- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan
Paradisu urdin eta zuria.
Santorinin edertasuna nonahi topatuko duzu: bere etxe zuriekin, kupula urdinekin eta itsaso barearekin. "Ilargi erdiaren uharte" izena ere jasotzen du, izan ere, k.a. 1650. urtean eztanda egin zuen sumendi bateko urperatu gabeko zatia da.
Ikus dezagun 7 egunetarako ibilbidea:
1. EGUNA. Vlyhada- Fira
2. EGUNA. Hondartza Gorria- Akrotiri- Perissa- Pyrgos
3. EGUNA. Kamari- Oia
4. EGUNA. Txangoa- Monolithos- Kamari
5. EGUNA. Perissa- Firostefani- Imerovigli- Fira
6. EGUNA. Perissa- Perivolos- Oia
7. EGUNA. Perivolos- Etxera
ZER IKUSI? EGUNEZ EGUN.
1. EGUNA. VLYHADA-FIRA
Hegazkina ordu txikitan heldu zen Santoriniko aireportura eta bertan zegoen gure txoferra, hoteleko jabea, zain irribarretsu. Oso nekatuta geunden, hortaz zuzenean joan ginen ohera. Hurrengo goizean fuerte gosaldu eta aireportura hurbildu ginen gure kotxe alokatua hartzeko. Eta orduantxe bai.... GURE BIDAIAREN HASIERA!
Mapa eskuetan geneukala hegoaldeko hondartza bat aukeratu genuen lehen geldialdi bezala.
⏩Vlyhada hondartza. Goiza hare fineko hondartza lasai honetan pasatu genuen bakardadean. Hondartza osoan lauzpabost pertsona geunden... Hori bai lasaitasuna! Harrigarriena bere harrizko horma erraldoiak dira, ikusgarriak.
Eguzkia hartzeaz aspertu ginenean hondartza ondoko jatetxe xume batera joan ginen entsalada fresko bat jatera. Ze ondo sartu zitzaigun egiten zuen beroarekin!☀ Kotxea hartu eta hotelera dutxa fresko bat hartzera joan ondoren, Firara abiatu ginen arrasti- iluntzea pasatzera.
⏩Fira. Zerbitzu guztiak (bankuak, posta- zerbitzua, dendak, jatetxeak, pub-ak ...) batzen dira bertan. Firako bistak eta ilunabarra ederrak dira, baina gu heldu ginenerako gaua zen, iluntasuna nagusi. Beraz Firako iluntzea beste egun baterako utzi genuen.
2. EGUNA. HONDARTZA GORRIA-AKROTIRI- PERISSA- PYRGOS
Bigarren egunean uhartearen helgoaldea bisitatzen jarraitu genuen, denetarako eman zigun denbora. Hori bai!Iratzargailuak goizean goiz jo zuen. Hona hemen egindako ibilbidea:
⏩Hondartza gorria. Argi dago zergaitik duen izen hori ez? Hondartza ederra da bai, baina oso zaila bertara iristeko: muino txiki bat eskalatu, hondartza inguratzen duen mendia inguratu ... Ez ginen hondartzan geratu, goiza zen eta hondartzako mendiak itzala egiten zuen itsasertzean. Pentsatuta genuen ibilbidearekin jarraitzea erabaki genuen. Hala ere, hondartzara arte hurbiltzea merezi du.
⏩Akrotiriko hondakinak. Brontze Aroko aztarna arkeologikoak ikustera joan ginen, Meditarrenoko aztarnategi inportanteenetako bat da. Hiri hau Santorini sumendiaren erupzioaren ondoren lurperatuta geratu zen eta 1967an indusketa lanak hasi zituzten hiria errautsetatik ateratzeko.
Ederto baten bereizten dira iraganeko kalexkak, etxetxoak, objektuen aztarnak ... Merezi du bisitak!
Ordutegia: 8.00tatik 18.00tara. Gomendagarria goiz joatea beroa eramangarriagoa izateko.
Prezioa: 6€
Bertan geundela Akrotiri herria ezagutu genuen. Edonora begiratuta (Santorini osoan orokorrean), horrelako eliza txikiak topatzen dituzu. Beti esan dute Santorinin eliza gehiago daudela pertsonak baino, nik sinisten dut!
Noraezean genbiltzala veneziar gazteluarekin egin genuen topo. Akrotiriko punturik altuena da eta Erdi Aroan veneziarrek eraiki zuten uhartea inbasioetatik babesteko. Galdararen panoramika bertatik ikusgarria da!
Hurrengo geralekua itsasargia zen, ezin zarete imaginatu bidean zehar dauden bistak! Kotxea errepide bazterrean utzi eta ikuspegiaz gozatzeko momentua zen.
Errepide estu batetik gidatu ondoren, itsasargira iritsi ginen. Irlako zaharrenetakoa da, 1892. urtekoa. Bere kokapenari esker, galdararen eta Egeo itsasoaren ikuspegi ikusgarriak eskaintzen ditu.
Gure hoteletik hurbil bazkaldu, bainujantzia jarri eta hondartzara jaitsi ginen beroari aurre egiteko.
⏩Perissa hondartza. Perissa eta Perivolos hondartzak elkarren ondoan daude, lotuta, eta aukera dago batetik bestera oinez pasatzeko. Bi hondartzak itxuraz antzekoak dira, baina esango nuke Perissa askozaz ere lasaiagoa dela, familiarragoa. Gure hoteletik hurbilen zegoen hondartza zen, eta egia esan gehien gustatu zitzaiguna.
Eguzkitan apur bat kiskali ostean eta dutxa hotz bat eman eta gero, herri berri bat ezagutzera abiatu ginen: Pyrgos.
Itsasotik urrun, harresi batez inguratuta, milaka eliza txiki eta altueran eraikia, horrelakoa da Pyrgos. Xarma handiko herria da, denboran zehar ondo kontserbatu den herri lasaia. Merezi du bertako kaleetatik paseotxo bat ematea, guri asko gustatu zitzaigun.
3. EGUNA. KAMARI - OIA
Uretara! Kotxea hartu eta hondartza berri bat ezagutzeko bideari ekin genion. Oraingoan gorantza, hego- ekialderantza egin genuen.
⏩Kamari hondartza. Toki animatua, tabernaz, jatetxez eta diskotekaz inguratua.
Goiza aprobetxatuta, zertxobait bazkaldu eta arropa erosoz jantzita, Santoriniko lekurik fotografiatuenera joan ginen. Zein da?
⏩Oia. "Ia" ahoskatzen da eta irlaren iparraldean dago, Firatik 11km-ra. Santoriniko irudia da, bere iluntze eta urdinez margotutako kupulekin. Bere ilunabarra oso ezaguna da... Eta ez da gutxirako ez! Ikusi dudan iluntzerik ikusgarriena izan da, gainera tokiak eta kokapenak asko laguntzen du. Nahi izanez gero, aukera dago ilunabarra txalupatxo batetik ikusteko.
Komenigarria da garaiz joatea leku on bat hartzeko, jendez gainezka egongo da eta. Hala ere, iluntzea Oiako puntu askotatik ikus daiteke, kaletik nahiz terrazatxo batean eserita.
Hori bai, kontuz! Begiratokiaren inguruan taberna eta jatetxe ugari daude eta imaginatuko zaretenez bertako prezioak merke- merkeak ez dira...
Bere kaletxoetatik buelta bat eman ondoren, hotelerako bidea hartu genuen. Aurrerago, lasaitasun handiagoz, Oiara itzultzeko ideia genuen.
4. EGUNA. TXANGOA- MONOLITHOS- KAMARI
Laugarren egunean txango bat egin genuen sumendira eta ur termaletara. Atzo Oiara joan ginenez, bertako "Pelikan Travel" turismo- agentzian erosi genituen txangorako sarrerak. Abiatze- ordutegiaren berri emateaz gain, zenbait aholku eman zizkiguten: zapata itxiak eramatea, jateko zerbait eta ura.
Txangoaren prezioa: 18€
Txangoa egiteko hiru ordutegi ezberdin daude: 11:00-14:00 eta 14:00-17:00 eta 17:00-20:00.
⏩Sumendira eta iturri termaletara txangoa. Katamarana hartuta Firako portutik Santoriniko galdara, Nea Kameni eta Palea Kameniko ur termalak bisitatzera abiatu ginen. Txangoko lehenengo geldialdia Eriniako portuan egin genuen; itsasontzitik jaitsi eta krater aktibora eramango gintuen bideari ekin genion. Ordu bat eta 15 minutu geneukan tontorrean topatu genuen paisaiaz gozatzeko.
Kraterra igotzea erabakitzen baduzue, ez ahaztu ura! Bainujantzia jarrita eramaten baduzue hobe, egiten duen beroarekin, arropa guztia soberan izango duzue eta!
Jarraian, Nea Kameni irlaren inguruan bueltatxo bat eman eta Palea Kameniko uhartera iritsi ginen, eta zer dago bertan? Lokatz naturala! Sumendi erupzioen ondorioa dira. Ontzia 30 minutuz egon zen bertan, eta nahi zuenak "bainu termal" bat emateko aukera izan zuen.
Aholkua: eraman bainujantzi zahar bat, uretara sartzeko asmoa baldin baduzu.
Eguerdi partean txangoa bere amaierara iritsi zen eta Firako portu zaharrean dauden eskailerak igotzea tokatzen zen.😫😫
Eta orain pentsatzen egongo zarete: Ez da hainbesterako, neska! Ba bai! 270 metroko igoera, beroarekin eta nekerarekin...
Hiru aukera daude igo eta jaisteko:
Astoan igotzea (uharteko argazki klasikoa): 5€. Hobe animaliak albo batera uzten baditugu!!
Teleferikoa: 5€
Oinez tipi- tapa 👣👣. Hau dohainik!
Arratsaldea aprobetxatzeko eta beroari aurre egiteko, hondartza berri batera joan ginen.
⏩Monolithos hondartza. Aireportutik oso gertu dago. Ez zitzaigun gustatu, oso zikin zegoen eta itzalkin zaharrak zeuden.
Hoteletik pasa ondoren, Kamarira joan ginen. Bertako hondartza ezagutzen genuen, baina herritxoa ez. Herrixka alai eta xarmangarria da, giro politarekin.
5. EGUNA. PERISSA- FIROSTEFANI- IMEROVIGLI- FIRA
Hoteleko terrazan gosaldu ondoren, arrainak bezala ur bila joan ginen. Oraingo honetan ez ginen larregi urrundu eta hotelaren ondoan zegoen Perissa hondartzara joan ginen berriro ere. Lehenenegoz joan ginenean asko gustatu zitzaigunez, zertarako konplikatu?
Ezinezkoa egin zitzaigun hondartzan jarraitzea, bero jasanezina egiten zuen eta eguzkitakoaren azpian egonda nahiz sirenatxo baten moduan uretan egonda ere, ez zen nahikoa beroari aurre egiteko.
Beraz, zertxobait bazkaldu eta Firostefani eta Imeroviglirako bidea hartu genuen.
Firostefani itsaslabarraren ertzean jaiotzen den herrixka luzanga da, Firatik 2km- ra dago gutxi gora behera. Oinez bisitatu daiteke eta bere erakarpen handiena galdarara dauen ikuspegiak dira.
Eguna bukatzeko Firara joan ginen. Aurrekoan Firako ilunabarra ikusi barik gelditu ginen, berandutu egin zitzaigulako. Beraz, denboraz ondo genbiltzanez, erdigunetik urrundu ginen toki egoki bat bilatzeko. Merezi izan zuen!



Ilunabarra ikusteko Fira auzo katolikoko kale estu batzuetan jarri ginen eta bertan geundela Katedral Katolikoa edo San Joan Bataiatzailearen katedrala ikustera hurbildu ginen. Estilo barrokoko eraikuntza honek asko harritu ninduen bere krema eta urdin koloreen nahasketagatik. Polita benetan!
6. EGUNA. PERISSA- PERIVOLOS- OIA
Azken aurreko eguna... Euskaldunok lotura handia daukagu mendiarekin, argi dago! Horregatik Santorinin ere "mendira" joan beharra geneukan. Ez dut gezurrik esango: mendira baino muinora... Hoteleko terrazatik egunero ikusten genuen harkaitzean zulatutako eliza txiki bat. Herritarrei bertara nola heldu galdetu ostean, gosaldu aurretik, goizaldeko 6.30etan abiatu ginen, lehen eguzki izpien eragozpenik gabe igotzeko.
⏩Panagia Ketefianiren kapera. Bitxia benetan... harkaitz handi batetik nabarmentzen den kaperatxoa da. Igoera gogorraren ondorengo sari bikaina!
Uhartean egiten duen beroa ikusita, hobe da goizean goiz igotzea. 
Kirola egin ondoren, gosaria merezita! Sabela bete eta Perivolos hondartzara joan ginen. Dibertsioaren hondartza da, bai egunean zehar bai gauean zehar. Taberna ugari daude paseoan eta zuzeneko musika dute hondartzako giroa berotzeko.
Azken gaua izanda, Oiara joan ginen gure bidaiari amaiera emateko. Baina oraingoan zonaldez aldatu genuen eta portura jaitsi ginen.
⏩Ammoudiko portua. Herriaren azpikaldean dagoen portu txikia da. Bertara heltzeko bi aukera dude: amaigabeko eskailerak jaitsi edo bestela, Oiaren goikaldetik etorrita, atzealdean dagoen errepide batetik jaitsita. Portu hau oso aproposa da arrantzaleen tabernaren batean afaltzeko. Beraien generoa erakusten dute eta momentuan bertan prestatzen dute txingarretan. Prezioak oso merkeak ez izan arren, merezi du arrain freskoaz gozatzea itsas bazterrean.
7. EGUNA. PERIVOLOS- ETXERA
Agur Santorini!Laster arte! Hotelean dena prest geneukala, goiza aprobetxatzera joan ginen Perivolos hondartzara. Ordu batzuk disfrutatu ostean, maletak hartu eta aireportura.
NON EGIN LO?
ARETOUSA VILLAS. Familia giroan eramandako aparthotel lasaia eta erosoa da. Kanpoko igerilekua duen bi eraikineko gune bat da. Kokapen bikainekoa, hondartzatik 250 m-ra dago. Guri asko gustatu zitzaigun kokapenagatik, zerbitzuengatik, garbitasunagatik... eta bereziki familiaren harreragatik. Familiako gizona etorri zitzaigun aireportura bila lehenengo eguneko ordu txikitan. Tipo jatorra! Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu hotelaren web orria hemen.
(Perissa Beach, Perissa 84703 Grecia).
Santorini oso uharte txikia da eta garraio aukera ezberdinak ditu toki turistiko guztietara heltzeko. Nire ustez, modurik erosoena Santorinitik mugitzeko autoa da. Leku guztietan daude doako aparkalekuak, guk ez genuen aparkatzeko arazorik izan eta errepideak orokorrean egoera onean daude, baina badakizue beti dagoela salbuespenen bat 😏.
Ideia bat egin dezazuen: Avis enpresarekin, zazpi egunerako autoa, 300€-ren truke atera zitzaigun eta aireportuan bertan jaso eta entregatu genuen.

- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan
