- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan
Berlin, nabarmenkeria kultural handiena.
Berlinek historiako garaipenak eta tragediak beste hiriburu batek baino hobeto irudikatu ditu eta ez du bere iragana ezkutatu. Ukaezina da harresiaren erorketak eta bi hiri ezberdinen bateratzeak, aberastasun kulturala eta aniztasuna ekarri zuela.
Hauxe da 5 egunetarako ibilbidea:
1. EGUNA. Alexander platz- Berlingo katedrala- Museoen uhartea- Nikolai auzoa
2. EGUNA. Scheunenviertel-Checkpoint Charlie-Bebelplatz-Gendarmenmarkt-Friedrichshain
3. EGUNA. Brandenburgo atearen ingurua- Potsdam- Charlottenburg
4. EGUNA. Sachenhausen- Potsdamer Platz- Sony Center
5. EGUNA. Scheunenviertel
ZER IKUSI? EGUNEZ EGUN.
1. EGUNA. ALEXANDER PLATZ- KATEDRALA- MUSEOEN UHARTEA- NIKOLAI AUZOA
Eguerdi parterako Berlinen geunden. Hotelera joan (erdigunean geneukan), maletak utzi eta hiriari KAIXO! esatera abiatu ginen. Inpresio onak eman zizkigun hiriak hasieratik! Dena den, 5 egun geneuzkan aurretik hiria sakonki ezagutzeko.
⏩Alexander Platz. Arreta deitzen duen lehen gauza Fernsehturm da, 368m-ko dorrea. Telebista dorre honetara igo zaitezke hiria bere osotasunean ikusteko. Gu ez ginen igotzen saiatu, oso garestia baita. Plazan hiru monumentu interesgarri nabarmentzen dira: 1830. urtean eraikitako Marienkirche Eliza, Neptunoren iturria eta adreilu gorriko Udaletxe Gorria (Rathaus).
Munduko Erlojuari ere erreparatu behar zaio, munduko hiri guztien ordua adierazten baitu. Hortik gertu Adiskidetasunaren iturria dago. Bi hauek ikusteko telebista- dorrearen atzealdera joan behar da.
⏩Radisson Blu Hotela. Barruan zerbait txundigarria du, begirada bat emateko bada ere merezi du sartzea: Europako akuario bertikalik handiena dago!🐠🐟
⏩Berlingo katedrala. Spree ibaiaren ondoan dagoen berde koloreko eta kobrezko kupuladun eraikuntza erlijiosoa da. Kupulara igo daitekeen arren, guk gure ibilbidearekin jarraitu genuen eta kanpoko lorategietatik katedralaz gozatzea erabaki genuen.
Katedralaren ondoan Museoen uhartea dago, Gizateriaren ondare izendatua UNESCOren eskutik. Bost museo ospetsuk osatzen dute eta gu bakar batera sartu ginen: Pergamoko museora.
Zer ikusi dezakegu bertan?
Museoa uharteko handiena da eta esaten dutenagatik ikusgarriena. Erakusketa paregabeak ditu, horien artean, lehenengo aretoan dagoen, Pergamoko aldarea, kristo aurreko 100. urteko Miletoko merkatuko atea, Ishtarreko atea ...
Ordutegia: egunero: 10: 00etatik 18: 00etara (ostegunetan 22: 00ak arte).
Prezioa: helduak 12 €(audiogida gaztelaniaz barne).
Eguna amaitzeko San Nikolai auzora joan ginen, Erdi Aroko kalexketatik paseatzeko. Auzoan estilo erromanikoko San Nikolas eliza nabarmentzen da. Bertako taberna batean gelditu ginen oinak luzatzeko eta giroaz gozatzeko.
2. EGUNA. SCHEUNENVIERTEL- CHECKPOINT C.- BEBELPLATZ- GENDARMENMARKT- FRIEDRICHSHAIN
Goizean hotelaren inguruko kaleak miatu genituen. Honako bide hau egin genuen auzo judutarra ezagutzeko:
⏩Juduen auzoa. Puntu ezberdinetan gelditu ginen:
Tacheles: gure hoteletik gertu zegoen etxe okupatua da. Gaur egun itxita dago, hotel bateko instalazioek lekua noiz hartuko zain.
Postfuhramt: auzoko erakusketa-gunea da, hiru kupula dituen adreilu argiko eraikina da.
Auzotik zehar, Heckmann Hofe (barruko patioak), Sinagoga Berria, St. Hedwigs- Krakenhaus (adreilu gorriko ospitale zaharra), eliza protestantea, judutarren eskola eta beraien lehen hilerria ikus daitezke.
Judutarren auzotik gindoazela, eskultura bitxi batekin topo egin genuen Koppenplatzen. Juduei eskainitakoa da!
Metroa hartu eta erdigunera joan ginen. Eta nola ez, bidaia honetan ere Sandemans New Europek eskaintzen dituen tourretako bat egin genuen. Bi ordu eta erditan toki ugari bisitatu genituen: Pariser Platz, Hitlerren Bunkerra, Checkpoint Charlie...
Tourra bukatu ostean, egun horretarako pentsatuta geneukan ibilbidearekin jarraitu genuen.
Checkpoint Charlie Guda Hotzean erabilitako igarobiderik ezagunena da. Bertan Mendebaldeko Berlinetik Ekialdeko Berlinera igarotzeko bisa lor zitekeen. Kasurik ezagunena, Peter Fechter gaztearena da, RDAko militarren eskutik tirokatua izan zena, askatasuna lortzeko zorian zegoenean. Odolustuta hiltzen utzi zuten, lagundu nahi zioten Mendebaldeko Berlingo militar eta hiritarren begiradapean.
⏩Gendarmenmarkt. Ez, ez duzu bikoiztuta ikusten, lasai! Plazaren bi alboetan bi eliza barroko berdin- berdinak ikus daitezke: Frantziako eliza eta eliza alemaniarra. Bi elizen artean Berlingo Orkestra Sinfonikoaren egoitza dago.
⏩Bebelplatz. Plaza hau 1933ko maiatzaren 10ean gertatutako ekintzengatik da ezaguna, izan ere naziek zentsuratutako egile batzuen milaka liburu erre zituzten bertan. Plazaren erdian apalategi huts bat ikus daiteke.
Metroa hartu eta Oberbaum zubira hurbildu ginen. Tren horia pasa arte itxaroten baduzu, argazki eder bat lortuko duzu!📷
Bertan egonda East Side Gallery ikustera joan ginen. Berlingo harresitik geratzen den aztarnarik handiena da, 1´3 km-ko luzeerarekin. Berlingo historian duen garrantzia ikusita, esan beharrik ez dago bisitatzea derrigorrezkoa dela. Gu joan ginenean, kasualitatea ere bada, horma-irudi guztiak burdin hesiz inguratuak zeuden, nire ustez grafitien gainean zeuden pintada guztiak kentzeko.
3. EGUNA. BRANDENBURGO ATEAREN INGURUA- POTSDAM- CHARLOTTENBURG
Hirugarren eguneko goiza topera aprobetxatu beharra zegoen, arratsaldean ondoko herri bat bisitatzera joateko intentzioa genuen eta.
⏩Brandenburgoko atea. Duda barik hiriko ikur garrantzitsuenetariko bat, bakearen garaipenaren sinboloa... Berlinera sartzeko ateetako bat zen. 26 metroko altuera du eta estilo neoklasikokoa da. Ateak bost sarrera ditu, baina erdiko pasabidea, zabalena, erregearen familiako kideek eta zorioneko beste pertsona batzuek soilik erabil zezaketen bere garaian.
Egunez zein gauez jendez gainezka dago, gune atsegin eta garrantzitsu bat izateagatik. Baina egia da, aurreko egunean bertatik pasatu ginen arren, argazki batzuk ateratzeko aprobetxatu genuela, oso jende gutxi baitzegoen goizeko ordu horretan.
Hortik zuzenean Alemaniako Parlamentura (Reichstag) joan ginen. Kupula handi bat nabarmentzen da Legebiltzarreko Osoko Bilkuren Aretoaren gainean.
Legebiltzarra bisitatu nahi baduzu, erreserbatu beharra dago esteka honetan.
Kupularen bisita doakoa da eta audiogida barne dago. Gauerdira arte irekitzen da, baina ilara egoten da, onena goizeko lehen orduetan iristea da. Egunero, 8:00etatik 24:00etara, azken sarrera 22:00etan delarik.
⏩Holokaustoaren monumentua. Europan eraildako juduen omenezko monumentua da. Altuera ezberdineko hormigoizko 2.711 blokez osaturiko lauki bat da. Lekuak errespetu handia ematen du eta du.
Eguerdi partean Berlinetik urrundu ginen, hogei bat kilometrotara. 1990. urtean UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen Potsdam hiria ezagutzera joan ginen. Prusiar errege familiaren bizileku izan zen eta horrexegatik jauregi ugari mantentzen dira bertan. Zer ikusi dezakegu?
Sanssouci jauregia: "Alemaniako Versalles" bezala ezagutzen da. Bere lorategiak ikusgarriak omen dira, gu joan ginenean ez zegoen lore txikerrena ere ez. Zorte txarra!
Herbeheretako auzoa, Brandenburgo atea, Cecilienhof jauregia (gaur egun hotela) edota Jauregi Berria ikus daitezke. Azken hau eraikin errenazentista bat da eta bere kolore berdeko kupulagatik nabarmentzen da.
Iluntzean Berlineko beste zonalde batera hurbildu ginen.
⏩Kurfürstendamm. Etorbide hau merkataritza gune nagusiena da. KaDeWe (Kaufhaus des Westens) saltoki handia dago.⏩Kaiser- Wilhelm memoria-eliza. II. mundu gerran erasotzaileen bonbek suntsitu zuten eliza eta momentu horretan hartu zuen garrantzia. Eraisteko planak egin ziren, baina herritarrek uko egin zioten.
4. EGUNA. SACHENHAUSEN- POTSDAMER PLATZ- SONY CENTER
⏩Sachenhausen. 1936an eraikitako kontzentrazio- esparrua, non milaka pertsona hil baitziren gosez, gaixotasun batez, bortxazko lanagatik edota operazio genoziden biktima izateagatik. Sandemans New Europekin egin genuen tourra. Nire lehen aldia zen kontzentrazio- esparru bat zapaltzen nuela eta uste dut azkena... Orain hitz hauek idatzi eta bertan bizitako momentuak gogoratu bitartean, oilo- ipurdia jarri zait. Nazien errepresio sistema eta masa- hilketak nola gertatzen ziren azaldu ziguten. Gidak komentatu zigun, Alemaniako ikasleek, bizitzan behin kontzentrazio- esparru bat bisitatu behar dutela.

5. EGUNA. SCHEUNENVIERTEL
⏩Hackesche Höfe. Berlingo diseinatzaile gazteen denda txikiak daude. Erosketak egitea gustuko baduzue, badakizue nora jo!
⏩Chicken Alley. Kalezulo hau ospetsua eta oso deigarria da, baina oso ezkutatuta dago. Hainbatetan pasatu ginen sarreratik eta ez ginen konturatu.
NON EGIN LO?
HOTEL ZOE by Amano. Ez dago berbarik hotela deskribatzeko... zelako tokia! Gu joan ginenean aste gutxi batzuk zeramatzan irekita, imajinatuko duzue, dena berri-berria zegoen. Eta gosaria!!! I-KUS-GA-RRI-A! Große Präsidentenstraße 6-7, 10178 Berlin, Alemania.
Sartu web orrian eta trasteatu hemen.
NOLA MUGITU GAITEZKE?
Tegeleko aireportutik erdigunera joateko modurik onena autobusa da. 2,60€ inguru balio du eta aireportuan bertan erosten da. Txartel guztiek balio dute, bai metrorako eta aldiriko trenetarako, bai autobus eta tranbietarako. Txartelak metro eta tren geltokietako makinetan eros daitezke. Autobus gidariek ere txartelak saltzen dituzte.
Geltoki guztiak S- Bahn (trena) eta U-Bahnekin (metroa) konektatuta daude.
Guk, garraio publikoa erabili genuen egun guztietan; A eta B guneetarako 24 orduko txartelak erostea erabaki genuen (6' 70 € balio dute).
NON JAN ETA EDAN?
Alemaniako sukaldaritza bere saltxitxengatik da batez ere ezaguna. Nik beti eramaten dut bisitatzen dudan tokiko janari tipikoaren zerrenda bat, gauza berriak probatzeko. Gomendatzen dizkizuedan jatetxe pare bat ...
Jolly jatetxea: prezio merkeko ekialdeko janaria.
Am Kupfergraben 4/4a, 10117 Berlin, Alemania (museoen uhartetik gertu).
Burgermeister: hanburgesa oso gozoak eta merkeak. Patatak txiliarekin gomendatzen dizkizuet.
Oberbaumstrasse 8, 10997 Berlin, Alemania.

- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan