4 EGUN ERROMAN

EZINBESTEKOAK SALAMANCAN

Salamanca, Salamanca, mirari berpiztailea, 

Gaztelako nire ikuspegiaren palanka akademikoa.

Miguel de Unamuno

Zentro historiko eder batekin eta ikasle- giro bikainarekin ongi etorria egingo dizu Salamancak. Bere nortasuna funtsean gaztea da eta maizter berrien etengabeko joan-etorriak berrasmatu egiten du hiria. Eraikin gehienetako harriaren kolore gorrixka bereizgarria, buztinezko hareharria da, Villamayorreko harrobietatik antzina-antzinatik ateratzen dena, eta erraz ebaki eta xafla daitekeena. Hori gabe, munduko ondarearen fokuan jarri duten fatxada plateresko zoragarri horiek ezingo ziren zizelkatu.
Lehen begiratuan maitemindu egingo zara!
Duela pare bat urte Salamancan espezialitate bat ikastea erabaki nuen. Horregaitik, urtebetez asteburu batzuetan, klaseetara joan behar izan nuen. Horri esker, Salamanca hiria pixka bat gehiago ezagutzeko aukera izan nuen.
Gaur, Gizateriaren Ondare izendatutako hiri honetan, asteburu batean, bisitatu beharreko ezinbestekoak kontatuko dizkizut.
Goazen!

EZINBESTEKOAK SALAMANCAN.
Lehen esan bezala, asteburu bat ezin hobea da Salamancan ikusi beharreko funtsezko lekuetatik ibilbidea egiteko.
⏩Plaza Nagusia. Plaza polit hau Alberto Churriguerak diseinatu zuen eta Salamancako erdigunetzat jo daiteke. Erdi- puntuko arkuen goikaldean medailoiak daude, pertsonaia historikoen irudiak aurkituko dituzularik. Ba al dakizu zenbat medailoi dauden guztira? 90! 
Protagonismo handiena udaletxearen fatxadak dauka, bere erloju eta kanpaiekin. Gauetan jartzen duten argiztapenari esker, bere edertasuna agerian geratzen da.
Bertan egiten dira kontzertuak, desfileak eta Urtezahar gaueko ospakizun berezi bat, mundu osora aurreratzen dena.
Katedralak. Salamancak bi katedral ditu bata bestearen alboan, zaharra eta berria, bata erromanikoa eta bestea, gotikoa.
   -Katedral berria. Zaharraren alboan katedral gotiko berria eraikitzen hasi ziren 1513. urtean eta 200 urte baino gehiago luzatu ziren lanak. Izatez katedral zaharraren ordezkoa izango zen, baina azkenean biak zutik mantentzea erabaki zen. Katedralak hiriko kanpandorrerik altuena du, 110 metrorekin eta Espainiako bigarren handiena da.
     
                               
Astronautaren eta herensugearen figura bilatu beharko duzu, izozki batekin, katedral berriko Erramu Atearen fatxadan. Fatxada hori txundigarria da, bertan harriz landutako dekorazio elementu ugari ikus daitezkeelarik.
Katedral Berrian sartuz gero, Katedral Zaharrera iristeko aukera izango duzu. 
   -Katedral zaharra. XII. eta XIV. mendeen artean eraiki zen kutsu gotikoa duen estilo erromanikoko eraikin hau. Bere elementurik ezagunena oilarraren dorrea da, goikaldetik ikusten dena.
Barrualdean, ohol ugarirekin osatutako erretaula ikusgarri bat dago.
⏩Salamancako unibertsitateko eraikin historikoa. 1218ko Salamancako unibertsitatea guztiz ezaguna da, mendeetan zehar Espainiako zaharrena izateagatik eta jakintzaren sorleku izateagatik. Unibertsitate honetatik pasatu ziren besteak beste, Unamuno, Luis de Góngora, Calderón de la Barca ...
"Fachada rica" edota plateresko estiloko fatxada benetako artelana da. Animaliak, landare- elemenatuak, izaki mitologikoak, burezurrak... ikus daitezke. Ezin duzu bertatik alde egin burezur baten gainean dagoen igela ikusi arte!! Antza ikasleen erronka omen da azterketak gainditu nahi badituzte.
Ez du axola zenbat aldiz bisitatzen den, beti elementu berriren bat bilatuko duzu eta.
Nik nire lana egin nuen!
⏩Maskorren etxea. XV. mendearen amaieran eraiki zen estilo gotiko, errenazentista eta mudejarra konbinatzen dituen jauregia. Bere fatxadan 300 maskor handi baino gehiago ikus daitezke, sormenaren adibide bikaina. Kondairak dioenez, horietako baten azpian antzinako jabeen bitxiak daude ezkutatua. Barrura sartu daiteke, orain liburutegi publikoa delako. Ez galdu eraikuntzaren barneko patio ederrak ikusteko aukera.
⏩Klereziaren dorreak. Maskorren etxearen aurrean dagoen Salamancako bigarren eraikinik altuenera igo daiteke, begiratokirik onena dela diote. Bertatik katedral berria, unibertsitatea edota plaza ezberdinak ikus ditzazkezu. Egun, Salamancako Pontifize Unibertsitateak (UPSA) okupatzen du eraikina.
              
⏩Klaberoaren dorrea.  1470ean eraiki zen eta Alcantarako ordeneko jauretxe baten parte izan zen. Orain 28 metroko dorre hau geratzen da zutik.
⏩Lis etxea. Art Déco eta Art Nouveau museoa. Honetan kristalak eta altzairuak agintzen dute jauregi modernista bat sortzeko. Eraikinak arreta deitzen du Tormes ibaira begira dagoen hegoaldeko fatxada distiratsuaren ondorioz.
⏩Zubi erromatarra. I. mendean eraiki zen, Zilarrezko Bidearen trazaduraren zati gisa. Salamancan egin beharreko beste gauza onenetako bat da. Gurutzatu aurretik, Lazarillo de Tormesen estatuarekin topo egingo duzu.
⏩Domingotarren eliza eta komentua. XVI. mendekoa. Azkenean, hainbat berreraikuntza izan ditu; hori dela eta, estilo nahasketa handia izan zuen, adibidez, errenazentista eta barrokoa.

Egin atzera