- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan
Hiri sutsua eta biziz betea
Madrilera ihesaldi bat egiteko aukera beti dago. Nik Madril horrela ezagutzen dut, eskapada ezberdinetan egindako turismoagatik.
Hiri handia den arren eta sakonki ezagutzeko denbora behar den arren, pare bat egun baino gehiago eskaintzea gomendatzen dizut, bertako leku garrantzitsuenak ezagutu ahal izateko.
EGUNEZ EGUN.
Proposatuko dizudan ibilbidea egitea posible da, Madrilgo leku ezinbesteko guztiak nahiko bateratuta daudelako. Hori bai, dena ikustea erabakiz gero, ez duzu atsedenik hartuko.
1. EGUNA.
⏩Puerta del Sol. Hiriburuaren erdigunea dela esango genuke. Hemen interesgune ezberdinak aurki daitezke:
- Madrilgo ikurra (Hartza eta garangorria).
- Osaba Peperen publizitate- kartel ospetsua.
- Karlos III.a eta zaldiaren estatua plazaren erdigunean.
- Gabon Zaharretan kanpai hotsak ematen dituen erloju famatua.
-Espainiako kilometro 0-a markatzen duen granitozko plaka.
Atsedenik hartzen ez duen tokia da, beti jendez gainezka dago. Ziur aski hirian giro gehien duen plaza da, bere mimo, animatzaile edota loteria saltzaileekin batera.
⏩Cibeles Plaza. Cibeles jainkosak lehoiak gurditik tiratzen dituen plaza honetan, Real Madrilek bere lorpenak ospatzen ditu. Inguruan eraikin garrantzitsu asko daude, horien artean, Espainiako Bankuaren eraikina, Linares jauregia edota Cibeles Jauregia udaletxea hartzen duena.
⏩Alcalako atea. Ana Belen eta Victor Manuelek dioten bezala... Mírala, mírala, mírala, mírala la Puerta de Alcalá... 1769 eta 1778 urteen artean, Karlos III.aren erregealdian eraiki zen harresiaren bost ateetako bat da.
⏩Retiro parkea. Zalapartatik ihes egin eta atsedenaldi bat hartu nahi baduzu, hau da toki aproposa, berdegune ezin hobea. Urmaelean txalupa bat alkilatu dezakezu eta lasai asko paseatu. Kristalezko jauregi eder batekin ere topo egingo duzu! Aldi baterako erakusketak egoten dira, doakoak gainera.
⏩Reina Sofia museoa. Madrilen dauden museo ezberdinetatik hau aukeratu genuen, Picassoren Gernika margolana ikusi beharra geneukan eta. Horretaz gain, Dalí eta Miroren lan asko daude ikusgai.
Zuzen botata lorategietatik eta Neptuno iturritik ezkerrera eginda, Diputatuen Kongresura helduko zara.
⏩Prado museoa. Parkearen mendebaldetik irtenda, museora helduko zara. Madrilgo museorik onenetako bat dela esaten dute (gu ez ginen sartu). Bertan Velázquez, Rubens, El Bosco edo Goyaren margolanak ikus daitezke.
Bazkaltzera joan aurretik, Telefonika Eraikinetik igaro ginen, algoritmoei eta adimenari buruzko doako erakusketa bat ikustera. Oso interesgarria...
Atseden hartu genuen italiar batean bazkaldu bitartean.
Arratsaldearen zati bat Malasaña eta Chueca auzoetan lasai paseatzeko aprobetxatu genuen.
⏩Chueca auzoa. LGTBIQ+ koletiboarentzat beti izan da auzo garrantzitsua. Bertan, taberna, denda, arte- galeria eta bestelako toki bitxi ugari topa ditzakezu.
Horien artean plaza, zazpi tximinien etxea, kondairaren arabera mamu bat bizi dena eta San Anton eliza.
Erdialdera itzuli ginen, zapaltzeko geratzen zitzaizkigun puntuetatik pasatzeko, esaterako Plaza Nagusia.
⏩Plaza Nagusia. Leku paregabea da eguzkitan dauden terrazatxo batean esertzeko eta relaxing cup of café con leche hartzeko. Plaza laukizuzen honetan egin daitekeen beste turistada bat La Campana taberna ezagunean txipiroien ogitarteko bat jatea da. Gabonetan postutxoz betetako azoka bat egoten da.
⏩San Miguel merkatua. Postu askoz beteriko merkatu ospetsua da. Espainiako produktu tipikoak dastatzeko aukera dago.
⏩Almudenako katedrala. Eraikin erlijioso garrantzitsua da. Nabarmena da bere kupula eta barrualdean, beirate koloretsuek giro berezi bat sortzen dute.
⏩Errege Jauregia. Almudenako katedralaren parean, Errege Jauregia dago, Espainiako errege- erreginen iraganeko egoitza ofiziala. Egun jarduera antolatuetarako, erakusketetarako edo ekitaldi ofizialetarako erabiltzen da. Alboan Sabatini lorategiak daude, toki aproposa jauregiaren argazki politak ateratzeko.
Barrukaldea bisitatzeko aukera dago, milaka gela ikusiko dituzu!
⏩Debodeko tenplua. Egiptok Espainiari egindako oparia izan zen. Tenplu egiptoarra da eta harririk harri eraman zuten Egiptotik Madrilera. Toki aproposa iluntzeaz gozatzeko giro lasai batean.
Kanpotik txikia ematen du, baina barrutik handiagoa da, gainera sarrera doakoa da.
Baina egunak oraindik gehiagorako ematen zigun eta Gran Viara joan ginen Espainia plazatik pasatuz.
⏩Espainiako Plaza. Bi eraikin handi nabarmentzen dira: Madrilgo dorrea eta Espainiako dorrea. Plazaren erdialdean Cervantesen estatua ikusiko duzu. Hemendik zuzenean kale nagusira iritsiko zara.
⏩Gran Via. Madrilgo kalerik ospetsuena dela esango nuke eta ezinbesteko pasealekua, hau baita merkataritza puntu nagusia. Alcalá kalean bertan hasten da eta hasieran Metropolis eraikin ospetsua dugu, hiriko argazki tipikoenetako bat.
Zuzen eginez gero, Callao plazaraino iritsiko zara, denda askoren gunea. Janari kate azkar batean afaldu behar izan genuen, McDonaldsen hain zuzen ere, ezusteko bat itxaroten geneukalako. Beno, ustekabea ez zen niretzat, nire bikotekidearentzat baizik.
Duela urte batzuk Madrilera etorri ginen, familian, Leon Erregearen musikalaz gozatzera. Izugarri gustatu zitzaigun! Pasada bat! Oraingoan Aladin ikustera joan ginen eta asko gustatu zitzaigun. Super gomendagarria bietako edozein. Pasada hutsak!
2. EGUNA.
Bigarren egunean La Latina auzora joan ginen, "Rastrora" hain zuzen ere.
Etxera joan aurretik, El Buda Feliz izeneko jatetxe txinatar batera joan ginen bazkaltzera, hiriko jatetxe txinatar zaharrenetako batera.
- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan
.jpg)




