4 EGUN ERROMAN

6 EGUN LONDRESEN

Londres perla ketsu bat bezalakoa da esmeralda-zirkulu batean.

William Henry Rideing


Londres kosmopolita, modernoa eta zirraragarria da: bisitatzeko leku zoragarria. Hiriak antzinako xarma, moda, kortesia lasaia eta dibertimendu handia uztartzen ditu. Kontrasteak amaigabeak dira eta horiek aurkitzea hiriko plazer handietako bat da.
Datozen lerroetan 6 egunetan zehar zer ikusi dezakezun kontatuko dizut. Prest?

ZER IKUSI? EGUNEZ EGUN.
1. EGUNA (ARRATSALDEA)
Eguerdirako Stansted aireportuan geunden. Hegaldia bikaina izan zen, ustekaberik gabea. Loiuko aireportuan autobus bat kontratatu genuen (Terravision) eta Stanstedetik Liverpool Streetera eraman gintuen, bertan taxi bat hartzeko gure hoteleraino (beherago, hartu genuen hotelaz hitz egingo dizuet). Taxia hartu baino lehen, turismo bulegora joan ginen pixka bat informatzera.
Terravision autobusa ₤8 kostatu zitzaigun eta bidaiak ia ordubete iraun zuen.
Traste guztiak hotelean utzi ostean, prest geunden hiriaz gozatzeko eta gure lehenengo geldialdia izan zen ...
⏩Covent Garden Market. Oso merkatu berezi eta xarmangarria da, bere dendatxoekin, jateko postu eta tabernekin ... Eguneko edozein ordutan animatuta dago. 
Londres erdialdeko plazarik garrantzitsuenera eta animatuenera hurbildu ginen. Badakizu zeinetaz ari naizen? Bai, Trafalgar plazataz. Plazaren erdian, Nelsonen omenezko 50 metroko granitozko zutabe dotorea dago, Trafalgargo guduan britainiar armadaren agindupean zegoela hil zena. Plazaren iparraldera begiratuta, National Gallery dago eta, bere parean, gauean argitzen diren bi iturri handi. Nahiko berandu zenez, museoa itxita zegoen, beraz beste egun baterako utzi genuen.
Plazaren albo batean, M&M´s txokolate denda erraldoia dago. Aprobetxatu ikusteko ...
Afal ostean, gaua zela aprobetxatuz, Piccadilyra joan ginen, neoizko argiak ikusteko. Jendez gainezka zegoen, nire ustez, eguneko edozein ordutan joanda ere, bardin topatuko duzu. Baina nik gauez joatea gomendatzen dizut, lekua bereziagoa bihurtzen baita.
Ez diot kendu nahi protagonismoa plazaren erdian dagoen Eroseko iturriari!
Lehen kontaktua hiriarekin, egina zegoen eta arratsaldeak askorako eman zigun.

    
2. EGUNA
Gure lehenengo gosaria Londresen! Hotelean presarik gabe gosaldu eta gero, prest geunden egunari hasiera emateko. 
Wellington arkua ikusi eta Buckingham jauregirantz abiatu ginen.
Erresuma Batuko Errege familiaren egoitza ofiziala da eta orain dela gutxira arte Isabel II.aren bizilekua. Barrualdea bisitatu daiteke, baina urtean oso aukera gutxi daude horretarako. Guardiaren Aldaketa bai egiten dela urte osoan zehar jauregiaren aurrean, milaka bisitari erakartzeko moduko ekitaldia izanik. Musika banda militar baten laguntzaz, guardiek oso modu berezian egiten dituzte beraien ordezkapenak. 
Uda partean, guardia egunero 11:30etan aldatzen da eta 45 minutu inguru irauten du.
Jauregiaren aurrez aurre, Victoria erreginaren omenez egindako memoriala topatuko duzu.
Londreseko erdigunea zeharkatzeko, St James parkea zapalduko duzu. Laku artifizial bat, hegaztiak, loreak, zuhaixkak ... eta nola ez urtxintxak ikusiko dituzu!! Egia esan, denboratxo bat eman genuen urtxintxekin.
Parkea Horse Guards-etik hurbil amaitzen da. Horrela izanda, errege zalditeriak antolatzen duen zeremonia bitxia ikustera hurbildu ginen. Asko harritu ninduen guardien adinak! Oso gazteak ziren denak!
Downing Street. Lehen ministroaren egoitza. 1989tik, kalea hesiz itxita dago, segurtasun arrazoiengatik. Interesgarria ikusteko? Ba ez, ez da beste munduko ezer.
Westminster abadiarako bidean, britaniar ikono diren telefono- kabina gorri askorekin topo egin genuen eta nola ez... argazkia ateratzeko geldialdia  derrigorrezkoa zen!
Westminster abadia. Erregeen koroatzeak edota Diana printzesaren hileta egin da bertan. Ez ginen sartu, kanpotik ikustearekin konformatu ginen.
Westminster jauregia. 
Eraikin gotiko biktoriar honek Britainiar Parlamentua osatzen duten bi ganberak hartzen ditu. Albo batean, Big Ben dorrea eta bestean Victoria dorrea dago eta honetan parlamentuko lege guztien kopiak gordetzen dira.
Dakizuen bezala, Big Ben Londreseko irudirik ospetsuenetako bat da eta bere erlojua XIX. mendean jarri zen.
Bazkaltzeko ordua zenez eta goseak estutzen zuenez, erlojuaren aurrez aurre zegoen supermerkatu batera joan ginen eta sandwich eta biribilki pare bat eta edateko zerbait erosi genituen. "Portcullis etxeko" harmailadietan eseri ginen (une hartan grazia handia egin zigun, horregaitik oraindik tokiaz gogoratzen naiz).
Janaria jaten genuen bitartean, London Eye-ra ematen zuen paisaiaz gozatu genuen. 
2000. urtean inauguratu ondoren, 135 metroko altuerako noria hiriko ikono esanguratsuenetako batean bihurtu zen. 10 tona inguru, 32 kabina... esperientzia polita izan daiteke baina garestia antza.
                      
Hortik, Londreseko arte museorik garrantzitsuenera eta mundu mailan ezagunenera joan ginen, National Gallery-ra. Bilduma iraunkorra du 2.300 margolan baino gehiagorekin, horien artean Rembrandt, Velázquez, Van Gogh, Miguel Angelen ... lan batzuk nabarmentzen dira.  
Sarrera doakoa da.
Egunero 10etatik 18etara. 
Chinatownera joan aurretik, Hamleys dendara hurbildu ginen. Sartu beharra zegoen...
Chinatown Sohoren erdi-erdian dago. Auzo honek dendak, jatetxeak eta, oro har, giro bikaina du. Guri asko harritu zigun!
Libera gutxi batzuen truke buffet txinatar batean afaldu genuen. Itxura bikaineko janaria, prezio onean. Ezin da gehiago eskatu.
Birridunta iritsi ginen hotelera, gaueko dutxak eta lotara.

3. EGUNA
Hirugarren egunean lo pixka bat gehiago egin genuen, ez baikenuen aurreko egunean bezain azkar ibiltzeko beharrik. Museoa 10etan irekitzen ziguten, lasai gosaldu genuen. Metroa hartu genuen, hoteletik nahiko urrun geratzen zitzaigulako.
Natural History Museum. Zintzilik dagoen bale urdinaren hezurdura batek ongietorria ematen dizu museora.
 Historia Naturalaren Museoak Lurra eta bertan sortu eta eboluzionatu diren bizimoduak jorratzen ditu. Museora sartu bezain laster, asko harritu gintuen dekorazio zainduak. Animaliak, diplodocus erraldoi bat, eskeletoak ... ikusi genituen.
Patxadaz ikus daiteke, museoa atal ezberdinetan bananduta dagoelako: Darwin zentroa, dinosaurioak, fosilak, barne indarra...
Museoan denbora dezente eman genuen, arreta handiz ikusi baikenuen, oso interesgarria eta atsegina iruditu zitzaigulako bisita. Oso bisuala da dena, denbora guztian entretenituta zaudelarik.
Museotik irten ostean eta bazkaltzeko toki bat bilatzen hasi aurretik,  Londreseko merkataritza-gune ospetsuenera joan ginen, Harrodsera. Bere luxuzko dekorazioak harritu ninduen. Ez genuen erosteko asmorik, bere prezioak nahiko altuak dira orokorrean eta. 
Astelehenetik larunbatera 10etatik 20etara. Igandetan, 11:30etik 18etara. 







Italiar jatetxe batean bazkaldu genuen ibilbidearekin jarraitu aurretik. Lekua ondo zegoen eta janariak itxura ona zeukan, baina batzuetan gertatzen denez, ez nuen platerarekin asmatu. Pasta muskuiluekin eskatu nuen (ez zaizkit gustatzen) eta ezin izan nuen plateraz gozatu. Nire errua...
Tripa "pixka bat" bete ondoren, paseatzera joan ginen. Nondik uste duzu?
Hyde Park. Londres erdialdeko parkerik handiena da. Parkea beti dago irekita, goiz eta gau. Barruan Kensingtongo lorategiak daude eta berdeguneak eskaintzen duen lasaitasunaz gain, hainbat gune interesgarri daude bisitatzeko, hala nola, Kensington Jauregia, Galesko Diana Printzesaren Memoriala edo Peter Pani eskainitako brontzezko estatua.
Kensington Lady Diren azken bizilekua izan zen 1997an Parisen auto istripu batean hil zen arte. Handik hurbil Dianaren iturria, bere oroimenez parkean altxatutako granitozko eraztun handi bat, eraiki zuten.

Badakizu zerekin entretenitu nintzen eta zerk egin zidan ilusio handia? Urtxintxak hain hurbil eta albotik korrika egiten ikusteak. Nabari denez, oso ohituta daude gizakiekin.
Ilusio handia egin zidan Peter Panen eskultura ikusteak ere, nik berak bezala, ez nuen hazi nahi (txikitan etxean sarritan esaten nuen).
Metroa hartu genuen Londreseko Dorrera hurbiltzeko. Gotorleku handi honetan  errege- erreginak bizi izan dira, baina armategi, gotorleku eta espetxe gisa ere funtzionatu du. Ana Bolena ere bertan izan zen lau pareten artean sufritzen.
Gu joan ginenean, dorrea, zeramikazko milaka mitxoleta gorriz inguratuta zegoen, Lehen Mundu Gerran hil ziren soldaduak gogorarazteko.
Tower Bridge. Londres hedatzen hasi zenean, Tamesis ibaiaren bi ertzak lotzeko zubi baten beharra ikusi zuten. Hiriko beste sinbolo esanguratsuenetako bat dela esan daiteke.
Hortik hurbil zegoen monumentu bat bisitatzera joan ginen. Izan ere, 1666. urtean hirian egon zen sute handia gogorazteko eraiki zen 61 metroko harrizko zutabe dorikoa.
Oinak nekatuta eta gosea izan arren, ezin ginen inguru hartatik joan katedrala bisitatu gabe, kanpotik baino ez bazen ere. San Paulo katedrala, 110 metroko altuerarekin, munduko bigarren katedralik handiena da, Erromako San Pedro Basilikaren atzetik. Katedral honetan Carlos printzearen eta Lady Dianaren ezkontza izan zen.
Afaltzera joateko ordua zen eta hanburgeseria bat aukeratu genuen. Ez dakit gosearen eragina zen edo esertzeko gogoena, baina hanburgesa oso gozo zegoen.
HANBURGESERIA: Byron
Antza Byron frankizia bat da eta hainbat aurki ditzakezu Londresen.
4. EGUNA. 
Metroa hartu eta erdialdetik urrundu ginen laugarren egunean Portobelloko merkatura joateko.
Portobelloko merkatua Londreseko merkatu ospetsuenetako bat da. Portobellon era askotako artikuluak aurki daitezke eta horien artean antzinakoak nabarmentzen dira. Merkatu honek hiru kilometroko luzera du eta Nothing Hill eta Ladbroke Grove lotzen ditu.
Nik Nothing Hillen hastea eta Ladbroke Groven amaitzea gomendatzen dizut. Azoka bisitatzeko egunik onena larunbat goiza da.
Mokadutxo bat jan ostean, arratsaldean metroa hartu eta derrigorrezko bisita egin genun Camden Town auzo ospetsura. Bere merkatuagatik eta bertako biztanleen bizimodu alternatiboagatik oso ezaguna da lekua. 
Kalean dauden lokal gehienek arropa berezia eta bitxia saltzen dute. Adibidez, deigarria egin zitzaidan Cyberdog izeneko denda bat, non DJaz eta dantzariez goza zenezakeen, arropa bitxiak begiratzen zenituen bitartean.
Lehen esan bezala, arratsaldez joan ginen Camden Townera, goiz osoan Portobello Marketen egon ginelako. Arratsaldea laburra egin zitzaigun eta gehiago ikusteko gogoarekin geratu ginen. Horregatik gomendatzen dut goiz bat erreserbatzea Camdenentzat bakarrik. 
Ilundu baino lehen erretiratu ginen. Supermerkatuan afaltzeko zerbait erosi eta hotelera joan ginen. Gabon!!

5.EGUNA. 
Jaiki, goizeko dutxak, erabateko gosaria eta... erosketak egitera🎁🎁. Bosgarren eguneko goizean Oxford Streeten ibili ginen, Londreseko kale nagusian eta oroigarri- dendez gain, moda- denda eskuragarriak ere daude.
Arratsaldean, bazkaria jeisteko Regents Parkera hurbildu ginen. Herritarrek gehien maite duten parkeetako bat da. Ehundaka arrosa mota, laku eder bat, aire zabaleko antzoki bat ... Guzti hau gutxi balitz, hiriko zooa ere bertan dago. 
Bihar azken eguna, hobe esanda, azken goiza. Gauean, hurrengo egunerako, dena prest uztea tokatu zitzaigun.

6.EGUNA. 
Dena batuta utzi ondoren, munduko museorik zaharrenetakora hurbildu ginen, Britainiar Museora (British Museum).
Munduko hirugarren museo bisitatuena da Pariseko Louvre eta New Yorkeko Metropolitan Museumen atzetik. Harribitxi neoklasiko hau 1847an eraiki zen eta 2000. urtean beirazko teilatua duen gorte nagusia gehitu zitzaion. Aretoetan zehar, objektu ugari aurki daitezke: erakusketa garrantzitsuenen artean daude Antzinako Egiptoko lehergailuak, Rosetta harria beheko solairuan, momiak goiko solairuan eta greziar antzinatasunak, Pantenoiko frisoak eta munduko kultura guztietako objektuak barne.

Museoa doakoa da.
Egunero: 10: 00etatik 17: 30era. Ostiraletan, 20: 30ak arte.

Nesken bidaia bere bukaerara heldu zen. Itzuliko naiz, ziur Londres itzuliko naizela.

NON EGIN LO?
Guk Royal National Hotel aukeratu genuen gure egonaldirako. Zergaitik?
Aukera bikaina iruditu zitzaigun giro ekonomikoa eskaintzen duelako eta erreferentzia-puntu garrantzitsuenetatik gertu dagoelako.  


NOLA MUGITU GAITEZKE?
Garraio publikoak nahiko prezio altua du. Guk metroa aukeratu genuen hiritik mugitzeko. Metroak 11 linea ditu eta bere sarea munduko handienetakoa omen da. Zauden tokian zaudela, metro geltokiren bat egongo da inguruan. 
Puntu turistiko ia gehienak, lehen eta bigarren guneetan daude. Txartel sinpleek prezio nahiko altua dutenez, Travelcard txartela erabiltzea gomendatzen dut.
Metro geltokietan, turismo informazio postuetan, National Raileko geltokietan eta zenbait prentsa dendatan eros daiteke.
Egin atzera