- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan
Lanzarote magia hutsa da
Lanzarote Kanariar Uharteetako sumendien uhartea da, ekialdeko uhartea, Marteko paisaiarekin konparagarria. Tonu beltzek ozeano atlantikoaren urdin kolorearekin bat egiten dute ikusmenerako opari eder bat eskainiz. Klima ezin hobea duen helmuga, etxetik ez oso urrun egun batzuk deskonektatzeko aproposa.
Uhartea baten bakarrik bisitatu arren, ez dut zalantzarik bigarren bat etorriko dela, beti daude ezagutzeko txoko berriak eta.
Espero etorkizunean zerrenda askoz osatuagoa eta zehatzagoa egitea Lanzaroten bisitatu beharreko leku guztiekin. Bidaia hori heltzen den bitartean, hementxe galdu behar ezin dituzun zenbait toki ezinbesteko:
EZINBESTEKOAK LANZAROTEN
Niretzat Lanzarotetik mugitzeko aukerarik egokiena autoa alokatzea da. Horrela, askatasun osoa izango duzu uhartetik mugitzeko. Lanzaroten auto bat alokatzeak merezi du, zalantzarik gabe.
⏩Timanfaya Parke Nazionala. Timanfaya parkearen erdigunean, suzko mendiak izenez ezagunak diren sumendi lokartu eta landarerik gabeko laba paisaia gogorra topatuko duzu, 25 sumendi baino gehiagorekin. Hau 1730 eta 1736 urteen bitartean ingurunea guztiz eraldatu zuten erupzioen ondorioa da.
Parkea babestuta dago eta horrexegatik Sumendien ibilbidea egin beharko duzu, 13km autobusez, benetako paisaia bolkanikoa ikusteko. Parkeko sarrerak 8€ balio du pertsonako eta autoarekin autobus geltokiraino joan zaitezke. Hauek 15 minuturo irteten dira. Geldialdiak egiten ditu, baina ezin zara autobusetik jaitsi, beraz, argazkiak barrutik bakarrik atera daitezke, beraz autobusean eskuinaldean jartzea gomendatzen dizut.
Abiapuntura itzultzean lastoa haitzen artean nola su bihurtzen den ikusiko duzu.
El Diablo jatetxean César Manriquek diseinatutako parrilla ikusi ahal izango duzu. Zer dauka bitxia? Ba lurreko bero hori bera aprobetxatzen duela.
⏩Cueva de los Verdes. Uhartearen iparraldean, haitzulo eta pasabide multzo bat baino gehiago da, La Corona sumendiaren erupzio ezberdinen ondorioz naturalki sortua. Haitzuloa ia 8 kilometrora iristen da (kilometro bakarra ikusgai) eta gidari batekin egin genuen ibilbide osoa 45 minutuz. Berari esker jakin genuen XVI. eta XVII. mendeetan piraten erasoen eta esklabo ehiztarien ezkutaleku gisa balio izan zuela.
⏩Jameos del Agua. César Manriqueren lana da, kobazulo bolkaniko bat, itsasoa eta artistaren lana uztartzen dira. Cueva de los Verdes bezala, Corona sumendiaren erupzioarekin sortu zen leku hau eta kobarekin lotzen duen sumendi-hodiaren jarraipena da, baina ez da amaiera, oraindik beste 1.600 metro jarraitzen du ur azpian, munduko urpeko laba-hodirik luzeena bilakatuz. Eskaileretatik jaitsita Jameora iritsiko zara, non karramarro famatuak dauden, munduan bakarrak.
⏩Papagayo hondartza. Hondartza ederra benetan. Ajatxeko Monumentu Naturala deiturikoan dago, uhartearen hegoaldean, leku idor eta basamortu batean. Autoa uzteko 3€ ordaindu behar da sarreran dagoen postuan.
⏩Los Hervideros. Olatu askoko eguna baldin bada, askoz hobe. Kobazuloen gainetik ibili zaitezke lasai asko, ibilbide bat baitago oinez egiteko.
⏩El Charco. Uretan dagoen sufreak eta algek, ruppia maritime, ematen diote kolore berdea, hondar beltzarekin eta itsasoaren urdinarekin kontrastatuz. Aintzira krater zahar bat da.
⏩Mirador del Río. Uharteko begiratokirik ospetsuena da, itsas mailatik 500 metrora egonik. Hemendik Graciosa uhartearen bista izugarriak lor ditzakezu. Begiraleku eder hau César Manrique artista kanariarrak diseinatu zuen.
⏩César Manrique Fundazioa. Manriqueren lehen etxea izan zenaren eta 20 urtez bizi izan zenaren aurrean egongo zara. Haría herrian dago, uhartearen iparraldean, eta Cesar Manrique bertako artista garrantzitsuaren gurtza, omenaldia eta memoria da.
⏩Puerto del Carmen. Las Playas etorbidean hainbat denda, taberna eta jatetxe aurkituko dituzu, gaueko giroaz gozatzeko toki aproposa.
⏩Janubioko gatzaga. Gatz meategien eraikuntza 1895. urtekoa da eta gatza ateratzen da oraindik. Zati batzuk kolore gorri bizia dute, kolore gorriko krustazeo batzuen ondorioz eta alga nahiz bestelako mikroorganismo mota batzuengatik.
Egin atzera
- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan


