- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan
Erdi Aroko herritxoak, kanalak, gazteluak, gastronomia gozoa ... 2018an Belgikara egindako bidaiak herri txiki batzuetara, Gante eta Brujas, eta hirira, Bruselasera eraman gintuen.
Ongi etorri Belgikara!
Bruselaseko aireportura iritsi ginen eguerdi partean. Gure bidaia Brujasen hasteko intentzioa geneukan eta horrexegaitik trena hartu beharra geneukan. Txartelak aireportuko geltokiko leihatilan erosi genituen. Prezioa 21.60€-koa da eta 25 urtetik beherakoa baldin bazara, pixkatxo bat merkeago irtengo zaizu, 11.80€-tan. Denboraz justu bazabiltza, ez kezkatu, Internet bidez eros ditzakezu orrialde honetan.
Trenez Bruselaseko aireportutik Brujasera egin genuen bidaia zuzena izan zen, inolako geldialdi luzerik gabe eta bidaiaren irupena, gutxi gora behera, ordu bat eta erdikoa izan zen.
Hauxe da 5 egunetarako ibilbidea:
1. EGUNA. Brujas
2. EGUNA. Gante
3. EGUNA. Bruselas
4. EGUNA. Bruselas
5. EGUNA. Bruselas
ZER IKUSI? EGUNEZ EGUN.
1. EGUNA. BRUJAS
Tren-bidaia bikaina izan zen eta eguerdirako Brujas zapaltzen geunden. Maletak hartu eta geltokitik irtetzear geundela... AI AMA!!!😞😞Betaurrekoak trenean utzi nituela konturatu nintzen, eserlekuan zehazki! Bidaia oso ondo hasi nuen eta orain 5 egun betaurreko barik pasatu behar nituen, erdi itsu. Hasiera bikaina Naia!
Hotela geltokitik 7 minutura geneukan, beraz denbora galdu barik, check-in-a egin eta kalera irten ginen eskuetan mapa hartuta.
Lehenengo geldialdia Poertoren zubian egin genuen, hoteletik 950 metrotara. Zubi hau beste munduko ezer ez izan arren, ikuspegi politak ditu.
⏩Minnewater. Brujaseko antzinako portua. Naturak bidea itxi zion ibaiari eta itsasontziek ez zeukaten aukerarik bertara iristeko; honek gainbehera ekonomikoa eragin zion hiriari.
Hiru pausutara Begijnhof dago. Leku hauetan bizi diren emakumeak, bizitza Jainkoari eskaini diotenak dira, munduari uko egin behar izan gabe. Emakume horiek kastitate eta obedientzia botoak izan arren, alde egiteko eta ezkontzeko aukera dute.
Tokia bisitatzea doakoa da eta 18.30ak arte irekita dago.
Begijnhofeko lorategietatik irten eta berehala Beltxargen zubira iritsiko zara, nahitaez zeharkatu beharko duzuna. Kondairak dioenez, Brujas herriak Pieter Lanchals ("lepo luze" esan nahi du) exekutatu zuen, Austriako konde baten administratzaile bat. Kondeak, zigor modura, Brujas herriko aintzira beltzargaz bete zuen, betierekotasunean mantentzera behartuz.
⏩Onze-Lieve-Vrouwekerk eliza. Dorrea hiriko eraikuntzarik altuena da, ia 123 metoko altuerarekin. Jakin, adreiluz eraikitako munduko bigarren dorrerik altuena dela, New Yorkeko Cryslerren atzetik. Barrualdea altxorrez beteta dago:
- Ama Birjina Michelangelo haurrarekin
- Felipe Ederraren bihotza (Joana Eroaren gizona)
Guk eliza itxita topatu genuen obrengatik, beraz ezin izan ginen sartu. Beste baterako pendiente geratzen da!😉
Elizaren alboan Hof Arents topatuko duzu, bista idilikoak dituen oinezkoentzako zubia.
Kalerik kale ibili ginen, helmuga zehatzik gabe. Dendak kuxkuxeatu, txokolategietan sartu eta erosketatxoren bat egin, argazkitxoren bat atera, kafetxo bat hartu ... eta Brujaseko Plazan agertu ginen, hiriaren erdigunean. Bertan Belfort dorrea dago, 83 metroko altuera duen eraikuntza. Aukera dago igotzeko, baina 365 eskailera igo beharko dituzu!
Buelta erdia eman eta Brujaseko argazki tipikoa bilatzera joan ginen. Bidean zubitxo polit batetik pasatuko zara.
⏩Rosarioko kaia. Google bilatzailean "Brujas" jarriz gero, ziur kaia honetako irudiak agertuko zaizkizula. Normala denez, jendez gainezka dago uneoro. Pazientzia baduzu geratu zaitez, bestela alde egin, guk bezala.
Zuzen jarraituz gero, nahi gabe, Burg edo hiriko bigarren plazarik garrantzitsuenean amaituko duzu. Interesgune ezberdinak daude:
Brugse Vrije. Urrezko estatutxoak dituen eraikina da, udal- bulego moduan erabiltzen dena. Bere alboan udaletxea dago.
Heiling- Bloedbasiliek. Alkarren alboan dauden bi eliza dira. Urrezko eskulturak dituen eliza bitxi horretan Kristoren odola duen erlikia bisitatu daiteke. Norberaren esku sinistea edo ez ...
Indarrak hartzeko momentua heldu zitzaigun eta guri jatea ez zaigunez gustatzen😏 gofrerik onenak probatzera joan ginen. Edo hori irakurri genuen, beraz ezin ginen dastatu gabe geratu!
Plazako furgonetan gofre egin berriak prestatzen dituzte. Oso gozoak egia esan.
Iluntze aldera, Brujaseko erdigunetik galtzea erabaki genuen, noraezean. Horrela, St- Salvatorskathedrala argiztatuta ikusi genuen. Brujaseko plazatik eta kanaletatik paseatu ondoren, afaltzeko eta erretiratzeko ordua iritsi zitzaigun.
NON EGIN LO?
Ibis Budget Brugge Centrum Station. Aukera on baterako hotel ekonomikoa, eguneroko abenturazaleei irekia. Hiriaren erdigunetik metro gutxira kokatuta dago. Marie Popelinplantsoen 4. 8000, Brugge.
Sartu web orrian eta trasteatu hemen.
2. EGUNA. GANTE
Goizean goiz hotelean gosaldu ondoren, tren geltokira abiatu ginen Gantera joateko. Bidaiak 30 minutuko iraupena izan zuen gutxi gora behera eta Gent- Dampoort geltokian jaitsi ginen, gure hoteletik hurbilen geratzen zena baitzen.
Ideia bat egiteko txartelak 6.80€ kostatu zitzaigun.
630.urtean Gante hiria jaio zen. Ondoren, hiri harro eta errebelde baten historia aberatsa dator, gaur egun arte mundu guztiarentzat erakarpen- ahalmen berezia izan duena, kultura festa eta festa kultura den lekua.
Hoteleko kontuak egin eta hirugunerantz joateko bideari ekin genion. Hirigune historikoaren barruko distantziak txikiak direnez, oso erraza da dena oinez bisitatzea.
Kilometro eta erditan gure lehenengo interesgunean geunden: Haragiaren lonjan. Erdi Aroko hiri askok haragi- eta arrain- lonja izan ohi zituzten. Bere helburu nagusia produktu hauen merkataritza zentralizatzea zen. Haragiaren lonja XV. mendekoa da eta produktuak eros daitezke. Ez dauka misteriorik baina arreta deitu zidan bere egurrezko sabaiak, ehundaka urdaiazpiko ditu zintzilik!
Kanpoaldean Belgikako gominola tipikoen (cuberdon) postutxoa zegoen eta ezin ginen probatu gabe geratu. Oso gozoak iruditu zitzaizkidan, masusta gorri zaporekoak.
Lys ibaiaren gainetik pasatzen den zubia zeharkatu eta ezkerretara Arrainaren lonja dago. Orain Ganteko turismo bulegoa dago. Eraikuntzaren fatxadan Neptuno, itsasoaren jainkoa, ikus daiteke.
⏩Sint- Veerleplein plaza. Gaztelua, plaza txiki honen aurrean dago. Kafetegiz beteta dago, atseden hartu ahal izateko.
⏩Gravensteen edo Flandesko kondeen gaztelua. Erdigune historikoaren erdian dago 1180. urteko gotorlekua. Denbora faltagatik ez ginen barrura sartu eta hiriko alde zaharretik jarraitu genuen bisita.
Kalea jaisten hasi ginen eta Korenlei eta Graslei zonaldearekin topo egin genuen. Hementxe zeuden hiriko merkataritza- portuak, XI. mendetik aurrera erabilgarri zeudenak. Gantek zerealen gaineko enporio-eskubidea zuen. Ale inportazio guztiak portu honetatik igarotzen ziren eta ontzi bakoitzak bere zereal-zamaren laurdena eman behar zion hiriari zerga gisa.
Eraikuntzetako fatxadetan fijatuz gero, aurrerantz inklinatuta daudela konturatuko zara. Hau ale- zakuak errazago jasotzeko egiten zen.
⏩San Miguel zubia. Bere alboan duen elizagatik hartzen du San Miguel izena. Eliza gotikoak 89 metroko dorre bat du, nahiz eta 134 metroko bat eraiki nahi izan zuten. Baina funts faltagatik ez zen inoiz asmo handiko plan hau gauzatu.
Selfie momentua! Zubiaren puntu honetatik dorre- ilara ospetsua ikus dezakezu.
Zubitik eskuinerantz eginda, Ganteren bihotzera helduko zara, Korenmarktera (alearen merkatua).
Bazkaltzeko ordua iritsi zitzaigun eta aurretik fitxatuta geneukan toki batera joan ginen.
Mosquito coast: bidaia- liburuxkez, munduko toki guztietako argazkiz eta souvenir-ez apaindutako tokia. Karta arraro samarra izan arren, probatu genuen guztia ona zegoen.
Hoogpoort 28, Gante 9000, Belgika.
Bapo- bapo geunden kafea eta gero, baina bisitarekin jarraitu beharra zegoen.
San Nikolas eliza eta Udal pabiloiaren aurretik pasatu ginen. Azken honen estalkiaren egiturak arreta deitzen du, kristala, zura eta hormigoia konbinatzen dituelako. Honen alboan, udal kanpandorrea (Belfort) dago. Hiriaren independentziaren ikur gisa altxatzen da eta bertan herritarrak babesten zituen alerta- kanpaia zegoen.
⏩Udaletxea. Bi estilo arkitektoniko nahasten dituen eraikina da.
⏩San Bavon katedrala. Barrura sartu ginen, bertan arkume mistikoaren adorazioaren erretaula baitago. 1432an Van Eyck anaiek egindako artelana da. Oso ondo kontzerbatuta dago, nahiz eta sei alditan lapurtua izan den.
Hortik Werregarenstraatjera joan ginen. Graffitien kalexka da, nire gusturako xarma gutxiko lekua. Tolerantzia eremu honetan, grafitien arau bakarrak bakarrik agintzen du: zureak baino obra hobeak errespetatu!
Hiru minututara Vrijdagmarkt plaza dago. Bertan astero azoka bat egiten da, baina bere garaian, exekuzio, altxamendu eta sarraski askoren tokia izan zen.
Goizean bisitatutako gazteluaren albora itzuli ginen, Patershol auzo lasaira hain zuzen ere. Erakusleiho originalez eta antzinako dendez beteta daude bere kale estuak. Asko gustatu zitzaigun auzo hau, lasaitasuna besterik ez zen nabaritzen eta egun osoa gora eta behera ibili ondoren, eskertu genuen.
Afaltzera joan baino lehen, azken bisita bat geratzen zitzaigun.
⏩Margarita Eroa. Gante hiriko ikonoetako bat Dulle Griet edo Margarita Eroa izeneko burdinazko XV. mendeko kanoi ikusgarri bat da, bere 12.500 kilorekin. Kanoiaren ahoa itxita dago, zakarrontzi gisa edo etxegabeen logela gisa erabili izan delako.
Afaltzeko toki baten bila bazabiltza ...
Brasserie Café des Arts: belgikar janari gozoa. Karta nederlanderaz zegoen eta zerbitzariak karta osoa ingelesez azaldu zigun.
Schouwburgstraat 12, Gante 9000, Belgika.
Agur Gante, beste bat arte!
NON EGIN LO?
Ibis Budget Gent Centrum Dampoort. Ganteko erdigunean dago, tren geltokiaren ondoan, hirigune historiko ederretik 10 minutura. Ravelijnstraat 1, 9000, Gante.
Sartu web orrian eta trasteatu hemen.
3. EGUNA. BRUSELAS
Gosaldu ostean, Bruselaserako trena hartu genuen. 9.30€ kosta zitzaigun eta jakin 25 urtetik beherakoa baldin bazara ia 3€-ko beherapena izango duzula.
Geltoki nagusian jaitsi ginen.
Bruselas Europako hiriburu politiko gisa ezagutzen da, nazioarteko erakunde askoren egoitza izanik. Baina merkataritza- hiriburua izaten hasi zen Senne ibaiaren haranean zuen kokapen estrategikoari esker.
Dakizun bezala, doako tourren fana naiz, bereziki Sandemans New Europe enpresakoena. Ahal dudan guztietan beraiekin ezagutzen ditut tokiak, hiriarekin lehen harreman hori izaten laguntzen didatelarik.
Tour honetan zehar toki ugari bisitatu genituen:
⏩Grand Place. Lekurik jendetsuena eta bizienean hasi genuen tourra. Gaur egun UNESCOk Gizateriaren Ondaretzat jo du puntu hau. Begirada azkar bat botaz gero, hauexek topatuko dituzu:
Udaletxea: plazako eraikin garrantzitsuena eta zaharrena da, 1459. urtekoa. Bere 96 metroko dorreak arreta deitzen du, puntan San Migelen estatuta duelarik.
Maison du Roi: erregearen etxea 1536an eraiki zen eta 1873an eraberritu egin zen. Urteetan zehar errege-erreginen etxea izan arren, gaur egun hiriaren museoa da
⏩Manneken Pis. Haur bat pixa egiten irudikatzen duen eskultura da. Haren inguruan elezahar ugari daude, horregaitik bere ospea.
Bi ordu eta erditan hiriko erdigune historikoaren atrakzio nagusi guztiak bisitatu genituen. Dakizun bezala, Belgika komiki- artista ugariren tokia da. Tintin, Bob eta Bobeten abenturak edota Los Pitufos dira Belgikako egileen lanen adibide batzuk. Tourrean zehar, komikiaren historiaren inguruan hitz egin zen eta pertsonaiak eraikinen alboetan margotuta ikusi ahal izan genituen.
Bazkaldu osterako Saint Hubert galeriak utzi genituen. 200 metro inguruko luzera dute eta kristalezko kupula handi batez estalita daude. Erakusleiho guztiak oso zainduta eta apainduta daude: bitxi- dendak, txokolategiak, moda denda esklusiboak ...
Geratzen zitzaigun egunaren zatia, lasaitasunez paseatzera dedikatu genuen. Batzuetan maparik gabe ibiltzea eskertzen da!
Fin de Siécle: bertako janaria probatzeko toki ezin hobea. Gauza txar bakarra, ezin dela txartelarekin ordaindu.
Rue des Chartreux 9, 1000 Bruselas.
4. EGUNA. BRUSELAS
Berriro martxan jarrita hiriaren beste toki batzuk bisitatzera abiatu ginen.
⏩Justizia Jauregia. Eraikin handi eta ikusgarria da, gaur egun ere justizia- auzitegien egoitza izaten jarraitzen duena. Eraikinaren sarrera nagusian Poelaert Plaza dago eta bertatik Bruselaseko ikuspegi ederrak daude.
⏩Errege jauregia. Belgikako monarkiaren egoitza da, bertan errege- erreginen bulegoak, ministerio batzuk, bilera- gela ofizialak eta gonbidatutako estatuburuentzat gelak daude. Errege- erregina ez dira bertan bizi, Bruselas hiriaren kanpoaldean dute jauregia.
Luxenburgo kalea zuzen botaz gero, Europako Parlamentura iritsiko zara. Ez ginen larregi luzatu toki honetan.
⏩Berrogeita hamargarren urteurreneko jauregia. Izen bereko parkearen ekialdean dago eta bere zatirik bereizgarriena garaipenaren arkua da, Berlingo Brandenburgoko Atea gogorarazten duena.
Orain arte bisitatutakoa agian gutxi irudituko zaizu, baina leku batetik bestera joateko nahikotxo ibili behar da. Gainera egunaren lehen zatian garraiorik ez hartzea erabaki genuen, ibiltzen bisitatu baikenuen dena.
Bruselaseko Grand Placera hurbildu ginen. Gofre batzuk erosi eta bertan eseri ginen eguraldi ona aprobetxatuz. Zeinen ondo sartu zitzaizkigun😋
Arratsaldean bai! Metroa hartu (Heysel, 6) 🚄 eta Atomiumera joan ginen. Gainera metroan deskantsatzeko denbora izan genuen, geltokia saltatu eta bidea birritan egin behar izan genuelako. Egia esan oso ondo etorri zitzaigun ...
Atomium 165.000 aldiz handitutako burdin atomo bat da. 102 metro luze eta 18 metroko diametroa duten 9 esferaz osatua.
Berriro erdigunera bueltatu ginen eta azken erosketa batzuk egiteko aprobetxatu genuen. Berandutu baino lehen afaltzeko toki baten bila jarri ginen.
Braseserie Grimbergen: muskuiluak eta patata frijituak jateko tokia. Janari oso ona prezio onargarrian.
Place Sainte- Catherine 22, 1000 Bruselas.
5. EGUNA. BRUSELAS
Azken orduak Bruselasen... eta goiza aprobetxatu beharra genuen, zenbait toki geratzen zitzaizkigun ikusteko eta.
⏩San Miguel katedrala. XIII.mendeko eraikuntza gotikoa da. Barruan "altxor" bat gordetzen da, Sakramentu Santuaren kaperan zehazki. Tunika batzuk, gurutzeak, ontziak, kaliza, erretaulak, eskulturak ...

- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan