehienak itxita zeuden, baina ez bazkaltzeko berandu genbiltzalako, baizik eta jaieguna (edo hori pentsatu genuen) edo oporraldia izateagatik itxita egongo zirelako.
Kostata baina bazkaldu genuen...
JATETXEA: Restaurant Le parvis
Menu ona kalitate- prezio onean (hemen zeuden turista guztiak).
Sabela beteta, hiria ezagutzeari ekin genion.
⏩Santa Zezilia katedrala. Adreiluz egindako munduko eraikinik handiena da. Hegoaldeko gotikoko artelan honen kanpoaldea gotorleku soila da, baina barrualdea, aldiz, arte hutsa da: ez da zentimetro karratu bat ere ez geratzen margotu gabe.

Bertan, Erdi Aroko tamaina handieneko Azken Judizioa eta koru garai bat ikus daitezke. Itxuraz, Harry Potterren jangela handiaren antza dauka, zerua erakusten duen sabai sorginduarekin. Jakin, sabaia (18.000 metro karratu baino gehiago) margotuta dagoela. Niri ikaragarri gustatu zitzaidan.
9:00etatik 18:30etara nabe nagusia dohainik da. Korua eta altxorra ikusteko, ordaindu behar da.
Katedralari buelta eman genion. Atzekalde oso polita du.
Hemendik hurbil, Berbie eliz jauregia dago eta barruan museo bat du. Gu barrura sartu beharrean, atzekaldean dagoen lorategira joan ginen, Tarn ibaira begira daude. Lorezain batek bakarrik zaintzen ditu lorategi horiek eta modu naturalean, tratamendu kimikoak debekatuta baitaude.
Sarrera doakoa da eta ordutegia 8:00etatik 20:00etara da.
Hiriaren beste aldera pasatu nahi izanez gero, zubi zaharra gurutzatu beharko duzu. Zubia zeharkatu bitartean, ikuspegi bikainak utziko dituzu bizkarrean.
Baina guk oraindik asko genuen ikusteko ibaiaren alde honetan eta beraz, Castelviel auzora hurbildu ginen, Savène plaza dagoen lekura, katedralaren dorrea atzealdean utzita.
Katedralaren hegoaldean, Albiko etxerik zaharrena dago, Viel Albyren etxea. Castelnau auzoan, Maison Enjalbert etxea dugu, egurrez eta adreiluz egina.
Afaltzera joan aurretik, merkatu estalitik pasatu ginen, nahiz eta itxita egon. Merkatu bitxia da, triangelu formakoa delako.
Afaltzeko gure hoteletik hurbil zegoen pizzeria batera joan ginen. Pizza bat afaldu bitartean, tabernako jabearekin Frantziako egoera politiko eta ekonomikoari buruz hizketan aritu ginen.
OSTATUA: Hotel Ibis Budget Albi Centre
Lotara!!
3. EGUNA. CARCASSONNE
Carcasona, UNESCOrengatik gizateriaren ondare izendatua, Frantziako helmuga turistiko bisitatuenetako bat da. Askoren ustez, Eugène Violle-le-Duc ipuinetako printzesen gaztelua balitz bezala zaharberritu omen zuen. Arkitektoa XIX. mendean berreraikitzen hasi zenean, erortzear zegoen, eta Frantziako gobernuak, hiri berri bat eraikitzeko dinamizatzea zuen buruan, konpontzea baino gehiago. Zorionez ez zen horrela gertatu.
Carcassonne egun batean ikus daiteke, baina bertan gau bat egitea gomendatzen dizut, eguneko ordu guztiak gozatu ditzazun, egunez oraindik lasai dagoenean eta gauez, gaztelu argiztatuak aho zabalik utziko zaituenean.
Albin gosaldu ondoren abiatu ginen, errepidea... eta manta. Eguerdirako Carcassonnen geunden hoteleko check- ina eginda (beherago ostatuari buruzko informazioa emango dizut, merezi duelako. Harresiaren aurrean dago, 10eko kokalekuan).
Narbonnaise atetik (Narbonarantz begira dagoelako dauka izen hori), ekialdetik, sartu ginen. Ezproidun bi dorre itzelek osatzen dute atea.
Harresiaren barneko kalexketatik ibili ginen norabide zehatzik gabe, dendatxoak eta jatetxeak begiratzen. Informazio bulegoa irekita zegoenez, bertatik pasatzeko aprobetxatu genuen.
Sabelak zera esaten hasi zitzaizkigun: Gose naiz! Beraz, zuzenean jatetxera joan ginen, hasieratik arreta deitu zigun hartara.
JATETXEA: Auberge de Dame Carcas
Menua jateko jatetxe ona. Ezinbestekoa da babarrun zuriz egindako kassouleta probatzea.
Bazkal ostean, arratsaldeko bostak aldera, gaztelua eta harresia bisitatzera joan ginen. 1997an, monumentua UNESCOren munduko ondarearen zerrendan sartu zen. Barruti honetan harresi handi bat, dorre biribilak, barbakana, lubanarro bat eta sarrerako gaztelutxo bat ikusiko dituzu.
Guztira 53 dorre ditu, hurbiletik ikusteko politak.
Gaztelua eta harresia bisitatzeko sarreraren prezioa 9 €-koa da eta 26 urte baino gutxiago izanez gero, doakoa.
Harresiaren barneko kalexketatik paseatu bitartean, Saint-Nazaire basilikarekin egin genuen topo. XI. eta XIV. mendeen artean eraikia, estilo erromaniko eta gotikoaren konbinazioa erakusten du. Sarrera librea eta doakoa.
Putzu zaharrenarekin ere topo egin genuen! Kondaira batek dioenez, bisigodoek, Salomonen tenpluko altxorra ezkutatu zuten bertan. Putzua askotan zulatu da, beti alferrik!
Ilundu baino lehen, zubi zaharra zeharkatu eta hiriaren beste aldea bisitatu genuen, alde berria. Gabonetan izan ginenez, kale guztiak argiekin apainduta zeuden, plaza nagusia gabonetako postutxoekin eta patinatzeko pistarekin zegoen. Zerbait beroa hartu genuen plazan bertan, berotzeko.
Hotzez izoztuta, alde zaharrera afaltzera joatea erabaki genuen. Beraz, zubi zaharra berriz zeharkatu eta harresiraino iritsi ginen. Eta sorpresa, ezusteko bat geneukan zain!
Abenduko zubian, ate nagusian, ekitaldi erakargarri bat egiten da: argi- zuzien
jaitsiera. Ekitaldiak Erdi Aroko aireak ditu eta zaldun batzuek parte hartzen dute, zaldien gainean eta armadurak jantzita. Hauek ez ezik, herriko jendeak eta nahi duten
turistek ere parte hartzen dute. Ikusgarria da urrutitik
piztutako argi- zuzien marea ikustea.
Arratsaldeko aezpietan hasten da ekitaldia.
Afaltzeko ...
JATETXEA: Le Trouvere kafetegia
Gauero beteta zegoen, ondo afaldu genuen.
Berandutu gabe, ostaturantz joan ginen maletak biharko prest uzteko eta dutxa bero bat hartzeko.
OSTATUA: La Rapière
Kokapen bikaina, hiriak eskaintzen duen guztiaz gozatu ahal izango duzularik.
4. EGUNA. CARCASSONNE
Esnatu, gosaldu, logela utzi, autoa kargatu eta joan baino lehen azkenengo bueltatxoa eta azkenengo argazkiak egin genituen.
Badakit, Carcassonne itzuliko naizela, badakit berriro zapalduko zaitudala, laster.

- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan









